Athleticek ligara zabaldu gura du Espainiako Kopan lorturiko poza. Zuri-gorriek gertu dituzte Europako postuak, baina asko ari zaie kostatzen sei onenen artean sartzea. Lan ona egitetik oso ona egitera dagoen pausoa ematea ez baita erraza. Ligaren lehen erdia betetzear egoteak ematen du azterketak egiteko aukera. Estatistikei gainbegiratu bat emanez gero, bi ondorio nagusi atera daitezke: Bata da aurkariei asko ari zaiela kostatzen Athletici irabaztea. Lau porrot pilatu ditu Bielsaren taldeak denboraldia hasi zenetik. Beste ondorioa, ordea, ez da horren positiboa. Athletici berari garaipenak lortzea ere asko ari baitzaio kostatzen. Bost neurketa irabazi ditu orain arte jokatutako hamazazpi jardunaldietan. Garaipenak hiru puntu balio duenetik ez da marka ona sailkapenaren goiko aldean egon gura duen talde batentzat.
Puntuak hirunaka-hirunaka pilatzeko premia dauka Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeak. Eta norberak irabazten dituenak txapelketa amaieran aurkari zuzen bat izan daitekeenak eskuratu ez ditzan balio badute, orduan eta gehiago baloratuko da lortutakoa. Baina ez da samurra izango helburua lortzea. Levante egiten ari den lana txalogarria baita. Guztira 30 puntu eskuratu ditu orain arte. Horri eskerrak, Txapeldunen Ligara pasatzeko postuetan dago Jose Ignacio Martinezen taldea. Ezinezkoa zirudiena lortzen ari da: joan den sasoian egindako lan ona hobetzea.
Arrakastaren giltza gehienetan porrota ekartzen duen apustuarekin lortu du Levantek. Ustez onenak emanda dauden jokalari beteranoek osatzen baitute taldearen bizkarrezurra —batez beste 32 urte ditu Levantek—. Atean, Munuak jokatzen du; atzealdean, Ballesteros da nagusi, baina inguruan eskarmentua duten futbolari asko ditu: Nano, Juanfran, Javi Venta Del Horno —min hartuta dago— eta enparauak aritzen dira. Zelai erdian, gorengo mailan sekula erakutsi ez duen jokoa ari da egiten Barkero. Erdilari gipuzkoarra sasoi borobila ari da egiten. Aukeran berandu hasi da nabarmentzen. Eta inguruan ari direnak ere ez dira atzean geratzen: Valdo, Juanlu —hura ere min hartuta dago— eta Ruben Suarez bikain ari dira.
Aurrean, Konek hartu du Caicedok utzitako lekua. Errusiarako bidea hartzea erabaki zuen aurrelariaren itzala luzea izango zela zirudien, baina jokatzeko era ezberdina badu ere, oso ondo ari da betetzen golegilearen rola. Guztira sei gol sartu ditu orain arte. «Futbolzaleek ez diote merezi duen garrantzia eman Levante egiten ari denari: Ligan laugarren sailkatua da, Kopako final-laurdenak jokatu ditu… hori ez die inork oparitu. Guk ere aurkaria dagoen goiko postura ailegatu gura dugu, eta, hori lortzeko, mendean hartu behar dugu Levante», adierazi zuen atzo Mikel San Josek.
Nafarra bera edo Amorebieta zelairatu da Bielsak duen zalantza bakarra. Iurretako ezkerra sasoi bikaina egiten ari da. Barruan daraman guztia ari da erakusten, baina Getafen orkatila bihurritu zuen, eta ezin izan zuen Kopan jokatu. Sasoi betean ez badago, San Josek jarraituko du hamaikakoan. Gainerakoak ohikoak izango dira. Ostegunean lan bikaina egin zuten zelai erdiko jokalariek, eta gaur berdin aritzea da helburua. Golak egitearen ardura Llorenterena izango da.
Hazita dator Levante
Athletic aurkari zuzen bat menderatzen saiatuko da gaur, Europako postuetara gerturatu ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu