Aspalditik zen jakina aurtengo buruz burukoak iraultza jasango zuela, eta atzo eman zituzten xehetasunak, BBK-k Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan. Urtero bezala, hainbat buruz buruko txapeldun ohi gonbidatu zituzten aurkezpenera, baina lan gutxi izan zuten. Aurreko aldietan zozketako bolatxoak eurek ateratzen zituzten, baina atzo ez zen zoketarik egon, dena aurretik erabakita, antolatuta eta lotuta baitzegoen.
Txapelketan pilotari gutxiagok parte hartuko dute, hogei ziren lehen, eta zortzi orain -lau edo bost txapeldun ohi egongo dira-, eta lehen fasea ligaxka bidez garatuko da. Zazpi erabakita daude jada, eta zortzigarrena Aritz Beginok eta Patxi Ruizek larunbatean Labriten jokatuko duten atarikoan jakingo da. Asegarcetik jakinarazi zutenez, Ruben Beloki jokatzeko moduan egon balitz beste atariko bat jokatuko zen, Asier Olaizolaren aurkakoa. Pilotarien hautaketa enpresek egin dute, baita multzoen diseinua ere. Iazko bi finalistak, Irujo eta Olaizola II.a, bananduta daude. Hurrengo urtera begira, sistema errepikatuko balitz, bi finalistak bakarrik sailkatuko lirateke heldu den urteko txapelketarako. Beste sei partaiden aukeraketa enpresen esku geldituko litzateke, beraz, ez da igoerak eta jaitsierak erabakitzeko kanporaketarik egongo.
Lehen fasea ligaxkako jardunaldien artean bi aste igaroko dira. Asteburu bakoitzean multzo bateko partidak jokatuko dira bakarrik, eta lehen bi sailkatuak igaroko dira finalerdietara. Berdinketa kasu guztiak berdinduta dauden pilotarien arteko partiden emaitzen arabera argituko dira, eta ligaxkako lehen partidan parte-hartzaile batek min hartu eta jarraitzerik izango ez balu, enpresak beste bat sartzeko eskubidea izango luke. Asegarceko pilotari bati gertatuko balitzaio, litekeena da atariko partidako galtzailea sartzea. Txapelketa eredua, era berean, aurrekoa baino luzeagoa da, bi aste barru hasi eta ekainaren 20ra arte iraungo baitu. Txapeldun izan nahi duen pilotariak bost partida jokatu beharko ditu gutxienez. Sistema zaharrarekin zerrendaburuek hiru irabazi behar izaten zituzten. Finala non jokatuko den erabakitzeke dago.
Bultzada bat
Azalpenetarako eguna zen atzo, eta Iñigo Salbidea Asegarceko gerenteak eman zituen lehenbizi. «Teoriak denari eusten dio, baina praktikan enpresa kudeaketa irizpideak eta bezeroen eskaerak kontuan izan ditugu, interes gutxiko partidak saihestuz». Salbideak azaldu zuenez, manomanista «txapelketa garrantzitsuena izanda ere» ez zuen ikusminik sortzen«erdi hutsik zeuden pilotalekuetan barrena». Enpresentzat buruz burukoak interesa galdu du, lau t'erdikoa eta binakakoaren aurrean, eta «bultzada bat» eman nahi izan diote.
Salbidearen iritziz, eredu berriak ez die atea ixten kanpoan gelditzen diren pilotariei. «Ez da tapoi bat, enpresek urteko errendimenduaren arabera aukeratu ahal izango dituztelako partaideak», eta 2. Mailako txapeldunak «gutxienez» atariko bat jokatzeko eskubidea izango duela zehaztu zuen. EPELek ez zuen ziurtatu, baina asmoa hurrengo urteetan sistema berberari eustea da, eta, Iñaxio Erandonea Aspeko zuzendari komertzialak argitu zuenez, aurrerantzean demokratizatu egin ahal izango dute. «Aurten ez dugu atarikoak eta antolatzeko denborarik izan, baina heldu den urtean litekeena da pilotari gehiagori aukera ematea».
Gakoak
JARRAITUKO DUTENAKFinalistak bakarrik. Finalean ariko diren bi pilotariek bakarrik daukate ziurtatuta heldu den urterako sailkatzea.
TXAPELKETA LUZEA
Bi hilabete lehian. Parte-hartzaileak apiriletik ekainera lehiatuko dira. Bost partida jokatu behar dira txapeldun izateko.
LESIOAK
Ordezkoen aukera. Pilotari batek ligaxkako lehen partidan min hartzen badu, kanpoan dagoen batek ordezka dezake.
DENA ERABAKITA
Zozketarik ez. Enpresek aukeratu dituzte parte-hartzaileak, eta multzoak ere nahierara osatu dituzte.
Parte-hartzaileen erreakzioak
«Txapelketa hau amaiezina da. Nik aurrekoa nahiago nuen, puruagoa zen»Juan Martinez de Irujo
Buruz buruko txapelduna
«Sistema gogorragoa da pilotarientzat, baina hemen enpresak dioena egin behar da, eta kito»
Aimar Olaizola
Buruz buruko txapeldunordea
«Min txikia dut, baina normal ari naiz entrenatzen, eta arazorik gabe jokatuko dut»
Asier Olaizola
Asegarceko pilotaria
«Gorputzak nola erantzuten duen ikusi beharko da. Astia faltako zait ondo prestatzeko»
Sebastian Gonzalez
Aspeko pilotaria
«Gustatzen zait txapelketa, eta ez dut uste prestaketa asko aldatu behar denik»
Oinatz Bengoetxea
Asegarceko pilotaria
«Ondo nago, ilusioz, baina ez dut nahi nukeen bezain ondo prestatzerik izango»
Abel Barriola
Aspeko pilotaria
«Eskertzen dut hiru aste izatea oraindik, ez baitut izan deus ere prestatzeko betarik»
Yves Salaberri ‘Xala’
Aspeko pilotaria
«Luzea da, baina polita,eta sailkatuz gero ez dago lehen egunean joateko arriskurik»
Aritz Begino
Asegarceko pilotaria
«Oso ondo nago, minik gabe. Garai bateko entrenamenduak egiten ari naiz, besoa askatzen»
Patxi Ruiz
Asegarceko pilotaria