Hasierako gidoitik atera gabe

Ilusioa gailentzen ari da Realzaleen artean, baina jokalariek zuhurtziari eusten dioteDani Estrada: «Orain arte ondo ibili gara hurrengo partidari soilik begiratuta, eta ez dut uste aldatu beharra dagoenik»

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Sarritan leporatzen zaie futbolariei topikoez beteriko hizkera erabiltzea, eta behin eta berriz klixe berberetan erortzea. Eta aldi berean, baten bat topiko horiek gainditu eta beste era batera hitz egitera ausartzen denean, egurtu egiten dute. Hori dela-eta, oharkabean igaro nahi izaten dute jokalari gehienek. Ez da harritzekoa. Une honetan, Europako Ligarako azken sailkatuarekin berdinduta dago Reala sailkapenean. Askorentzat, gorago begiratzeko unea iritsi da. Kazetariek etengabe galdetzen diete jokalariei ez ote den helburuz aldatu eta handinahiaz jokatzeko garaia. Protagonisten ahotan entzun nahi dute haiek uste dutena, baina alferrik. Eurenari eusten diote jokalariek. Ez dira gidoitik ateratzen. Eta ondo egiten dute.

Realari ezertan ez dio mesede egiten mailari eustea eskas gelditu dela eta Europan pentsatzen hasi beharra dagoela esateak; futbolean pentsatzeak edo helburuz aldatzeak ez baitu ezertarako balio. Asteroko lanak baldintzatzen ditu partidak, eta partida horiek eman eta kentzen dute gero dena. Realari ez zaio komeni bere gain dagokiona baino presio handiagoa hartzea. Apaltasunarena da klubari historikoki ondoen egokitu zaion moldea. Horrek ez du esan nahi, noski, liga amaitzeko gelditzen diren partida guztiak irabazteari uko egingo dionik. Baina gauzak bere neurrian baloratu behar dira, eta mailari estutasun handirik gabe eustea bera sekulako lorpena izango litzateke. Gozatzeko momentuak dira Realarentzat. Gosea galdu gabe, baina patxadaz.

Horretan dihardute jokalariek. «Denboraldi hasieran esan izan baligute hemen egongo ginela, denok sinatuko genukeen. Horrela jarraitu beharra dago», esan zuen atzo Dani Estradak. Orainari begiratzen diotela azpimarratu zuen: «Partidaz partida joan behar dugu, orain arte bezala. Badakigu zer egin behar dugun aurrena, eta gero, gerokoak».

Zuhurtziaz mintzatu zen une oro zarauztarra. «34 puntu dauzkagu eta lehen helburua maila ziurtatzea da. Argi dago baldintza onetan gaudela hori lortzeko, baina matematikoki lortzen dugunean bakarrik hasiko gara beste gauza batzuez hitz egiten. Ondo gaude eta bolada ona aprobetxatu behar dugu».

Martin Lasartek lasaitasuna eskatu zuen Mallorcaren aurkako partidaren aurretik zein ondoren, eta argi dago jokalariek ondo barneratuta dutela mezua. «Hamalau jardunaldi gelditzen dira oraindik. Orain arte ondo ibili gara hurrengo partidari soilik begiratuta, eta ez dut uste aldatu beharra dagoenik», azaldu zuen zarauztarrak. Behin bakarrik irten zen «Europa» hitza bere ezpainetatik: «Polita da jendeak ilusioa edukitzea eta Europa jomugan edukitzea, baina gu lasai gaude».

Atea hutsean uzteak duen garrantzia ere aipatu zuen. «Atzean sendo egotea garrantzitsua da, goian dugun jendearekin ia beti sartzen baitugu gola. Azken bi jardunaldietan ikusi da. Defenditzea denon ardura da, ez bakarrik atzekoena, eta denak aritu ginen serio eta ondo jarrita Mallorcaren aurka. Intentsitate horrekin, errazago iritsiko dira garaipenak». Larunbatean aukera ona izango dute sailkapenean Espanyol harrapatzeko. «Oso partida garrantzitsua da guretzat. Etxean sendo agertzeak balio handia du, baina kanpoko partidek berdin balio dute».

Zurutuza, egunerokoari begira

Estrada baino baikorxeago agertu zen atzo David Zurutuza, baina ildo beretik hitz egin zuen. «Oraindik ez diogu eutsi mailari, baina egia da gauzak oso gaizki egin beharko genituzkeela ez lortzeko. Hala ere, guk ez dugu Europan edo jaitsieran pentsatzen. Egunerokoa eta hurrengo partida dugu buruan». Espanyol Realaren antzeko taldea dela adierazi zuen: «Harrobiko jokalari asko dauzkate, baina ez daude unerik onenean. Lau partida daramatzate irabazi gabe. Espero dezagun larunbatean ez suspertzea». Tamudo eta Llorenteren garrantzia aitortu zuen erdilariak: «Bi fitxaketarik onenak dira. Aukerak oso ondo aprobetxatzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.