Heldu da ordua

Reala Lehen Mailako taldea izango da gaur arratsaldean Celtaren aurka gutxienez puntu bat lortzen baldin badu

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Askotan gertatzen da. Luzaroan helburu baten bila aritu, helburu hori lortzeko ahalegin guztia egin, denetariko bitartekoak jarri, zoriontasuna lorpen horrekin lotu, eta gauzatzen denean irrealtasun sentsazio arraro bat edukitzea. Realak etxean jokatuko du gaur, eta puntu bakarra lortzea nahikoa du datorren sasoian Lehen Mailako taldea izateko. Hitz horiek pantailan edo paperean inprimaturik ikusi, eta kosta egiten da sinestea. Kosta egiten da onartzea. Luzea eta gogorra izan da bidea. Sufrikarioa. Amaitzeko trazarik ez zuen bide luzea izan da. Baina bukaera iristear da. Heldu da ordua. Zimikatu masailak, eta gozatu.

Nori ez zaio noizbait burutik pasatu taldea Bigarren Mailan galduko zela? Nork ez du pentsatu Sportingi gertatutako gauza bera gertatuko zitzaiola, eta zorrak itota eta talde lehiakorra osatu ezinik bertan makina bat denboraldi emango zuela? Zaila zen halako pentsamenduak ez edukitzea, Mendizorrotzako labankada jasan ondoren. Edo aurreko denboraldi etsigarria pairatu ondoren, taldea lesioek zigortuta eta goikoen arrastoari usaina hartu ezinik ikusita. Sasoi honetan ere Reala ia denboraldi hasieratik lehen postuetan finkatu bazen ere, taldeak denbora behar izan zuen jarraitzaileak konbentzitzeko, oraingo honetan serio zihoala erakusteko eta emaitzak kasualitatea ez zirela frogatzeko.

Lehen itzuli zoragarria egin ondoren, behera egin zuen taldeak. Baina une garrantzitsuetan, jokoan gehien izan duenean, ez du huts egin. Aurpegia eman du aurkari zuzenen aurka, eta aurpegia eman zuen Cadizen, etxetik kanpo denboraldiko garaipenik erosoena lortu eta igoerarantz pauso erraldoia emateko. Gaur historiarekin berriz adiskidetzeko aukera izango du Realak, Celta aurkari duela. Duela zazpi urte pasatxo, Balaidosen, Liga txapelketa esku-artetik kendu zion Celtak, 3-2 irabazita. Gaur egun -eta orduan ere bai- pentsaezina dirudien lorpena zapuztu zuen, Celtak berak ere historia egiteko aukera zuelako jokoan, Txapeldunen Ligarako sailkapenarekin.

Sarreren kudeaketa kaskarra

Arantza hori sekula ez du aterako Realak, ezta Vigora joan ziren 9.000 zaleek ere. Partida telebistaz ikusi zuten guztiek ere ez. Baina gaurkoa ordaina hartzeko modua izan daiteke. Vila-real B-ren aurkako partidan festa izan zen Anoetan, eta gaur are handiagoa izango da. Tamalez, jende askok gelditu beharko du kanpoan. Estadio handiagoa beharko litzateke denak kabitu ahal izateko. Horrek ez dauka konponbiderik, baina zuzendaritzak gaizki kudeatu du egoera. Sarrera mordoa gorde du konpromisoetarako, eta errespetu eskasa erakutsi die klubaren euskarri diren eta denetarik jasatera ohituta dauden bazkideei; azken hiru sasoietan partida kaskar ugari ikusita ere taldea inoiz utzi ez dutenei. Benetako zaleei.

Partidari dagokionez, jokalariek adi zelairatu beharko dute. Badakite konpromisoari, kontzentrazioari eta sakrifizioari esker lortu dituztela orain arteko puntu gehienak, eta dohain horiek falta zaizkienean edonoren aurka gal dezaketela. Martin Lasartek ere estu hartu ditu entrenamenduetan, eta behar bezala motibatu ditu. Hogei norgehiagokatatik bakarra galdu du Realak Anoetan, eta oso baldintza berezietan. Sekulako fidagarritasuna erakutsi du bertan, eta, ondo bidean, etxean eman beharko lioke bukaera denboraldiari, Elxen aurkako norgehiagoka anekdota hutsa izan dadin. Irabaziz gero, Bigarren Mailako txapelketa eskuratuko luke. Eta titulu bat titulu bat da.

Galduta ere, aurkariren batek huts eginda ere, Realak eskuan izango luke igoera, baina taldeak bere kabuz lortu nahi du helburua. Martin Lasartek Cadizeko deialdia errepikatu du. Hutsaren hurrengoa jokatu duten bi fitxaketa falta dira, Jonathan Estrada eta Songo'o, baita aukera gutxi izan duten harrobiko gazteak ere: Esnaola, Sarasola eta Viguera. Oso litekeena da hamaikakoa ere orduko bera izatea. Azken bi partidak ondo irabazi ondoren, ez dirudi entrenatzaileak gaurko partidan aldaketak egiteko arrazoi askorik duenik.

Celtak matematikoki ziurtatu du salbazioa, eta datorren denboraldia prestatzen hasia da dagoeneko. Eusebiok ez du jarraituko aulkian, hainbat jokalarik bezala, eta badirudi Paco Herrerak hartuko duela haren lekukoa. Ez dirudi gaurko partidarako akuilu berezirik duenik, baina erne ibili beharko du Realak, baliabide politak dituen taldea baita Celta. Michu eta Lopez Garai ofizio handiko euskarriak dira, Trashorrasek beti du arriskua pase eta geldikako jokaldietan, irregularra izan arren, eta hegalean Aspas da jokalaririk sakonena. Papadopulos greziarra da erreferentzia aurrean. Gazteen aldeko apustua egin du Eusebiok, bigarren taldeko hiru jokalari sartu baititu deialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.