Miarritze eta Tolosa. Tolosa eta Miarritze. Azken urteetan Top14an hainbat partida handi jokatu dituen bikotea. Euskaldunen eta okzitaniarren arteko lehia Frantziako ligan sona handia duten horietakoa da. Pixkanaka, baina, Top14tik harago, Heineken kopan ere bi taldeak elkarren aurka geroz eta gehiagotan aritu dira. Iragan sasoiko finala bi taldeen artean jokatu zen, eta Tolosa atera zen garaile. Aldi honetan, bi taldeak final-laurdenetan ariko dira elkarren aurka.
Tolosa eta Miarritze ezagun zaharrak dira. Elkarren aurka anitzetan jokatzera ohituta daude. Top14ko klasikoa, Heineken koparen karietara jokatuko da igandean, eta bi taldeak klasiko bat bezala prestatzen ari dira neurketa. Partida berotzen lehena Guy Noves Tolosako kirol zuzendaria izan da. «Anoetan jokatuko dugula? Bost axola digu estadioak, garrantzitsuena emaitza da», adierazi du okzitaniarrak.
Tolosa ez da alferrik Heineken kopa gehien irabazi duen Europako taldea: lau aldiz irabazi du 1995az geroztik jokatzen den lehiaketa hori. Partida handiak jokatzen ohituta dago. «Badakigu Tolosa beti ongi prestaturik iristen dela partida handietara. Hori da haren indarra», azaldu du Imanol Hariñordokik, Miarritzeko kapitainak. Okzitaniakoek ohitura zaharrari eutsi diote, eta astean Capbretonen egongo dira bilduta, Landetan. «Sasoi bukaerari begira oso garrantzitsua izanen da egonaldi hori. Lasai lan egiteko aukera ematen digu, eta denak elkarrekin gaude. Oso pozik nago egonaldiarekin», esan du Novesek.
Miarritze eta Tolosa aspaldiko ezagunak dira, eta bakoitzak bestearentzat laudorioa baizik ez du izan. «Beste talde baten aurka aritzea errazagoa izanen zen. Tolosak ez du ahulgunerik», azaldu du Damien Traillek, Aguilerakoen barnekoak. «Miarritzek harrotasuna du. Iazko finala beti gogoan izanen du, eta seguru errebantxa hartu nahiko duela», zehaztu du Novesek.
Finala denen ahotan
Tolosako kirol zuzendaria, beste behin ere, ez da tronpatu. Miarriztarrek joan den sasoiko final galdua oraindik buruan dute. «Iaz finala irabazi zigun, eta horrek beti sortzen du ezinegona», esan du Traillek. «Azken urteetan Top14a irabaztea zer den jakin dugu. Orain Heineken kopa irabaztea bakarrik falta zaigu», gaineratu du Imanol Hariñordokik.
Gisa horretako partidetan batak eta besteak aurkariari ezarri nahi dio presioa. Hariñordokik Miarritzek izan duen ligaxka fase zaila aipatu du. «Ez gara nahi bezain ongi ibili ligaxkan —bi aldiz galdu Miarritzek—. Hala ere etxean jokatzeko xantza dugu». Traillek, berriz, Anoetan aritzeak duen garrantzia azpimarratu du.«Zaleen babesa erabakigarria izanen da partidaren emaitzan. Seguru nago emaitza estua izanen dela, eta etxean aritzeak indarralditxo hori ukaiten lagunduko digula».
Okzitaniakoek estadioaren eragina gutxiesten badute ere, Miarritzen argi dute Anoetan aritzeak indarra emanen diela. «Estadio honetan gustura aritzen gara. Gutxitan galdu dugu bertan—behin soilik, Northamptonen kontra, 2007an, final-laurdenetan—. Ezin da ukatu nahiago dudala final-laurdena Anoetan jokatzea eta ez Tolosan».
Novesek, baina, prest-presta dauka arrapostua, beti bezala. «Ni oroitzen naiz Heineken kopako final bat Stadiumen —Tolosako estadioa— galdu genuela. Estadioak eragina dauka, baina erabakia zelaian izaten da». Esaldia eta erantzuna, erantzuna eta errefera: bi taldeen arteko gerla psikologikoa behar bezala hasita dago.
Heineken kopako klasikoa bihurtzear da
Miarritze eta Tolosaren arteko final-laurdena hurbiltzen ari da, eta bi taldeak partida berotzen dabiltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu