Futbola

Haustura Superligan

Manchester Cityk txapelketa sortu berria utzi du, eta Chelseak filtratu du gauza bera egingo duela. Beste hainbat klubek ere zalantzak azaldu dituzte. Gauerdian bilera telematikoa egingo dute.

Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 20a
21:45
Entzun

Bueltan etorri zaio Superligari Europako futbola zartatzeko aukera, hasi baino lehen bertan behera geratzeko zantzuak baitaude. Ingalaterran sortu zaizkio arrakalak. Iluntzean, Chelseak filtratu egin du informazioa batzen ari dela lehiaketa eratu berria uzteko, eta gerora, Manchester Cityk ofizial egin du lehiaketa sortu berria uztera doala. Superligako taldeak bilera telematikoa egitekoak dira gauerdian, zer egin erabakitzeko.

Jarrera aldaketa horren atzean daude, batetik, talde horietako zaleek eta Ingalaterrako beste klubetakoek egindako protestak, eta Erresuma Batuko Gobernuaren presioak, bestetik. Zaleen protesten eraginez, Chelsea-Brighton City partida atzeratu egin behar izan dute. 1000 zale inguru batu dira Stamford Bridge estadioan, eta Peter Cech atezain ohi eta kirol zuzendariak irten egin behar izan du giroa baretzera. Kanpoko taldearen entrenatzaileak ere babestu egin ditu zaleak: «Gure ahotsak entzun egin dituzte. Superliga betiko futbolaren aurkako erasoa da, eta nire aitortza egiten diet zaleei ahotsa altxatzeagatik», adierazi du Graham Potterrek. Jordan Henderson Liverpooleko kapitainak ere kontra egin du, sare sozialetan, jokalariak lehiaketa berriaren aurka daudela iragarriz: «Guk ez dugu hau nahi [Superliga], eta hauxe da taldekideon jarrera. Klubarekin eta zaleekin dugun konpromisoa erabatekoa da».

Bartzelonatik ere bezperako mezua aldatu egin da. Izan ere, klubak jakinarazi du bazkideek onartu beharko dutela kluba Superligan sartu edo ez. Zuzendaritzak larunbatean sinatu zuen eratze agiria, baina klausula bat ere ipini du, zeinaren bitartez bazkideen esku uzten duen azkeneko erabakia. Juventusen ere zalantzak hasita daude. Zenbait iturriren arabera, Andrea Agnelli presidenteak dimisioa eman du, eta beste horrenbeste zabaldu da Manchester Unitedeko presidentearen kasuan ere: Ed Woodwardek kargua utzi du. Superligako presidente Florentino Perezek adierazi du lasai dagoela hainbat kluben jarrera aldaketarekin: «Ez naute kezkatzen batzuek lehiaketa uztea», adierazi zuen L’Equipe Frantziako kirol egunkarian.

Superligako sustatzaileek igandean eman zuten lehiaketa berria eratutzat, eta honela arrazoitu zuten erabakia: «Erantzun bat da Europako egungo futbolak bizi duen ezegonkortasun ekonomikoaren aurrean, pandemia dela eta. Urteetan izan da lehiaketa berriaren sortzaileen asmoa Europako lehiaketen kalitatea eta intentsitatea hobetzea, eta, bereziki, txapelketa bat sortzea, klub eta jokalari onenek aukera gehiago izan dezaten elkarren aurka jokatzeko». Superliga egiten bada, ez liokete uko egingo beren herrialdeetako ligei. Baldin eta UEFAk uzten badie.

Egitasmo berriak bete-betean jo du Europako futbol federazioak bere gain hartzen dituen erakundearen aurka, eta haren erantzuna oso gogorra izan da. Igandean bertan kaleratu zuen oharra UEFAk: «Superliga ez da solidarioa, zinikoa baizik. Talde horiek ezingo dute beste lehiaketetan parte hartu, ez herrialdeetakoetan, ez Europakoetan, ez eta mundukoetan ere, eta baliteke jokalariek selekzioekin jokatzeko aukera galtzea». Alexander Ceferin presidenteak atzo hitz egin zuen: «Europako lehiaketetan jokatzeko aukerak kirol merituen araberakoa izan behar du, orain arte bezala. Talde guztiek jokatu behar dute denen kontra». Gogor jo zuen Superligakoen aurka: «Aberatsak dira, eta, hala ere, diru gehiago nahi dute».

Auzi honen oinarrian dirua dago, eta eztabaida eragin duen beste gai bati ere egin zion aipamena: «UEFAk irabazten duen dirua Europa osoan banatzen dugu. Diru sarreren %90 futbolera itzultzen da». Superligakoen iritziz, ordea, orain banatzen dena baino diru gehiago banatuko dute haiek lehiaketa berriarekin: «Gure asmoa da diru gehiago ateratzea futbolaren piramide osoaren mesedetan, kalitatezko partiden bitartez, eta, ondorioz, diru baliabide gehiago izango da futbolean, oro har». Bide horretatik jo zuen atzo Florentino Perez Real Madrileko presidenteak eta Superligako buruak: «Futbolari lagundu nahi diogu». Balizko laguntza hori banatzeko, dirua sortu behar lehendabizi, eta, sortu baino gehiago, eman egingo die lehiaketa berriko sortzaileei JP Morgan AEBetako banketxeak: bakoitzari 3.500 milioi euro, azpiegiturak hobetzeko eta pandemiak eragindako zuloei aurre egiteko.

Eta emakumezkoen futbola? Horretaz ere bazioen zerbait Superligaren igandeko oharrak, hitz edo asmo onekin: «Emakumeen futbolak aurrera egitea nahi dugu, garatzen jarrai dezala, eta gure asmoa da lehiaketa hori ere ahalik eta lasterren abiatzea».

Liga berriaren sorrerak erreakzio andana eragin zuen, eta ez aldekoak, gehienen kasuan. UEFArekin bat eginez, FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak kontra egin du. Europako herrialdeetako hainbat federaziok ere beste horrenbeste egin dute, baita zenbait jokalarik ere: besteak beste, Ander Herrerak. PSGn ari da, eta Athleticeko jokalari ohia da: «Futbol herrikoiaz maitemindu nintzen, nire bihotzeko taldea handienen aurka lehiatzen ikustearen ametsarekin. Superligak aurrera egiten badu, amets horiek amaituko dira. Txapeldunen Liga hobetu batean sinesten dut, baina ez nago ados aberatsek jendeak sortutakoa lapurtu nahi izatearekin», idatzi zuen sare sozialetan. Euskal Herriko Lehen Mailako klubek, Alavesek, Athleticek, Eibarrek, Osasunak eta Realak ere kontrako iritzia eman zuten. Sir Alex Fergusonek ere bai: «Aberdeeneko entrenatzaile gisa Errekopa irabaztea Everest eskalatzea bezalakoa izan zen. Superliga da Europako futbolaren 70 urteko alditik banatzea».

Txapeldunen Liga berria

UEFAk Txapeldunen Ligaren formatu berria aurkeztu zuen herenegun. 2024an hasiko da, eta 36 taldek jokatuko dute (orain 32 dira). Talde bakoitzak hamar partida jokatuko ditu beste hainbaten aurka, eta aurreneko zortziak final-zortzirenetarako sailkatuko dira. Bederatzigarren eta 24. postuen artean geratzen direnek kanporaketak jokatuko dituzte, joan-etorrikoak, final-zortzirenetako beste lekuen bila. 225 partida lirateke; egun, 125 dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.