Hasteko, gogorrena

Gudmeren kontra ekinen dio Portlandek Txapeldunen Ligari gaur, ustez multzoko aurkaririk zailenaren aurka

edurne elizondo
2007ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Denboraldia hasi baino ez da egin, baina lana pilatzen hasi zaio jada Portland San Antoniori. Asobal Liga martxan da, eta, gaur, Europan ekinen diote lehiaketari nafarrek. GOG Gudme Danimarkako taldearen aurka ariko dira etxean, Txapeldunen Ligako ligaxkako lehen partidan.

D taldean jokatzea egokitu zaio Portlandi. Gudmerekin batera, Eslovakiako Tatran Presov eta Austriako A1 Bregenz izanen ditu aurkari. Ustez, Danimarkakoa izanen da mendean hartzeko talderik zailena.

Azaroan amaituko da ligaxka. Multzo bakoitzeko bi talde sailkatuko dira hurrengo kanporaketarako, eta, ezustekorik ezean, Portland eta Gudme izanen dira bi talde horiek. Kirolaren esparruan, hala ere, ezustekoak ezin dira inoiz bazter utzi.

Denboraldi hasieran, Javier Cabanasen Portlandek erakusteko asko du oraindik. Egoera berrira egokitzeko bidean da oraindik taldea, eta Gudmeren aurkako partidan izanen du urrats bat aurrera egiteko aukera. Gudmerentzat gauzak ez dira oso ezberdinak: jende berria jokalarien artean eta eserlekuan. Portlandek eta Gudmek 2003-2004ko denboraldiko Europako Errekopan jokatu zuten elkarren kontra, final-hamaseirenetan. Iruindarrak nagusitu ziren, baina kostata: bi goleko aldea lortu zuten Danimarkan (26-28), eta beste bi goleko aldea Iruñean (26-24). Azkenean, Portlandek irabazi zuen txapela.

Oraingo Portland ez da ordukoa, eta Gudme ere ez. Iruñean bezala, denbora behar dute danimarkarrek erritmo berrira egokitzeko. Benetako erritmoa, dena den, txapelketak zehazten du, eta txapelketak dio Txapeldunen Liga gaur hasiko dela. Beraz, pistan lanean hasteko ordua da bi taldeentzat.

Europan bide bat egiten hasteko ordua da, halaber, Portlandeko entrenatzaile Javier Cabanasentzat. Jokalari gisa bai, baina inoiz ez da Europako txapelketa nagusian aritu talde baten aulkitik. Ez dio beldurrik esperientzia berriari, eta gauzak argi ditu gaurko partidari begira: «Gogor defendatu beharko dugu Gudmeren aurka, kontraerasoan min egin ahal izateko».



ZAURIAK SENDATU.Asobal Ligako bigarren jardunaldian 31-30 galdu zuen Portlandek. Valladoliden joko azkarrak min handia egin zion Iruñeko taldeari. Zauria hor dagoela onartu du Cabanasek, baina aurrera egin beste erremediorik ez duela gaineratu du.

Zauriak sendatzeko, garaipenak baino hoberik ez da, eta, horregatik, partida ona jokatu, eta emaitza ona lortu nahi du Portlandeko entrenatzaileak: «Aurrera begiratu behar dugu, eta zauriak Gudme mendean hartuz sendatu. Garaipen sendoa bada, askoz hobe».

Valladoliden bezala, joko azkar eta ezeroso bati egin beharko dio aurre Portlandek. Ez da lan erraza izanen. Gudmeko ezker alboko Mikkel Hansenen kalitatea nabarmendu du Cabanasek aurkarien artean. Baina ez du beldurrik: «Abiadura da haien arma nagusia, baina Gudme ez da Valladolid bezain azkarra; defentsa nahiko laua dute, bestalde, eta kanpoko jaurtiketetan ez dute arrisku handirik eragiten». Gudmek ez du ondo hasi Danimarkako Liga, zortzigarren baita lehen hiru partidak jokatuta: bat irabazi du, beste bat berdindu eta beste bat galdu.

Danimarkarren artean, zalantzan dago Hansenek jokatzerik izanen ote duen. Portlandekoen artean, berriz, Andorinho izanen da partida harmailatik ikusiko duen bakarra. Carvajal aritzeko moduan izanen da, ziurrenik. Bestela, Adrian Crowley gaztea sartuko du Cabanasek deialdian.

Entrenatzaileak berretsi du aurkariaren kontraerasoa ezerezean uztea izanen dela nafarren lan nagusia, eta, horrekin batera, defentsa sendoa: «Kontraerasoa gure esku egoteko». Europan ongi hasi nahi du bere bidea Cabanasek, eta, aldi berean, Valladoliden kontrako porrota atzean uzteko balioko dion garaipena eskuratu. Gudmeri irabaztea da hori lortzeko bidea.



«Gogor defendatu beharko dugu Gudmeren aurka, kontraerasoan min eginahal izateko»

«Defentsa nahiko lauadute, eta kanpoko jaurtiketetan ez dute arrisku handirik eragiten»

javier cabanas
portland san antonioko entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.