Txirrindularitza

Henaok irabazi du Lejanako etapa, amaiera estuan, eta lider jarri da kolonbiarra

Sky taldeko txirrindulariak eraso gogorra jo du Lejanako azken paretan, eta Carlos Alberto Betancurrek (Ag2r) estu hartu duen arren, kolonbiarrak eskuratu ditu etapa eta lidergoaren maillota. Nairo Quintana (Movistar) dago bigarren, zortzi segundora, eta RIchie Porte (Sky) hirugarren, hamarrera.

unai zubeldia
2013ko apirilaren 3a
17:21
Entzun

Etapa ikusgarria espero zen Gasteiztik Lejanara bidean, eta halaxe gertatu da. Bestela ezin eta, Amets Txurruka (Caja Rural) sartu da eguneko ihesaldian, Omar Fraile taldekidearekin, Mikel Landarekin (Euskaltel-Euskadi), Dani Navarrorekin (Cofidis) eta Romain Bardetekin (Ag2r) batera. Bost minututik gorako aldea ere izan du boskoteak, baina helmugara iristeko bederatzi kilometro falta zirela harrapatu ditu tropelak, ordurako Etxebarrikoak mendiko eta tarteko helmugetako puntu guztiak bilduta zeuzkala. Azken igoeran, berriz, Sergio Luis Henaok (Sky) jo du lehen eraso gogorra, 3,5 kilometro falta zirela, eta azkena ere berea izan da, %21eko batez bestekoa daukan aldapan. Faborito nagusiak elkarri begira zihoazela, aurrera joan dira Carlos Alberto Betancur (Ag2r) eta Giampaolo Caruso (Katuxa), eta Ag2r-ko kolonbiarrak oso estu hartu du, azkenean, Skykoa. Sorbaldarekin deman, azken-azken metroan aurrea hartu dio Henaok Betancurri. Garaipenari eta aldetxoari esker, Henao bera da Itzuliko lider berria. Zortzi segundora dago Nairo Quintana (Movistar), eta hamarrera Richie Porte (Sky), Alberto Contador (Saxo), Caruso eta Simon Spilak (Katuxa). Igor Anton (Euskaltel) izan da lehen euskalduna etapan, bederatzigarren, hamasei segundora. Sailkapen nagusian 13. dago Samuel Sanchez (Euskaltel), 26 segundora, eta 17. Anton, 28ra. Trapagaranen hasi eta Arraten amaituko da biharko etapa, laugarrena, 151,6 kilometrokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.