Hazteko partida bat

Athleticek Espainiako Kopako finalerdietako itzulerako partida jokatuko du gaur Bartzelonaren zelaian. Zuri-gorriek 0-3 galdu zuten joanekoan, baina emaitzari begiratu gabe heldu nahi diote norgehiagokari.

(ID_13678881) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-03-07, Bilbo. Emakumezkoen futbolaren kopako partida Athletic eta Bartzelona artean San Mam...
Athleticeko eta Bartzelonako jokalariak, lehian, joaneko partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko martxoaren 14a
05:05
Entzun

Futbolean logikak agintzen du askotan. Baina, beste batzuetan, ezusteak eta balentriak izaten dira. Horrek ematen dio xarma. Gaurkoan horretan saiatuko da Athletic, Espainiako Kopako finalerdietako itzulerakoan (18:30, ETB1). Duela astebete, irudi txukuna eman arren, zuri-gorriek 0-3 galdu zuten San Mamesen, ia menderaezina den Bartzelonaren aurka. Aitana Bommatik bi gol sartu zituen, eta Salma Paralluelok, bat. Hala, maldan gora dute kanporaketa. Horren jakitun da David Aznar teknikaria: «Ez zait gustatzen ezinezkoa dela esatea, futbolean gauza asko gerta daitezkeelako. Baina argi dago oso zaila dela kanporaketa gainditzea». Hala, emaitzatik harago, beste helburu batzuk jarri dituzte gaurko norgehiagokari begira. «Beste aukera baten moduan ikusten dugu, sentipen hobeak izateko, ondo egin genituen gauzei segida emateko eta baloiarekin hobeto eta erosoago aritzeko. Izan ere, hori falta izan zitzaigun joanekoan. Ez diogu emaitzari begiratu behar».

Beste talde gehienek bezala, Athleticek jasan du Bartzelonak azken urteetan erakutsi duen nagusitasuna. Datuak argigarriak dira: 11. aldiz jarraian nagusitu zaio Kataluniako taldea Euskal Herrikoari; 11 partida horietan 38 gol sartu dizkio Bartzelonak Athletici. Zuri-gorriek, berriz, bakarra sartu diote, eta duela bost urte izan zen. Baina David Aznarrek zuzentzen duen taldea lehiakor izaten ari da sasoi honetan, eta erakusten ari da gai dela edozein talderekin buruz buru lehiatzeko, eta ez duela azken unera arte amore ematen. Ligan eta kopan erakutsi du. Gainera, talde ausarta izaten ari da, baloia izatea gustuko duena. Igandean Levanteren zelaian jokatu zuen partida da horren adibide. Hori erakusten saiatuko da gaur, eta denboraldi osoan izaten ari den hazkundearekin jarraitzen: «Bartzelona munduko talderik onena da, eta haien aurka jokatzen dugun partida bakoitza hobetzeko eta hazten jarraitzeko aukera paregabea da, azken batean haiek markatzen dutelako elitea. Helburua da haien aurka jokatzen dugun neurketa bakoitzean hobeto lehiatzea, eta haien joko mailatik gertuago egotea. Harro nago asteburuero taldea gero eta lehiakorrago ari dela ikusteaz, eta ziur nago berriz ere hala izango dela».  Hori kontuan hartuta, Aznarrek honela heldu nahi dio neurketari: «Talde gaztea dugu, eta anbizioz eta ausart aritu behar dugu. Onenak izango ditugu aurrean, eta horrek izan behar du gure motibazio nagusia».

Astebetean hirugarren partida izan arren, taldea ondo ikusten du fisikoki. «Igandean Levanteren aurka oso itxura ona eman genuen. Ahalegina handia izan zen, baina taldeak ondo berreskuratu ditu indarrak. Lezaman horretarako baliabide eta profesional onenak ditugu. Gainera, onenen aurka lehiatu nahi badugu, astero bi partida jokatzera ohitzen hasi behar dugu». Mentalki ere taldea ondo dago. «Gogotsu daude joanekoan horren ondo egin ez zituzten gauzak hobetzeko: haien zelaian gehiago jokatu, gol aukera gehiago sortu...».  Ez da lantegi erraza izango, joaneko partidaren antzeko neurketa bat espero baitu. «Ziur nago Bartzelonak bere hamaikakorik onena zelairatuko duela, eta partidari onena egiten ahaleginduko dela bere zaleen aurrean. Gainera, kopako finalerdi bat da. Gu horrek eskatzen duenaren mailako partida bat egiten ahaleginduko gara». Taldeak gaur bertan bidaiatuko du, eta orduan jakingo da deialdia. Baina, igandean taldeak Valentziaren aurka beste lehia bat duela kontuan hartuta, litekeena da Aznarrek ohikoen eta minutu gutxiago jokatzen dutenen arteko nahasketa bat egitea. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.