Xabier Alonso

"Hasieran lehertuta bukatzen nituen lasterketak"

Ehun kilometroko Munduko Txapelketan parte hartuko du Alonsok, azaroan. Mugak gainditzen aditua da, eta denbora hobetzeko helburuarekin joango da Murtziara (Espainia).

Ultrafondista da Xabier Alonso. AIZPEA AMAS
2016ko irailaren 23a
13:11
Entzun

Behin baino gehiagotan entzun behar izan du Xabier Alonso ultrafondistak ea erotuta dagoen. Ehun kilometro, 24 ordu, eta egun eta erdiko probak ere korritu ditu Errenterian jaiotako irundarrak. Duela zortzi urte sartu zen mundu horretan. “Bizikletan ibiltzen nintzen, eta egun batean, Zegama-Aizkorri lasterketaren iragarki bat ikusi nuen. Mendia gustatzen zitzaidanez, animatu nintzen. Gero, BATen [Bidasoa Atletiko Taldea] federatu nintzen”. Oraindik ere hor jarraitzen du, etxean dagoelako eta taldeak egiten duen lana atsegin duelako.

Korrika hasi eta laster, menditik asfalto gainerako jauzia eman zuen. Bigarrenak erakarri zuen, eta hobekiago moldatzen zela ikusi zuen: “Maratoiak egin nituen hasieran, eta gero lehen lasterketa handia ehun kilometrokoa izan zen. Gainera, lehena, irabazi egin nuen, 2012an, Calellan [Herrialde Katalanak]. Mendian gorabeherak dituzu, paisaia aldatzen doa… baina asfaltoan, oso erritmo egonkorra eraman behar da. Ez da gauza bera asfaltoa edo mendiko lurra. Asfaltoan beti modu berean zapaltzen duzu, eta mingarria da”.

Alonsori, ordea, erronkak gustatzen zaizkio, eta mugak gainditzea. “Bakoitzaren filosofiaren araberakoa da hori, baina niri noraino irits naitekeen bilatzea gustatzen zait. Denek esaten didate erotuta nagoela, baina beste batzuek esaten didate oraindik gaztea naizela, eta helduago naizenean oraindik eta erokeria gehiago egingo ditudala”. Batzuetan, ordea, pentsatzen du ez duela berriro egingo. “Adibidez, lehenengo larunbatean [24 orduko proba bat egin zuen hilaren 17an], lehertuta nengoen; psikologikoki oso nekatuta bukatzen duzu. Hala eta guztiz ere, gero pasatzen zaizu eta erronka berriak bilatzen dituzu”.

Egun osoa korrika

Ehun kilometroko proben ondoren etorri dira 24 ordukoak, eta baita luzeagoak ere. Esate baterako, Spartathlon lasterketan parte hartu du ultrafondistak —Atenas eta Esparta artean egiten da, 246 kilometro—. Ezohiko lasterketa dela esan du: “Zuriz joan behar zara; han dagoen iturri sakratu batetik ematen dizute edateko. Bukaeran, Leonidasen estatua musukatu behar duzu eta erramu koroa bat jartzen dizute. Denentzat sari bera dago, ez da lehiakorra edo elitista. Oso polita da”.

Milan-San Remo proba ere oso ezaguna da txirrindularitzan, baina korrika ere egiten da, eta Alonsok probatu du aurten. 285 kilometroko proba da —40 orduan egin zuen irundarrak—: “Ez da hain konpetitiboa. Gainera, jende bera topatzen duzu, ez daudelako horrenbeste lasterketa, eta denek laguntzen diogu elkarri”.

Alonsoren hurrengo helburua ehun kilometroko Munduko Txapelketa izango da. Murtzian (Espainia) jokatuko dute, azaroaren 27an. Lehenengo aldia izango da ultrafondistarentzat: “Harrigarria izan da Munduko Txapelketan parte hartzeko deitu izana. Espainiako Txapelketan bigarren geratu nintzen, eta Espainiako Selekzioak aukeratu nau munduko txapelketarako. Pozgarria da niretzat”.

Marka hobetzeko helburuarekin aterako da korritzera: “7 ordu eta 38 minutuko marka dut ehun kilometrotan, eta hogei minutu jaitsi nahiko nituzke, 7.20ra”. Aurretik egindako txapelketei begiratuta, denbora horrekin lehen 25 postuetan geratzeko aukera izango luke. Oraindik ibilbidea zehaztu gabe dagoen arren, baldintzak egokiak dira Alonsorentzat: “Zirkuitua nahiko laua izango da, eta gainera, azaroan korrituko da, eta garai horretan bero asko egiten ez duenez, hobeto niretzat”.

Orain lasterketa horretarako prestatzen ari da, baina azaldu du ez dela ari “modu berezian” prestatzen: “Ez da zertan gehiago entrenatu behar; agian hobeto bai, baina gehiago ez. Gorputzak memoria du, eta badaki zer entrenatu duen. Ahalik eta saio onenak egiten saiatuko naiz, eta ateratzen dena aterako da”.

Proba luzeen entrenamendua ez da atletismoko gainontzeko alorren bera izaten: “Nik ezin ditut ehun kilometro egin entrenatzeko”. Entrenatzaile batek asteko entrenamenduak zehazten dizkio, eta berak bere ordutegira moldatzen du. Gainera, nahiko autodidakta da, eta helburuaren arabera prestatzen du entrenamendua.

Edonola ere, horrelako lasterketatarako erresistentzia eta burua dira gakoak. Erresistentzia lasterketaz lasterketa lortzen dela uste du Alonsok: “Ehun kilometroko lasterketak egiten hasi nintzenean lehertuta bukatzen nuen, asko kostatzen zitzaidan, baita lehen aldiz Spartathloia egin nuenean ere, baina pixkanaka gorputza ohitu egiten da”. Izan ere, ultrafondoan aritzeko, urteak mesedegarri dira. “Zenbat eta urte gehiago eduki, abiadura galdu arren, erresistentzia lortzen duzu. Nik 36 urte ditut, eta gaztea naiz, adin egokiena 45 urte inguru baita. Beraz, hobetzeko tartea badut”.

Alderdi psikologikoa oso garrantzitsua dela nabarmendu du: “Burua oso argi eduki behar duzu, eta oso kontzentratuta egon. Entrenamenduetatik burua eta gorputza akituta dituzula joaten bazara lasterketara, behera zatoz”. Munduko Txapelketa eta gero, atseden hartzeko asmoa du, baina ez denbora askorako: “Korrikan aritzea gustatzen zait, eta azkenean, egun batzuk badaramatzazu korri egin gabe, gorputzak eskatu egiten dizu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.