Osasuna oraindik urruti dago jaitsieratik, gaur eguerdian Espanyoli 1-0 irabazita. Beste jardunaldi bat jan dio lehiaketari, eta bederatzi puntura izango du jaitsiera datorren partidari ekitean. Gaurko hiru puntuek aparteko balioa daukate, eta oso baliagarriak izango dira helmugara gerturatzeko.
Urtarrilaren 24tik zegoen Jagoba Arrasateren taldea etxean irabazi gabe, eta gaurko puntuak behar zituen, mamuak uxatzeko. Ruben Martinez itzuli da atera, Herrera min hartuta dagoelako, eta atezainak lan ona egin du Raul de Tomasen urruneko jaurtiketa bat urruntzen. Txarra zihoan partida, teknikoki eskasa, baloia berreskuratu eta galdu ibili direlako bi taldeak lehen zatian. Etxekoek bi jaurtiketa bakarrik egin dituzte lehen erdian: Ruben Garciarena eta Oierrena.
Osasuna aurkaria jatera atera da bigarren zatian, eta Diego Lopezek dotore geratu du Brasanacen burukada. Handik gutxira egin du penaltia Victor Sanchezek, baloiari eskuaz jo dionean, eta Torresek maisutasunez sartu du gola, Panenkaren estiloan. 51. minutuan aurreratu da etxeko taldea. Gero, beste bi aukera on sortu ditu, Gallegorena eta Torresena, baina bietan parean jarri zaie Diego Lopez atezaina.
Kanpotarrek puntu premia larria dute, azkenak baitira sailkapenean, baina ez diote sufrikario handirik eragin Osasunari. Gainera, De Burgos Bengoetxea epaileak kalera bota du Diego Lopez, bi txartel hori aterata, eta jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan dute azkeneko hamar minutuetan. Horrek lanak erraztu dizkio Osasunari.
FITXA
Osasuna 1: Ruben Martinez; Roncaglia, Aridane, David Garcia,
Estupiñan; Roberto Torres, Oier, Darko, Ruben Garcia (Nacho Vidal, 89. min.); Enric Gallego (Cardona, 78. min.), Kike Barja (Iñigo Perez, 64. min.).
Espanyol 0: Diego Lopez; Javi Lopez (Victor Gomez, 75. min.),
Bernardo, Cabrera, Didac Vila; Embarba (Melendo, 69. min.), David Lopez,
Victor Sanchez, Darder, Wu Lei (Calleri, 45. min.), De Tomas.
Golak: Roberto Torres 1-0 (51. min.).
Epailea: De Burgos Bengoetxea . Txartel horiak: Osasunako Ruben Garcia, Oier eta Iñigo Perezi; eta Espanyoleko
Calleri eta Diego Lopezi (2). Txartel gorria: Diego Lopezi (83. min.).