Vila-realek Osasunak baino emaitza kaskarragoak lortu ditu denboraldi-aurre honetan, eta Manuel Pellegriniren mutilak kezkatuta daude udan erakutsi gol gabeziaren ondotik. Hargatik, denboraldi-aurreak ez du zerikusirik lehiaketa ofizialarekin: iragan denboraldia bigarren postuan amaitu zuen Vila-realek, eta argi dago Txapeldunen Liga jokatuko duen aurkaria ez dela batere aurkari samurra izango.
Osasunarentzat, ordea, Vila-realentzat baino garrantzitsuagoa izango litzateke irabaztea. Alde batetik, etxean jokatuko duen taldea delako Osasuna, baina iragan sasoiko estutasunak eta larritasunak oraindik erabat ahaztuta ez daudelako ere bai, bestetik. Ligako azken unea arte sufritu zuten osasunazaleek, eta aurten halakorik ez errepikatzea espero dute orain. Zigandarekin haserre amaitu zuten 2007-08 denboraldia zale askok -zuzendaritzak ere hausnarketa sakona egin zuen Larraintzarkoari kontratua luzatu aurretik-, eta iragan sasoiko sentsazio txarrei jarraipenik ematerik ez dago: Vila-real mendean hartu eta mamuak uxatzea da gakoa. Gainera, ezin da ahaztu hurrengo asteburuko atsedenaldiaren ondotik bi partida jarraian etxetik at jokatuko dituztela gorritxoek. Marka da Ligako lehen jardunaldian ere emaitzaren presioa nabaritzea entrenatzaileak, baina Zigandak berak ere onartu du aste honetan hasieratik dena eman beharra dutela, denbora sobera ez duelako.
Ziganda: «Gogotsu gaude»
Gaur ez da ezer erabakiko, puntu mordoa geratuko da oraindik jokoan gaurko partida amaitu eta gero ere, baina beti hobea izaten da sentsazio onekin hastea. Eta azken txapelketako bigarren sailkatua mendean hartzea ez da bide txarra horretarako. «Partida hau behar bezala prestatzeko denbora izan dugu, ez dugu ezusteko txarrik izan denboraldi-aurre osoan, eta lehiatzen hasteko irrikaz gaude. Gogotsu gaude, orain hasiko da gauza ona, eta ona izateaz gain denoi axola diguna ere orain hasiko da, puntuak daude jada jokoan, eta sailkapena orain hasiko da zehazten. Taldeak lehiatu egin nahi du, eta ondo hastea nahi dugu gainera. Hiru puntuak lortzen ahalegintzeko prest gaude. Ligako lehen partidetan normala izan ohi da begirune handia izatea aurkarien artean, iragan sasoian Bilbon ere nabaritu zitzaigun hori, baina oraingoan partidaren bila zelairatu behar dugu hasieratik», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.
Asteartea bitartean beste mugimenduren bat izatea ezin da baztertu, baina une honetan badirudi Osasunak zazpi jokalari berrirekin ekingo diola Ligari: Roberto, Roversio, Tiago, Vadocz, Masoud, Sunny eta Ezquerro. Hasierako hamaikakoari dagokionez, ordea, fitxaketa berrietako hiruk besterik ez dute hasiko Liga titularren artean. Atzo ateak itxita egin zuten entrenamendua gorritxoek Nafarroako Erresuman, baina ostiralean argi ikusi ziren Zigandaren asmoak Taxoaren, eta Roversio, Masoud eta Ezquerro izango dira udan fitxatu jokalarietatik hamaikakoan izango diren bakarrak. Tiago min hartuta da, Vadocz deialditik at utzi zuen Zigandak eta Robertok eta Sunnyk ordezkoen aulkian hasiko dute norgehiagoka.
Vila-realek, bestalde, falta garrantzitsuak izango ditu aurrealdean. Nihat turkiarra, Pires frantziarra eta Rossi italiarra min hartuta daude, eta hiru izar horiek gabe hasi beharko du denboraldia Manuel Pellegriniren taldeak. Denboraldi-aurrean golak egiteko zailtasun asko izan dituzte, baina Ibagaza, Matias Fernandez, Guille Franco, Altidore eta Joseba Llorente ez dira hanka-motzak. Aurrelari hondarribiarrak gaur du debut ofiziala Herrialde Katalanetako klubarekin.
Lehen jardunaldia
LEHEN MAILAAtzo Emaitza
Espanyol-Valladolid -
Valentzia-Mallorca -
Gaur Ordua TB
Athletic-Almeria 19:00 O. I
At. Madril-Malaga 19:00 O. I
Betis-Recreativo 19:00 O. I
Sporting-Getafe 19:00 O. I
Racing-Sevilla 19:00 O. I
Numantzia-Bartzelona 19:00 O. I
Osasuna-Vila-real 19:00 O. I
Deportivo-R. Madril 21:00 C+E
BIGARREN MAILA
Atzo Emaitza
Reala-Las Palmas 1-0
Levante-Zaragoza 2-1
Rayo-Murtzia 1-0
Celta-Girona 0-1
Alakant-Xerez -
Tenerife-Gimnastic -
Gaur Ordua TB
Salamanca-Alaves 12:00 C+E
Huesca-Castello 18:30
Kordoba-Hercules 19:00
Albacete-Sevilla B 19:00
Elx-Eibar 19:30