Arrauna

Hegan, mirotzen antzera

Haizearen laguntza aprobetxatu du Oriok bigarren txandatik Ondarroan gailentzeko. Hondarribiak irabazi du ohorezko txanda, eta Urdaibairengandik bost puntura dago orain

Orioko eskifaia atzo, Ondarroan, estropada irabazi ostean bandera ontzian dutela, arraunak aireratzen. JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ondarroako estropadak badauka zerbait. Iaz etxeko taldeak irabazi zuen estropada zaleen aurrean, lehen txandatik. Aurten, berriz, Oriok astindu du Ondarroako bandera, bigarren txandako garaileak. Bietan arrazoi berbera izan da nagusi: haizearen aldaketa. Estropada handia egin zuen Oriok bigarren txandatik, eta hasieran zail bazirudien ere, ohorezko txandaren bigarren erdian izandako aldaketek garaipena eman zioten. Denboralea bai, baina hegan egin zuten Mirotzek. Bestalde, ligako garaipenaren jokoan, Hondarribiak irabazi zuen ohorezko txanda, baina Orio eta Isuntza aurretik izan zituen sailkapen nagusian. Hala ere, lau puntu jan zizkion zazpigarren izan zen Urdaibairi —bigarren izan ziren ohorezko txandan—, eta bost puntukoa da bien arteko aldea hiru jardunaldiren faltan. Bestalde, Meirak maila galdu zuen matematikoki.

Esperantza galdu behar ez den zerbait dela diote askok, eta oriotarren mesederako aldatu egin zen eguraldia. Haizea nabarmen bizitu zen, azken txandaren erdialdera batez ere, eta horrek aurrez arraun egindako taldeei egin zien mesede. Ohorezko txandan Hondarribia izan zen nagusi, hasiera-hasieratik. Nahi bezala zeukaten egoera; Orio eta Isuntza txandako bigarren zegoen Urdaibairen artean zeuden une batean. Baina haizeak gora egin zuen, eta hirugarren luzean Hondarribia bost segundo aurretik bazegoen ere, Oriok zortzi segundoko aldearekin irabazi zuen azkenean.

Ama Guadalupekoa banderarik gabe gelditu zen, baina Urdaibairi lau puntu jan zizkion behintzat. Jakingo balute sinatuko lukete aurrez hondarribiarrek. Bederatzikoa zen bi taldeen arteko aldea estropada hasieran, eta bostekoa da orain. Isuntza izan zen bigarrena sailkapen nagusian, eta hirugarren izan zen Mikel Orbañanosen taldea. Urdaibai txandako bigarrena izan zen, baina zazpigarren sailkapen nagusian.

Bigarren txandan zaharrak berri. Azken hilabetean larunbatero gertatu bezala, Orio abiadura bizian abiatu zen, eta hasieratik sartu zuen branka aurretik. Lehen ziabogara zazpi segundoko aldearekin iritsi zen txanda-kideekiko, baina lehen txandako irabazlearen denboratan. Ondarroaren estropada bikaina izan zen, baina eguraldia ez zen hainbeste aldatu lehen txandatik bigarrenera. Horregatik, poparean bizi-bizi aritu zen Orio. Gainera, izatez hobea zen Orioren laugarren kalea Ondarroaren bigarrena baino, eta zortzi segundo bizkorrago irten ziren Mirotzak bigarren ziabogatik. Isuntzak beldurra sartu zien gorputzean une batean, baina alde hori amaierara arte eraman zuten Jon Salsamendirenek. Txanda aise irabazi zuten, baina eguraldia aldatu zitekeenaren esperantza handiegirik gabe. Ez zekiten, oraindik, zer zetorkien. Behin irabazitakoan, baina, pozik zegoen Ander Etxegoien patroia: «Oso pozik gaude, badakigu haizeak asko lagundu digula irabazteko, baina egin dugun lanarengatik merezi dugula uste dut».

Lehen txandan,aldiz, Ondarroak hasieratik maila bikaina erakutsi zuen, eta berehala lortu zuen abantaila. Bigarren minuturako bost segundoko aldea lortu zuten bizkaitarrek, eta txandak ez zuen kolorerik izan. Ziztu bizian iritsi zen Antiguako Ama lehen ziabogara, Santurtzirekiko sei segundoko aldearekin. Baina lana ez zen horretan geratu, eta modu harrigarrian handitu zuten aldea etxekoek. Zazpigarren minuturako hamar segundo baino gehiagokoa zen aldea, eta estropada amaieran 21 segundokoa izan zen. Iñaki Errastiren taldea sasoiko une gozoenean dago, eta horrelako eguna izanez gero, kontuan hartzeko moduko elkartea izango da datorren osteguneko Kontxako sailkapen estropadarako.

Txandako beste lehia Santurtzik eta Kaikuk izan zuten. Joaterakoan parean aritu ziren biak, baina poparean hobea izan zen Sotera, eta bigarren postua eskuratu dute. Meirak normalean titularrak izaten ez diren hainbat arraunlari sartu zituen ontzian, eta horrekin argi utzi zuten dagoeneko besoak jaitsi dituztela galiziarrek. Prestatzaileak beste motatako helburu batzuk betetzeko aprobetxatu beharko du gorengo mailan gelditzen zaien denbora, atzo matematikoki maila galdu baitzuten. Hortaz, ia ziurra da Santurtzik jokatuko duela datorren urtean Eusko Label ligan jokatzeko kanporaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.