Vuelta korritzen ari naiz, baina korrituko ez banu bezala nago. Hasiera batean Francesco Casagranderi laguntzeko zeregina nuen, baina badakizue zer gertatu zen. Hark sailkapenean lan txukuna egiteko asmoa zuen, eta haren lana nik hartu behar izan dut, horretarako prestatu gabe. Etaparen bat irabazteko asmoa nuen, baina sailkapen nagusian dut burua orain, taldea itxura txukuna ematen saiatu behar delako.
Sailkapeneko 15. postuan nago, baina niretzat hori ezer gutxi da. Gainera, ez dut postu hori hobetzeko itxaropen askorik, lasterketa hausten denean ni baino azkarrago doazen 15 edo 20 txirrindulari daudelako. Ea ihesaldi on bat hartu eta sailkapenean gora egiten dudan.Vueltari buruz, Valverderen jarduna da gakoa. Gaur [atzo] entrenatzera ez dela irten uste dut, eta hori ez da oso seinale ona. Esan didatenez, muturreko handia hartu zuen eta majo sufrituko du bihar [gaur]. Gaztea da, dena den, suzkoa, eta ezustekoa emango du agian, ondo osatuta.Nire faboritoa Heras da, halere. Igandeko kronoigoera ezin hobea da bere ezaugarrientzat, eta han erabakita utz dezake Vuelta, lehenago egiten ez badu. Gainera, laguntzaile indartsuena dauka alboan: Isidro Nozal. Lehen hiru egunetan nahiko gaizki ikusi nuen, baina behin Morellara iritsita, erakustaldiz erakustaldi ari da, indarrean. Podiumera igoko direnei buruz, arrastorik ez, Vueltako bigarren erdian asko aldatuko delako sailkapen nagusia. Ni ez naizela egongo badakit, baina nor egongo den, ez.
IRITZIA. ESPAINIAKO VUELTA
Herasek irabaziko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu