V8 motorra da aurtengo berrikuntza nagusienetakoa. Duela bi urte, FIAren batzorde teknikoak 1 Formula talde guztiekin Monakon egindako bileran, oinarrizko erabaki batzuk hitzartu zituzten. Nagusiena, haien guztien artean, motorren edukia murriztea izan zen, ordura arteko hiru litro eta hamar zilindroak baztertuz. Aurten lehen aldiz 2,4 litro eta V8 motorrak izango dira gidarien bizkarrean. Teoriak behintzat hori dio; errealitatea bestelakoa da.
Egitasmoak hasiera zailak izan ditu, oraindik lasterketa bakar bat korritu ez bada ere. Zailtasunak era guztietakoak izan dira. Teknikoak, ekonomikoak eta, hein batean, politikoak.Lehenik eta behin, FIAren asmoa motor berriak aurrekoen garapen murriztua izatea zen; hiru litroko V10 motorrei bi zilindro kenduz gero, zortzi zilindrodun eta 2,4 litroko edukia duten motorrak lortzen dira. Ingeniarientzat tamalez, V10 motorrak oso mekanika orekatuak dira. Beste hitz batzuetan esanda, bibrazio maila nahiko jasangarria eragiten dute, eta gainera esperientzia zabala dute taldeek mota horretako motorrekin.Inor maisu izan bada 1 Formulan V8 motorretan, hori Cosworth da. Etxe britainiar honen DFV motorra izan da kirolaren historian emankorrena, 1967an hasi eta hamasei urtean 155 garaipen lortu baitzituen. Egun, teknologia horrek zerikusi gutxi du aurtengo motorrekin, baina edonola ere, Cosworthek aurten Williamsen motor hornitzaile denak besteen gainetik dagoen unitatea sortu duela onartua dago.Ezin da ahaztu arautegi aldaketa hau dirua aurrezteko neurri gisa sortu zela. Baina edozein aldaketak, definizioz kasik, inbertsio berriak exijitzen ditu. Mercedeseko Mario Illienek zalantzak uxatu zituen urtarrilean: «2,4 litroko motorrak kostuak murrizteko modurik txarrena dira, ez baita aurrezpenik izango eta alderantziz, arazoei aurre egiteko diru asko xahutuko da».Zer egin behar zuen Minardik, ohiko V10 motor bat ordaintzeko larri zebilenak, urte batetik bestera V8 motor berri bat erostera behartuz gero? Pikutara joan, besterik ez. Paul Stoddart australiarra, talde xume haren nagusia, 1 Formulako hiztun on eta eraginkorrenetakoa zen, eta Minardirentzat baimen berezia jaso zuen: V10 motor murriztu batekin korritzea. Horretarako, FIAk aire sarreraren neurria eta 16.700 itzulitara biratzeko mugak ezarri zituen, «Parekotasun Formula» deitu zuen legean.Taldeek oraindik V8 motorren diseinua martxan zutela, zetorrena ezagutzeko V10 motorrekin lan egin zuten; batetik bi zilindro baliogabetuz, eta bestetik FIAren «Parekotasun Formula» aplikatuz. Bigarren teknika aplikatuz, Toyota taldeko Luca Marmorini maisuak 800 zaldi lor zitezkeela adierazi zuen abenduan. Kezkagarriena ez zen hori, baizik eta honakoa: «Ez dut uste V8 motorrekin maila hori lor dezakegunik [730 zalditan dabiltza], eta horrek abantaila injustua ematen die».Minardi taldeak zuen karismak egoera bere horretan utzi zuen. Baina orduan Red Bull diruduna sartu zen 1 Formulan, eta bigarren taldea erosi. Minardi izena kendu eta Toro Rosso deitu zion Red Bull edo zezen gorria italieraz eta diru kopuru handia inbertitu. Horrek zentzurik gabe uzten zuen FIAren «Parekotasun Formula», Red Bullek ez baitzuen arazorik V8 motor bat ordaintzeko.Hortik aurrera historia amaiezina izan da batzuen eta besteen artean. Midland taldea beldur da Toro Rossok puntuak ez ote dizkion kenduko. Baina zail dirudi ezer aldatzea, auto guztiak dagoeneko martxan ari baitira eta ezinezkoa delako orain ezer ukitzea. Badaezpada, FIAk argi utzi du 24 orduko tartean «Parekotasun Formula» alda dezakeela, benetan berdintasuna lortze aldera. Hau da, ostiralean Bahreingo entrenamendu saio libreetan Toro Rossok gehiegizko abantaila lortuko balu nekez gertatuko dena, aldaketaren bat ezar dezake FIAk.
Hemen ez da merkealdirik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu