Gola: 0-1: Ander Herrerak (37. min.) Epailea: Stanislas Todorov. Txartel horia Salzburgoko Jantscher, Maierhofer, Leitgeb eta Sekagyari; eta Athleticeko Ander, Iturraspe, Toquero, De Marcos eta Javi Martinezi. Bestelakoak: 12.000 ikusle inguru Red Bull Arena estadioan.
Red Bullek hegan egiteko aukera ematen duela dio iragarki ezagun batek. Eta Athleticek hegan egin gura du. Europa ezagutzen jarraitu nahi du. Eta, horretarako, ez dauka Red Bull beharrik. Egunero egindako lana da talde zuri-gorriari aspaldian aurrean izan dituen aurkari gehienen gainetik aritzeko aukera eman diona. Dagoeneko bederatzi dira galdu barik daramatzan partidak. Azken egun hauetan Euskal Herria zeharkatzen ari diren usoen antzera mugitzea da asmoa. Azkar eta ondo. Baina neurketa oso bat jokatzea falta zaio oraindik Athletici. Erasoan arriskua sortzea eta azken metroetan asmatzen duenean zuloak izaten ditu defentsako lanean. Eta atea ondo zaintzeko gai izan den neurketetan ez da fin aritu aurrean.
Atzo Austrian jokatutakoa ere ez zen norgehiagoka aparta izan. Txar-txarra ere ez. Athletic serio eta langilea ikusi zen. Ez zen beharbada asko arriskatzeko neurketa aproposa. Ez zen gehiegizko alaitasunez aritzeko partida. Asko zegoen jokoan. Ez galtzea zen helburua nagusia. Salzburgorekin zuen hiru puntuko abantaila mantentzea. Eta horrek zuhurtziaz jokatzea eskatzen zuen. Dena dela, Athleticek ez zion uko egin aurrera egiteari. Marcelo Bielsaren taldea ohiko ausardiaz eta garaipen gosez zelairatu zen. Argentinarrak aldaketa bakarra egin zuen hamaikakoan. Eskuin izterrean izandako lesio batetik osatu berritan dago Javi Martinez, eta hark hartu zuen Ekizaren lekua. Baloiari irteera egokia emateaz gain, Maierhofer aurrelari erraldoia zaintzea zen Aiegikoaren betebehar nagusia. Bi lanak bete zituen ondo.
Bizi eta erritmo handiarekin berdeguneratu ziren talde biak. Salzburgok bazekien hiru puntuak behar zituela amets egiten jarraitzeko. Athleticek, berriz, gustura jokatzen du joan-etorri askoko partidetan. Dinamika horretan Llorentek izan zuen lehen aukera. Aurrelariari gol bakarra falta zaio Athleticek Europako lehiaketetan duen goleatzailerik onena izateko. Hamar gol dauzka sartuta. Bat gehiago dauka Daniel Ruiz Bazan Dani-k. Lan ona egin arren, ez zuen helburua bete.
Ordu laurdena betetzear zegoela egin zuen jaurtiketa ondo desbideratu zuen Gustafsson atezainak. Errioxarrak izan zuen aukera on bakarra izan zen. Hortik aurrera etxeko taldea nabarmendu zen gehiago. Jokoan nagusitasun handirik erakutsi barik aukera onak sortzeko gai izan zen. Schiemerrek areaz kanpotik egindako jaurtiketa izan zen denetan argiena. Sventok ere izan zuen beste abagune on bat. Baina bi erremateetan Iraizoz agertu zen. Atzokoan txiki utzi zuen atea. Meritu handiko geldiketak egiteaz gain, segurtasun handia eman zion taldeari. Iker Muniainekin batera nafarra izan zen onena. Eta ez da lehen aldia. Azken neurketetan puntu asko eman dizkio Athletici.
Muniain, taldeko liderra
Iraizozek ondo zaindu zuen atea. Eta gainerakoa Munianek egin zuen. Hemezortzi urterekin talde zuri-gorriko erreferentzia nagusietako bat da. Baloia oinetan duenean patxada eta arnasa ematen dio taldeari. Eta areara gerturatzean edozer gauza asmatzeko gai da. Goleko jokaldian gertatu zen legez. Jokaldia eskuin hegalean hasi zen. Kontraeraso garbi bat ezerezean geratu zen Susaetak azken pasea oker eman zuelako.
Hala ere, jokaldia jarraitu egin zuen Munianek. Ezker hegalera arte baloiaren bila joan, eta erdirako bidea hartu zuen. Bide hori egiten ari zen bitartean atzetik agertu zen Herrera aurkariaren atzeko lerroa gainditzeko. Area barruan baloia hartu, atezaina non zegoen ikusi, eta jaurtiketa gurutzatu bati esker sartu zuen gola Herrerak. Ondo amaitu zuen jokaldia, baina askoz gehiago eskatu behar zaio. Zailena eginda zegoen. Bigarren zatian aulkiko arma guztiak zelairatu zituen Salzburgok. Leonardok jokalari ona dela erakutsi zuen, baina ez zen arrisku handiko jokaldi bakar bat egiteko gai izan. Athleticek, aparteko dizdirarik barik, nahiko ondo eutsi zion emaitzari. Orain, multzoko lehen postua eskuratzea da helburua.
SALZBURGO 0. ATHLETIC 1
Hegan final-hamaseirenetara
Herreraren gol bati esker lortu du Athleticek Europako Ligako hurrengo kanporaketara pasatzea, eta lehen postua du orain helburuZuri-gorriek ez dute ondo jokatu, eta neurri handi batean Iraizozi zor diote garaipena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu