Hasiera zaila du Itxakok

Gyoriren aurka ariko da gaur, etxean, Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako lehenengo jardunaldian

Barbosa, aurreko sasoian, Gyoriren aurkako Txapeldunen Ligako finalerdietako partidan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligari berriz ekiteko ordua ailegatu zaio Itxakori. Europako lehiaketa nagusian ez da partida errazik, baina Ambros Martinen jokalariei aurkari biziki gogorra egokitu zaie bigarren ligaxkako aurreneko jardunaldian. Gyori Hungariako taldearen aurka ariko dira nafarrak gaur. Aurreko sasoian finalerdietan aritu ziren elkarren kontra, eta Lizarrako taldea nagusitu zen. Hori bai, kostata eta ederki sufrituta. Denboraldi honetan ederki sendotu dute taldea hungariarrek, eta are arriskutsuago bilakatu dira. Nafarrek gogor egin beharko dute lan bigarren ligaxka garaipenarekin hasteko.

Europakoa erronka handia dela inork baino hobeki daki Itxakok. Eta egin beharreko lanaren zailtasunez jabetzea urrats garrantzitsua da. Ezin da ahaztu, hala ere, egungo txapeldunordea dela Lizarrako taldea eta merezimendu osoz ailegatu zela aurreko sasoiko finalera. Abenduko Munduko Txapelketa amaitu eta gero, Txapeldunen Ligako bigarren ligaxka prestatzen aritu da Martin jokalariekin. Gaur hasiko den bigarren ligaxkara sasoi betean ailegatzea zen helburua, eta pistan erakutsi beharko dute nafarrek helburua betetzea lortu ote duten.

ABF ligan lasaitasuna eman dio Itxakori asteon Bera Beraren aurkako derbian lortutako garaipenak. Europan ere urrats sendoak egiteko garaia da oraingoa. Gyorirekin batera, Larvik txapelduna (Norvegia) eta Midtjylland (Danimarka) dira nafarren multzo berean. «Oreka da nagusi, ez dago faborito argirik; edozer gauza gerta daiteke», erran du Itxakoko entrenatzaileak.

Irabazteko taldea

Gaurko aurkariari buruz, argi eta garbi mintzatu da Ambros Martin: «Txapeldunen Liga irabazteko egin dute taldea». Gyori lehen mailako aurkaria dela erran nahi du horrek, Martinek azpimarratu duenez, baina, aldi berean, harena dela presioa eta ardura. «Guk gure jokorik onena erakutsi behar dugu pistan; dugun guztia eman behar dugu, hori da gure ardura».

Inoiz baino garrantzitsuagoa izanen da xehetasunei so egitea. Horixe uste du Itxakoko entrenatzaileak. «Xehetasunek erabakiko dute bigarren ligaxkaren amaieran nork eginen duen aurrera. Ziur naiz azken jardunaldian erabakiko dela dena».

Azken jardunaldi horretara aurrera egiteko aukerekin ailegatzea da Itxakoren helburua, noski. Horretarako, etxeko puntuei eustea hagitz garrantzitsua izanen da. Gaur du hori lortzeko lehen aukera. Defentsa sendoa da Itxakoren jokoaren arma nagusia, eta inoiz baino etekin handiagoa atera beharko dio partida bere alde jartzeko. Gyoriri bere erritmoa ezartzen ez uztea izanen da gakoetako bat. Hungariarrek ez diote lana erraztuko Itxakori. Denboraldi honetan Loke eta Lekic ailegatu dira taldera, eta sumatu da orain arte haien parte hartzea. Bertze urrats bat egin du gora taldeak. Gaur Lizarrako pistan izanen dira.

Itxakoko jokalariei dagokienez, denak izanen dira jokatzeko prest. Carmen Martin ez zen aritu Bera Beraren aurkako partidan, baina gaur pistara ateratzeko moduan izanen da. Nerea Pena ere bai. Sasoi betean ez daude oraindik ere bi jokalariok, baina haien parte hartzea garrantzitsua dela argi du Martinek. Txapeldunen Ligari berriz ekiteko gogoz dira jokalari guztiak. Gyori mendean hartzea izanen da haien lehendabiziko zeregina.

TXAPELDUNEN LIGA

Itxako. Navarro, Milenkovic, Barno, Egozkue, Sopronyi, Pinedo, Aguilar, Tervel, Agirre, Alonso, Zebic, Martin, Pena, Fernandez, Fachinello eta Barbosa.

Gyori. Haraldsen, Toth, Radicevic, Loke, Verten, Gorbicz, Kovacsics, Palinger, Amorim, Orban, Honyak, Gros eta Lekic.

Epaileak. Stark eta Stefan.

Lehiaketa. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako lehen jardunaldia.

Tokia. Lizarrerria kiroldegia.

Ordua. 19:00etan (Canal 6).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.