Frantziako Tourra

Helmugako argazkiak Matteo Trentin jo du garaile

Omegako txirrindulariak hatz punta bategatik irabazi dio Sagani, esprint ezin estuagoan.

Peter Sagan Cannondalekoa eta Matteo Trentin Omegakoa, gainerako esprinterrak baino aurreraxeago, helmugako arrastoa igaro berritan. NICOLAS BOUVY / EFE
jon eskudero
2014ko uztailaren 11
18:00
Entzun

Lehenengo egunetik hainbeste desiatutako etapa garaipena gaur eskuratu du Omega taldeak Frantziako Tourrean, Matteo Trentinen eskutik. Italiako txirrindulariak helmugako argazkiaren beharra izan du irabazi duela egiaztatzeko. Izan ere, hatz punta bategatik nagusitu zaio Peter Sagani (Cannondale), esprintean. Azken hogei kilometroak abiadura bizian egin ditu tropelak, eta esprinter nagusiak atzean geratu dira eguneko malda txikietan. Hortaz, beste txirrindulari batzuk aritu dira garaipenaren lehian. Bazirudien Saganek aukera ugari zuela helmugan bi besoak altxatzeko, baina lehenago indarrak xahutu dituenez, ezin izan du helburua lortu. Trentinek merezita irabazi du, eta, Saganek, berriro ere, bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Hirugarren postuan Toni Gallopin (Lotto) sailkatu da. 

Azken kilometroetan bizpahiru eroriko izan dira, baina sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Vincenzo Nibali Astanako txirrindulariak jarraitzen du lider. Eguneko kaltetu nagusia Tejay Van Garderen izan da, BMCkoa. Helmugarako hamabost kilometro faltan hankaz gora joan da, Rui Costaren (Movistar) gurpila jo ondoren, eta denbora galdu du azkenean. Hiru taldekideren laguntzaz tropela harrapatzen saiatu da, baina alferrik. Minututik gorako atzerapena izan du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.