Iraupena. 48 minutu.
Pilotakadak. 229.
Sakez. Berasaluze VIII.ak, bi, eta Olaizola II.ak, bost.
Markagailua. 1-0, 1-2, 2-2, 2-8, 7-8. 7-9, 10-9, 10-12, 13-12, 13-13, 14-13 eta 14-22.
Bestelakoak. Bilboko Bizkaia pilotalekuaren hiru laurdenak beteta; 1.000 lagun inguru.
2011ko lau t'erdiko txapelketak orain arte eman duen partidarik onena jokatu zuten atzo Pablo Berasaluzek eta Aimar Olaizolak, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Denetik izan zuen norgehiagokak: kalitatea, emozioa, polemika... Eta azkenean goizuetarra nagusitu zen, emaitzak erakusten duena baino gehiago kostata. Faborito garbia zen, baina bizkaitarrak oso zail ipini zizkion gauzak. Egun inspiratua izan zuen, eta mota guztietako tantoak lortu zituen aurrean. Ikuskizuna eman zuen, eta Olaizola II.ak ez zuen bere mailarik onena eman partida hasieran. Non egon zen, beraz, garaipenaren gakoa?
Arrazoia aurkitzea erraza da. Goizuetarra beti egoten da fisikoki ongi prestatuta, baina are gehiago kaiolako txapelketan. Ez zuen nahi bezain eroso jokatu, aspaldiko joko zehatza egin ezinik aritu zen, baina hortzak estutu eta sufrituz hogeita bira iristea lortu zuen. Partida oso orekatua izan zen, lehen zatian bereziki. Berasaluze VIII.ak bikain baliatu zuen sake-errematea, eta tanto sorta ederra egin zuen modu horretan. Olaizola II.ak, berriz, ez zuen tanto ikusgarririk egin, baina lanean jarraituz ez zion ihes egiten utzi aurkariari.
Berrizko aurrelaria birritan ipini zen aurretik (10-9 eta 13.12), eta bazirudien ezustekoa eman zezakeela. Pilotalekuko animo guztiak, gainera, berarentzat ziren, eta hazi egin zen. 15-14ko tantoak, ordea, jota utzi zuen. Gutxitan ikusten den tiki-taka izan zuten bi pilotariek. Gogorra bezain ederra. Batera eta bestera ibili behar izan zuten lasterka, eta azkenean Olaizola II.ak lortu zuen tantoa. Berasaluze VIII.a aldageletara joan zen hauspoari buelta eman nahian, baina hortik aurrera ez zen berdina izan. Itota zegoen. Olaizola II.ak, ordea, berean jarraitu zuen, eta zuzenean ihes egin zuen 22ra. Hauspoari esker sailkatu zen final-laurdenetara. Gonzalezen kontra ariko da final-laurdenetan.
Xala-Saralegi gaur, Eibarren
Xala eta Saralegi nor baino gehiago ariko dira gaur Eibarren, final-zortzirenetako azken kanporaketan (17:00, ETB1). Lekuineko pilotaria irtengo da faborito, baina amezketarra sasoi betean dago. Joan den astean erremate erakustaldia eman zuen Idoateren aurka. Irabazlea Titin III.aren aurka ariko da datorren astean, zehazteke dagoen pilotalekuan.
Berasaluze VIII.a 14. Olaizola II.a 22
Hauspoaren garrantzia
Olaizola II.a osoago heldu da azken txanpara, eta Gonzalez izango du aurkari final-laurdenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu