Hasi da Munduko Kopa. Brasilen. Brasilen Munduko Kopa. Lekua edo jabetza. Biak, gaurkoa ikusita. Brasilen dela dudarik ez, eta Brasilena izan daitekeela ere esateko motibo asko. Etxeko taldeari laguntza handiegia eman diolako Japoniako epaileak. Erabakigarria izan da Nishimoriren lana. Kezkagarria. Eta zer pentsatua ematen du. Zoritxarrez.Epaileak okertu egiten dira. Bai horixe. Baina partidaren hasieratik bi taldeak ezberdin epaitzea ez da pertsona baten hutsegite berezkoa. Eta Nishimorik horixe egin du. Bi aldiz idatzi behar epailearen izena. Oscarren aurretik, adibidez; Neymarren gainetik; Modric baino lehen... Tristea hasiera Munduko Kopa honena.
Brasilen indarra sekulakoa da zelaian, eta aurreneko egunetik, aurkariaren jokatzeko estrategia aldarazi du. Kroazia ez da Kroazia izan. Kontraerasora jokatu du, oso atzean defendatuz baloia lapurtu izan duen bakoitzean. Ez du ezaugarri nagusia hori. Baloia edukitzea gustatu ohi zaio, aurkaria berera belaunikatzea. Gaur ez. Gaur Brasilen hankapean antolatu du partida Kovac entrenatzaileak. Beste aukerarik ez zuela? Baliteke. Baina galdu egin du, nortasuna kareletik botaz. Bera erara jokatuta emaitza okerragoa izango al zuen? Kontraerasoa baliatzearen asmoak itxura ona hartu du hasieran, hala ere. Brasil erraz hautsi du, eta hamargarren minutua baino lehen sartu duen golaren aurretik, erraz antzean heldu da etxekoen area inguruetara. Hegalak baliatuz. Marcelo eta Dani Alves asko igotzen dira, eta beraian atzeldean zuloak uzten dituzte. Baliatu ditu Kroaziak, eta gola Alvesen aldetik etorri da. Olicek erdiratu, Jelavicek ukitu arina area barruan, eta Marcelok gola bere atean.
Brasil makal ari zen baloiaren jabe zenean. Erdiko bi atzelariak eta bi euskarriak laguntza behar zuten: goikoen talentua. Baita abiadura ere. Ez fisikoa, ordea; beste hau: abiadura taktikoa, jokoari bizitasuna ematearena. Kroazia konturatzerako igo du erritmoa Brasilek, eta oso erraz hasi da heltzen Pletikosaren ate gainera. Baina ez du asmatu atearen aurrean edota azkeneko pasea ematen.
Emaitza alde batekoa edo bestekoa izatea kontu txikien araberakoa izaten da batzuetan. Kroaziak bigarren gola egiteko aukera alferrik galdu, eta hurrengo jokaldian, Neymarek berdindu egin du emaitza. Area ertzetik ezkerrez jaurti, eta baloia sarera. 29. minutua.Nishimori berriz. Gol horren aurretik. Neymarrek besoarekin astindu dio aurpegia Modrici, nahita. Epaileak... txartel horia. Geroxeago, gola Brasilgo izarrak.
Bigarren zatian, bi taldeak berdintsu. Kroazia lehengora, eta Brasil ere bai. Baina izan da aldaketa bat. Garrantzitsua, gainera. Etxeko taldeak Kroaziari eman dio baloia, kontraerasoa baliatzeko. Txukun moldatu da Kroazia, baina Jelavic aurrelariaren atzeko lerroan onak falta. Rakitic eta Modric euskarrian aritu dira, eta elkarren alboan gehiegitan, Luiz Gustavo eta Paulinhoren (gero Hernanes) lerroa gainditu gabe.
Horrelaxe zegoen partida, parekotasunean, Nishimori azaldu arte. Penaltia adierazi dio Lovreni, Fredek bere burua nabarmen bota badu ere. 71. minutua, eta 2-1. Neymarrek gola. Galtzen joatea inoiz ez da ona, baina mesede egin dio Kroaziari, bere ohiko jokoa egitera behartu duelako. Brasil kontraerasoaren zain, atzean. Sarri samar ibili da Kroazia Julio Cesar atezainaren arearen bueltan: jaurtiketak area kanpotik, erdiraketak... Baina kamuts aukera guztietan. Rebic aurrelariak Jelavicek baino baliabide gehiago eman dizkio taldeari erasoan, gerturatu egin delako Rakitic eta Modricengana. Jaitsi, baloia hartu eta hegaletara ireki, errematea bilatzeko gero.
Brasilek hirugarren kolpea eman dio Kroaziari. 90. minutua pasata zegoenean. Baloia leku txarrean kendu diote Rakitiic, eta Oscarrek bikain bukatu du jokaldia. Baliabide tekniko honekin: oinaren puntarekin astindu du baloia. Pletikosa makal eta berandu. Golak saritu egin du Brasilen gaur onenetakoa izan denaren lana. Bihar beste bat izango da, etzi hirugarren bat... Jokalari bikainak dituelako. Pena eta tristea protagonista beste bat ere izatea.