Baikoko pilotaria

Unai Laso: «Hau badakit: egunen batean aterako da barruan dudan jokoa»

Binakakoan itzuli zen Unai Laso, urte erdiz min hartuta egon ostean. Ordutik «gora» egin duela dio, baina baita oraindik «asko» duela hobetzeko ere. Bakaikoari nagusitasunez irabazi ostean, Altuna III.a du zain, igandean, Bilbon. «Oso gogotsu» dago.

Unai Laso. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Unai Laso. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Asko eta ozen entzun zen «Unai Laso, ale! Unai Laso, ale!» oihu ezaguna Labriten, duela bi aste, Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa) Joanes Bakaikoari 22-9 irabazi zion buruz burukoaren final-zortzirenetako partidan. «Seinale ona da», dio Lasok, baita «berezia» izan zela ia urtebeteren ostean berriro buruz buru aritzea ere; non, eta etxean. «Gertuko asko joan ziren: senitarteko asko, herriko eta Iruñeko kuadrillakoak... Asko animatzen naute beti; izugarri eskertzen diet». 

Ia urtebeteren ostean ari zara berriro buruz burukoan. Berezia izan da itzulera?

Hil ala biziko partida izan arren, ilusio handiz heldu nion Joanesen aurkako partidari. Urte txarra pasatu dut, eta opari gisa hartu dut berriro txapelketa garrantzitsuenean aritzea. Hasieratik sumatu zen gogo handia nuela jokatzeko.

Hil ala biziko partida, ia urtebete buruz buru aritu gabe eta, tartean, sei hilabetez min hartuta. Hori kontuan hartuta, beldurra zenion lehen neurketari?

Beldurra ez, baina errespetua bai; beti izan behar da. Buruz indartsu eta ondo entrenatuta joan behar zara frontoira. Hasieratik ikusi zen Joanes aurkari oso gogorra zela. Tanto borrokatu asko egon ziren, baina inoiz ez nuen etsi, eta asko nire aldekoak izan ziren; hori oso garrantzitsua izan zen. Nekatu egin nintzen, tentsioagatik, baina gustura aritu nintzen.

Kanpotik ikusita, oso ondo aritu zinen. Zuk nola ikusi zenuen zeure burua?

Ongi. Badakit asko dudala hobetzeko, eta oraindik ez dudala eman barruan dudan guztia. Horrek motibatzen nau; horretarako entrenatzen naiz egunero.

Aspaldian jokatu duzun partidarik onena izan da?

Binakakoan ere partida onak egin nituen, baina binakakoa eta buruz burukoa oso modalitate ezberdinak dira. Ondo aritu nintzen Joanesen aurka, baina ez zen partida osoa izan; hark ezin izan zuen atera bere jokoa, eta ez ninduen asko behartu. Orain, ligaxkan, aurkari gogorrak izango ditut, eta partidak ezberdinak izango dira.  

Zertan aritu zinen ondoen?

Pilota gozatzen. Hankaz hobeto aritu nintzen, baita defentsan, ezkerrarekin oinetara jokatzen eta errestoan ere. Buruz ere ondo aritu nintzen, ausart eta zalantza egin gabe. Aldiz, sakearekin aritu nintzen okerren; askotan ez nuen ondo sakatu. Baina, guztia kontuan hartuta, ondo aritu nintzen.

«Eskuinarekin gozatzen hobetu dut gehien. Aldiz, oraindik nahi baino mantsoago mugitzen naiz kantxan».

Zertan hobetu duzu gehien?

Eskuinarekin gozatzen. Binakakoan ez nintzen gai izan nire jokoa egiteko: ez nuen gozatu eskuinarekin, eta, nik gozatzen dudanean egiten diot min handia aurkariari. Gero eta hobeto ari naiz, batez ere, gero eta min gutxiago baitut entrenamenduetan eta partidetan. Lan asko dut egiteko, baina nabarit dut gero eta hobeto ari naizela.

Zertan duzu gehien hobetzeko?

Frontoian mugitzen; nahi baino mantsoago mugitzen naiz. Osatuta nago, baina oraindik astero joaten naiz fisioterapeutarengana. Ez da urtebete pasatu ebakuntza egin zidatenetik, eta oraindik mugikortasun pixka bat falta zait. Hala ere, ez diot horri buelta askorik ematen. Partidetan beti saiatzen naiz barruan dudan guztia ematen.

«Laso bueltan da», diote pilotazaleek. Zer pentsatzen duzu hori entzuten duzunean?

Ez diot kasurik egiten. Nirean dut arreta osoa; badakit oraindik ez dudala atera barruan dudan joko guztia.

Nola zaude lehengo Lasorengandik: oso urrun, urrun, gertu ala oso gertu?

Ez dakit. Gertu egon edo ez, jokatu egin behar dut, eta nirea eman. Hau badakit: egunen batean aterako da barruan dudan jokoa. Partida onak jokatu ditut itzuli nintzenetik, baina oraindik asko dut hobetzeko.

Gero eta hobeto ari zarela diozu. Horrek mesede egiten dio buruari?

Bai, noski. Aldakan jada ez dut lehengo mina; horrek axola dit: egunerokoan minik ez izateak.

Binakakoan Aitor Aranguren eta zu ez zineten sailkatu kanporaketarako. Txarrenari onena aterata, denbora izan duzu buruz burukoa ondo prestatzeko?

Bai, izan dut, agerikoa da. Baina, aldakaren egoera dela eta, ez naiz gogor entrenatu beste pilotari baten aurka. Teknika landu dut gehien, sakea eta halakoak, baina ezer gutxi gehiago ez. Hala ere, ongi prestatuta nago. Ez dago aitzakiarik.

Binakakoan aritu zinen lehen aldiz lesioa osatu berritan. Nola moldatu zinen?

Lehen txapelketa izan zen lesiotik bueltan. Ez nuen hartu entrenamendu baten gisan, txapelketa baitzen, baina pixkanaka-pixkanaka sasoia, erritmoa eta jokoa berreskuratzeko aprobetxatu nuen.

Binakakoan egindakoa bigarren mailan geratu da kontuan hartuta nondik zentozen?

Niretzat dena zen oparia. Izugarria zen ibili ezinik egon ondoren, berriro Lehen Mailako txapelketa bat jokatzea, eta, gutxienez, borrokatzea. Irabazi ala galdu, unean uneko kontuak dira, partidako detaileak. Dena izan zen ona: berriro jokatzea, eta bete-betean ez bada ere, borrokatzea.

Lehen esan duzu aurkari gogorrak izango dituzula ligaxkan. Gogorrenaren kontra ariko zara hasteko: Jokin Altunaren aurka. Zer sentitzen duzu?

Gogo izugarria dut haren aurka jokatzeko. Jokin oso ondo prestatuta egongo da: duela bi aste jokatu zuen binakakoaren finala, eta denbora izan du buruz burukoa prestatzeko; asko entrenatu da. Baina ni ongi nago, nire lana ondo egin dut, eta horrek konfiantza ematen dit. Ea nola doan partida.

«Jokini irabazteko bete-betean jokatu behar dut, baina seguru nago bete-betean joka dezakedala».

Zer itxura hartzen diozu?

Oso gogorra; halakoak dira Jokinen aurkako guztiak. Irabazi nahi badiot, bete-betean jokatu behar dut. Sasoiko atera behar naiz.

Bete-betean jokatu dezakezu?

Bai, seguru nago bete-betean joka dezakedala. Horretarako entrenatu naiz.

Non egongo da gakoa?

Bete-betean aritu behar naiz, adi-adi, eta ausart; ondo sakatu behar dut.

Bilbon ariko zarete. Han irabazi zenion 2022an, finalerdietan, eta gero, txapeldun izan zinen. Orduko oroitzapenak etortzen zaizkizu burura orain?

Bai, baina iaz Bilbon jokatu genuen elkarren aurka ligaxkan, eta irabazi egin zidan [22-9]. Partida guztiak ezberdinak dira, baita bakoitzaren sasoiak ere.

Zer helburu duzu buruz burukoan?

Minik ez hartzea, eta partidaz partida joatea. Gozatu egin nahi dut, partida guztietan gogor borrokatu eta irabaztera joan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.