Athletici buruz mintzatzeko orduan ezinbestekoa da iragana aipatzea. Ez dauzka alferrik 110 urte, eta denbora horretan, hamaika garaipen lortutakoa da. Historikoa da kluba. Bestelako iragana ere badauka; hurbilagoa da hori. Edozein kirol taldetan bezala, aurreko denboraldian oinarritzen da helburuak jartzeko. Baina iraganaz gain, oraina eta geroa ere baditu Athleticek. Hala, denboraren hiru egoerek bat egin zuten atzo. Eguerdian, elastikoan aurrenekoz enpresa pribatu baten izena eramatea ahalbidetu duen akordioa aurkeztu zutelako; arratsaldean, berriz, taldea aurkeztu zutelako San Mamesen, iraganeko emaitza txukuna hobetzeko helburuarekin. Hobekuntza horretan, Europara itzultzeko ametsak ere lekua dauka.
Laster orain baino historikoagoa bilakatuko den futbol zelaian zortzi bat mila zale bildu ziren taldea agurtzera. Eguraldi beroari giro beroa gehitu zioten, eta sutsuki agurtu zituzten jokalariak. Zelaiaren erdian bildu ziren momentuz denboraldi-aurrea egiten ari diren hogeita hamalau jokalariak. Han, haiek eta zaleek irakurtzeko moduan, hauxe zegoen idatzita: Hemen gu orain. Horixe aldarrikatu nahi zuten jokalariek eta entrenatzaileek, baina nahitaezkoa zen iraganera bueltatzea. Hala, Joaquin Caparrosek argi eta garbi esan zuen zein den hastear den denboraldirako helburua: «Iazko emaitza hobetu nahi dugu». Helburu handia betetzeko, beste txiki bat ere aipatu zuen, eta berriro ere iraganera jotzea ezinbestekoa izan zen. «San Mamesen iaz baino sendoagoak izan behar dugu». Bukatzeko, zaleek oso gustura entzun zituzten hitzak bota zituen: «Denboraldi ona egingo dugu».
Horretarako ari dira gogor lanean duela hiru astetik, eta lanaldi horren baitakoa izan zen aurkezpenaren aurreko entrenamendua San Mamesen bertan. Zaleek ikusteko aukera zutenez, bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten denboraldi berrirako hiru fitxaketak: Joseba Del Olmo, Gaizka Toquero eta Iñigo Velez de Mendizabal. Harrobiko gazteak ere, denboraldi-aurreko orain arteko saioetan bezala, entrenatzen aritu ziren. Denen begietan, batez ere, Ander Iturraspe egon zen. Asko famatu du Caparrosek Abadiñoko erdilariaren lana, eta gazteen artean ematen du berak soilik izango duela lehen taldean jarraitzeko aukera.
Egongo ez direnak baina atzo zelaian egon zirenak hauek dira: Tiko eta Iban Zubiaurre . Ez dute lekurik taldean, eta Mendaroko atzelariaren kasuan, utzita hartuko lukeen talde baten bila ari dira bera eta kluba. Gazteenak ere ez dira egongo liga hasten denean, Bilbao Athleticera itzuliko baitira. Litekeena da, gainera, fitxaketa berrietako batek, Toquerok, Eibarren jokatzea, utzita. Abuztuaren 15a baino lehen argituko da hori.
Fitxaketa gehiago egongo denedo ez argitzeke utzi zuen Caparrosek herenegun gauean Radio Euskadin: «Athletic bezalako talde batek beti ditu ateak irekita; baita liga hasita dagoenean ere jokalari berriren bat ekartzeko».
Momentuz, baina, dauzkanekin ari da lanean. Gustura dago entrenatzailea, «dena ematen ari direlako guztiak». Denboraldi-aurrean, makina bat partida jokatuko ditu taldeak, eta horrek arindu egingo du jokalarien lana. Hala, gaur bertan, bosgarren lehia jokatuko dute. Lemoan izango da, 19:00etan, eta bertako taldea izango da aurkaria (ETBn 20:10ean).Hurrengo bi neurketak ere berehala jokatuko dituzte. Izan ere, larunbatean eta igandean Ingalaterran ariko dira. Hilaren 2an, 16:00etan, Charlton Athletic izango dute aurkaria, eta hurrengo egunean, abuztuaren 3an, Colchester taldearen aurka ariko dira, 20:45ean.
Caparrosen helburua, hainbeste partida jokatuta, jokalariek konfiantza hartzea da. Lan taktikoa iaz egin zutela uste du. Konfiantza beharrezkotzat jotzen du iazkoa hobetzeko. Helburu horixe baitute Athleticeko kide guztiek. Europa baztertu gabe.
Babeslea elastikoan
Jokalariak bertatik bertara ikusteko adina ikusmen piztu zuen Athleticen elastikoak. Izan ere, aurrenekoz, erakunde publikoa ez den enpresa baten izena eramango dute soinean jokalariek. Petronor da enpresa hori, eta hitzarmenaren arabera, hiru urtez izango da klubeko babeslea. Bi milioi euro emango dizkio klubari urteko. Atzo goizean eman zuten akordioaren berri Fernando Garcia Makuak eta Josu Jon Imazek, Athleticeko eta Petronorreko presidenteek. Biek egin zuten, jakina, hitzarmenaren alde, eta Garcia Makuak hauxe esan zuen ildo horretan: «Bazkide konpromisarioen bi batzarretan onartu zen gai hau, eta Athleticen nortasunari eusteko modurik onena inguruan egitura ekonomikoa sendotzea da». Imaz ere pozik azaldu zen, eta «ohorea» dela esan zuen: «Bizkaian emozioa, bihotza eta batasuna sustatzen dituelako Athleticek».
Makuari gogoratu zioten aurrekontuetan hiru milioi euro aurreikusi dituztela babeslearen bidez lortzeko, eta Petronorrek emandakoa ez dela kopuru horretara heltzen. «Babesleaz ari garenean ez dugu elastikoetan jarriko duguna soilik aipatzen. Bestelakoak ere badaude, eta horiek guztiak batuta helduko gara aurrekontuan zehaztutakora». Atzo sinatutako hitzarmenari esker, bazkideen kuotak merkatuko diren ere galdetu zioten, baina presidenteak berehala baztertu zuen aukera hori: «Ez daukate zerikusirik babesleak eta bazkideen kuotek».
Ibaigane jauregian egindako ekitaldian, hitzarmena luzatzeko aukeraz ere mintzatu ziren bi agintariak: «Akordio estrategikoa da, eta etorkizunera begira dago». Zehaztu zutenez, taldeak futbol zelaian erdiesten dituen lorpenak onak badira, Petronorrek emango duen diru kopurua ugaritu egingo da. Lorpen horien artean daude iazko sailkapena hobetzea, UEFArako edo Txapeldun Ligarako sailkatzea, eta Espainiako Kopan finalerdietarako edo finalerako txartela lortzea, edota txapelketa irabaztea. Athletic Fundazioarekin ere lotu du tratua Petronorrek.
Iazko emaitza hobetu nahi dugu, eta ziur nago denboraldi onaegingo dugula»
joaquin caparros
Athleticeko entrenatzailea
«Inguruan egitura ekonomikoa sendotzea da Athleticen nortasunari eusteko modu onena»
fernando garcia makua
Athleticeko presidentea
«Ohorea da Bizkaian emozioa, bihotzaeta batasuna sustatzen dituen taldea babestea»
josu jon imaz
Petronorreko presidentea
Hemen, orain eta atzo
Athleticek aurkezpen ofiziala egin du San Mamesen, zortzi mila zaleren aurrean, eta helburutzat iazkoa hobetzea jarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu