Hautsak harrotu gabe

Oso gaizki jokatu zuen Realak herenegun Deportivoren aurka, baina hotzean aztertu behar dira emaitza eta taldearen gabeziakEgia da Reala makal dabilela etxetik kanpo, baina talde gehienek dute gabezia hori

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Realak denboraldiko partidarik eskasenetakoa jokatu zuen herenegun Riazorren. Hori ezin da ezkutatu. Deportivok lesioak tarteko zituen hutsuneak, eta erasoan dauzkan zailtasunak kontuan hartuta, gutxienez puntu bat batzeko aukera aproposa zen askorentzat. Baina taldeak ez zuen aprobetxatu. Lehen zati negargarria egin zuen, Aranzubiaren areara batere gerturatu gabe, eta erraztasunak eman zizkion aurkariari bi goletan. Buelta ematen saiatu zen gero, baina gaitasuna falta izan zitzaion, eta Deportivok eroso antzean eutsi zion markagailuari. Lehen itzulian Levante, Osasuna eta Mallorcaren aurka jasandako porroten antza izan zuen, jokoaren alor guztietan.

Emaitza arrunt mingarria bada ere —emandako itxuragatik batik bat—, hotzean aztertu behar da. Egia da Reala etxetik kanpo makal dabilela denboraldi guztian zehar, eta baita azken boladan ere. Azken lau partidak galdu egin ditu jarraian, eta batez beste hiru gol sartu dizkiote. Baina Ligako talde guztiek dute antzeko arazoa, lehen hiru sailkatuak alde batera utzita. Gainerako hamazazpi taldeek hamabost puntu edo gutxiago dauzkate etxetik kanpo: Vila-real (15), Sevilla eta Atletico Madril (14), Espanyol eta Getafe (13), Malaga (12), Athletic, Mallorca eta Almeria (11), Reala, Deportivo eta Racing (10)… Ez dago, beraz, alde aipagarririk. Osasuna da, bost punturekin, txarrena bere zelaitik urrun.

Sailkapenak ere egoera ulertzen laguntzen du. Lehen lau sailkatuak, Txapeldunen Liga jokatzen dutenak, urruti dira jada, baina bosgarren postutik behera oreka da nagusi. Une honetan Sevilla da zazpigarren sailkatua, 38 punturekin. Horrek esan nahi du Europako Ligarako txartelaren eta jaitsiera postuen artean hamabi puntuko tartea baino ez dagoela. Lau partida. Talde asko dago hor sartuta, eta edonork irabaz diezaioke edonori. Entrenatzaileak eta jokalariek makina bat aldiz esan dute %100 eman ezean, halamoduzko taldea dela Reala. Deportivoren aurka begi-bistakoak izan ziren ondorioak.

Lau jokalari min hartuta

Lesioen eragina ere ezin da ahaztu. Taldeari Llorente, Tamudo, Aranburu eta Elustondo falta zitzaizkion Riazorren; hau da, bi aurrelaririk onenak, eta gehien jokatu duten bigarren eta hirugarren euskarriak. Horrek ez du balio partidan egindako lan txarra zuritzeko, baina normala da, Realaren aurrekontuarekin, txarrerako eragina izatea. Hasierako hamaikako txukun askoa zelaira dezake, jokalari guztiak edo gehienak jokatzeko moduan daudenean. Baina ordezkoek, zelai erditik gorakoek, batik bat, ez dute lortu titularren mailara iristea. Kontuan hartu behar da Agirretxe, Ifran, Sarpong eta Sutil hasi berriak direla Espainiako Ligako Lehen Mailan.

Bestalde, Prietok, Griezmannek eta Zurutuzak osatutako hiruko lerroarekiko mendekotasun handia du Realak. Sasoirik onenean ez daudenean asko nabaritzen du, eta hirurek bukatu zuten minduta Espanyolen aurkako partida. Zurutuza ia azken unera arte izan zen zalantza, eta Prieto eta Griezmann ia desagertuta egon dira azken bi jardunaldietan. Galera handia da hori, golak sartzeko eta goleko paseak emateko duten garrantzia aintzat hartuta. Halaber, normala da denboraldian zehar gorabeherak edukitzea, eta, horien artean, Mikel Gonzalez eta Rivas adibidez, ez daude joko boladarik onenean. Euskarriaren kasuan, ezin da baztertu bere etorkizunaren aferak eragina eduki izana.

Aurkariek ere zerikusia izaten dute emaitzetan, eta argi dago Realari geroz eta gehiago hartu diotela neurria. Igoberria izatea eta oharkabean igarotzea abantaila zen neurri batean, baina dagoeneko sekretu gutxi ditu taldeak. Talde handien aurka aritu da Reala Anoetan, Real Madril, Atletico Madril, Valentzia eta Sevillaren aurka, esaterako. Baina erasoan egin duen partidarik txarrena Levanteren aurkakoa izan zen, hau da, ustez askoz apalagoa den talde baten aurkakoa.

Izan ere, Luis Garciak oso ondo ezagutzen du Reala, eta ezin hobeto prestatu zuen norgehiagoka. Beste horrenbeste gertatu da Miguel Angel Lotinarekin. Kate motzean lotu zuen Deportivok Reala. Horregatik, harrigarria da atzo hainbat hedabidek taldeari egindako kritika zitala, baina halakoak gertatzen dira ilusio faltsuak saltzen direnean. Duela hiru jardunaldi Europara begiratzeko garaia zela erabaki zuen hainbatek. Ez zuen zentzurik talde igo berri bati askoz ere aurrekontu handiagoa duten aurkariekin nor baino nor aritzeko eskatzeak, eta zegokiona baino presio handiagoa jartzeak.

Lasaitasuna ez al da pizgarri?

Europa hiru puntura dagoenean, Reala «kirol pizgarririk gabe» gelditzeko zorian dagoela kaleratu dute egunkari batzuek martxoan. Baina ez al da pizgarri nahikoa Bigarren Mailatik bueltan mailari erosotasunez eustea eta lasaitasunaz gozatzea? Zuritik beltzera pasatzeko batzuek duten joera betierekoak inongo mesederik ez dio egiten klubari. Martin Lasarte entrenatzaileak behin baino gehiagotan ohartarazi du eztabaida antzuetan sartzea ez duela merezi. Coruñan galdu ondoren oso haserre azaldu zen, esanez Reala ez dagoela gora begiratzeko moduan. Haatik, dirudiena baino gizon hotzagoa da uruguaitarra. Baliteke ondo pentsatutako mezua izatea, helburu bikoitza izan dezakeena: helburuaren inguruko eztabaida behingoz baztertzea, eta jokalariak zirikatzea, amorrazioa eta anbizioa atera dezaten.

Alberto Iturraldek ere, bigarren entrenatzaileak, esaldi adierazgarria bota zuen: «Bi aurrerapauso eman nahi izan ditugu, aurrenekoa eman gabe. Ez dakit nahastu egin garen, edo besterik gabe gure gabeziak frogatu ditugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.