Hasierari eskerrak

Lehen hamar minutuetan bi gol sartu eta nahiko eroso eutsi dio aldeari Athleticek, Racingen golak apur bat estutu arren29 punturekin amaitu du itzulia Caparrosen taldeak, behin behinean Europako postuetan

Iker Muniain korrika Racingi sartutako gola ospatzen, atzo, San Mamesen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Abantaila izaten da hasieran gauzak ongi egitea, eta ahal bada gerorako lanik ez uztea. Hartara, beste modu bateko patxada sentitzen da. Bada, Athleticek ederki egin zion kasu teoria horri atzo San Mamesen, eta nahiko eroso irabazi zion Racingi, amaieran larrialdiren bat igaro arren. Lehenengo hamar minutuetan bi gol sartuta eta defentsako lerroan sendotasuna erakutsita, ez zuen aparteko arazorik izan. Hasierako jokoak eta golek balio izan zuten, beraz, gerorako. Etxekoen golak Javi Martinezen eta Muniainen eskutik heldu ziren, eta bisitariena, berriz, Ivan Boladok egin zuen.

Egia da partidak zailtasun bat baino gehiago izango zuela aurreikusten zela, eta engainagarria izan zitekeela, baina Racingek ere ez zuen beste munduko ezer erakutsi. Athleticek lan ona egin zuen, bai, baina aurkariak ere ez zuen behartu, eta ongi baliatu zuen aukera etxeko taldeak. Joaquin Caparros Athleticeko entrenatzailearen helburua, beraz, beteta geratu zen. Hiru puntuak kosta ahala kosta nahi zituen Utrerakoak, eta lortu zituen. 29 punturekin amaitu du Athleticek lehen itzulia, iaz baino bat gutxiagorekin. Hori bai, behin behinean Europan aritzeko baimena ematen duen postuetan.

Golak 7. eta 10. minutuetan izan zirela aintzat hartuta, badirudi Athletic jaun eta jabe izan zela neurketaren hastapenean. Baina ez zen guztiz hala izan. Racingek oso goian egin zuen presioa, eta buruhauste bat baino gehiago sortu zion zuri-gorrien atzeko lerroari. Zelaian ongi kokatuta zegoen, baina berriz ere estrategian, erabat asmatu zuten bizkaitarrek. Malagan egin bezala, Javi Martinezek sareetara bidali zuen baloia buruz David Lopezen erdiraketa bikain batean. Golak min egin zion kanpoko taldeari.

Hori baliatuta, beste baten bila jo zuen Athleticek, eta azkar asko lortu zuen. Hiru minutu geroago, zelai erdian baloia lapurtu, Toquerok erdiratu, eta maisutasun handiz zulatu zuen Toñoren atea Muniainek. Jokalari onenak sinatzeko moduko gola izan zen nafarrak denboraldi honetan sarturiko lehena, ez baitzen batere erraza baloia zetorkion abiaduran jo eta asmatzea. Bi taldeek zutoinarekin ere egin zuten topo, Kennedyren eta David Lopezen jaurtiketa banatan.

Llorente, min hartuta

Athleticen bi golez gain, lehen zatiak ez zuen bestelako misteriorik izan, eta bigarrenak ere ildo beretik jo zuen. Llorente aldageletan geratu zen min hartuta atsedenaldian (lesioa du lepauztaian), eta Igor Martinez zelairatu zen bere tokian. Zuri-gorriek freskotasuna galdu zuten aurrekaldean, eta markagailuari eusten saiatu ziren. Nabarmentzekoa Javi Martinezek eta Toquerok eginiko lana, aurrean zein atzean ez baitziren aspertu baloiak lapurtzeaz. Llorentek bezala, Ociok ere min hartuta utzi behar izan zuen zelaia.

Ustaritzek ordezkatu zuen, eta ongi aritu zen San Mamesen debuta egin zuen Ekizarekin batera. Hala ere, estrategia jokaldi batean aurre hartu zien Ivan Boladok, eta Racingen gola egin zuen 74. minutuan. Oraindik hamabost minutu geratzen ziren amaierara iristeko, eta Athleticek asko sufritu beharko zuela ematen zuen. Baina ez, Racingek ez zuen hainbeste estutu, eta nahiko garaipen erosoa eskuratu zuten Caparrosenek.

Hiru puntu garrantzitsu geratu ziren etxean, Europara sartzeko aukerekin jarraitzeko. Garbi dago, etxeko partidei esker dagoela Athletic dagoen tokian. Izan ere, jokatutako hamar neurketetatik zazpi irabazi ditu bertan. Hau da, 29 puntutatik 21 San Mamesen atera ditu. Beraz, hurrengo neurketa ere etxean duela baliatu beharra dauka, eta Herculesen kontra irabazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.