Betis 3-2 Athletic

Hasiera txarrak kondenatu du Athletic

Zuri-gorriek galdu egin dute Betisen zelaian, ligako 16. jardunaldian. 3-0 galtzen ari zen 20. minuturako, eta bigarren zatiko susperraldiak ez dio balio izan punturen bat ateratzeko. 

jarraia174838.gif
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 8a
18:16
Entzun

Athleticen dohainik handiena defentsako lana ari da izaten denboraldi honetan. Zenbakiek berresten dute zelaian erakusten ari dena. Bada, gaur, horretan egin du huts, Betisek hiru gol sartu dizkiolako lehen 20 minutuetan. Joaquin beteranoa izan da golegilea, eta erabat aldapa gora jarri zaio partida Gaizka Garitanoren taldeari.

Besteren bat sartzeko aukerak ere egin ditu etxeko taldeak, baina ez du asmatu hasieran baino gehiago. Nahikoa izango zuela ematen zuen, nahiz eta Williamsek penaltiz Athleticen lehen gola sartu 44. minutuan. 

Ez zirudien emaitza dantzan egongo zenik, baina bigarren zatian, zuri-gorriek lortu dute emaitza gehiago estutzea. Yurik sartu baitu bigarrena 75. minutuan, baloiari atetik 31 metrora zela astindu latza eman eta gero. Garitanok bigarren zati osorako sistema aldatu du, hiru erdiko atzelari jarri dituelako, eta bi hegal zabal-zabal eginda. Azkenera, Iñigo eta Yerai ere aritu dira hegaletik, eta are erasokorrago bihurtu da taldea. Baina ez da gai izan aukera garbi bat bera ere sortzeko, eta Betisek, aldiz, golen bat gehiago sartzeko bidea aurkitu du kontraerasoen bitartez. Gertu  izan du Joaquinek laugarrena, baina Unai Simonek sekulako geldiketa egin dio partida amaitzear zela. 

Bukatu da, honenbestez, Athleticen bolada bikaina, azken hiru partidetan irabazle bihurtu duena, eta goranzko bidean etena da gaurkoa. Datorren larunbatean, derbia izango du San Mamesen, Eibarren aurka. 

FITXA

Betis 3: Joel Robles; Emerson, Edgar (Javi Garcia, 79. min.),
Bartra, Feddal, Alex Moreno; Lainez (Kaptoum, 73. min.), Guardado,
Canales, Joaquin; eta Loren (Borja Iglesias, 76. min.).

Athletic 2: Unai Simon; Capa (Larra, 82. min.), Yeray, Iñigo
Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Williams, Sancet (San Jose,
68. min.), Cordoba (Unai Nuñez, 46. min.); eta Kodro.

Golak: 1-0: Joaquinek (2. min.). 2-0: Joaquinek (11. min.). 3-0:
Joaquinek (20. min.). 3-1: Williams,ek, penaltiz (44. min.). 3-2: Yurik (75. min.).

Epailea: Pizarro Gomez. Txartel horiak: Betiseko Kaptum eta Guardadori; eta Athleticeko Unai Nuñez, Williams, San Jose eta Unai Lopezi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.