Ia akabo Herbehereak. Duela bi urte Hegoafrikan Mundialeko finalera heldu ziren —Espainiak irabazi egin zion, luzapenean—, eta orain Eurokopan lehen fasean ia kanporatuta dira. Estreinakoan Danimarkak 1-0 irabazi zien, bigarrengoan Alemaniak 1-2.
Herbehereek Mundialarekin alderatuta ia-ia hamaikako bera dute, eta sistema, bera. Zer aldatu da? Gola. Mundialean Sneijderrek, adibidez, bost sartu zituen, eta Villarekin batera golegile nagusia izan zen. Eurokopa honetan Herbehereek gol bakarra egin dute orain arte: Van Persiek —Ingalaterrako Ligako golegile nagusiak—. Huntelaar Alemaniako Ligako golegile nagusia ez da bakarra sartzera heldu.
Alemanian Gomezek berriro frogatu du sendoa dela. Hark egin ditu bi golak. Lehengoan ere hark sartu zuen garaipenekoa. Txapelketako golegile nagusia da, Dzagoev errusiarrarekin batera.
Herbehereei lehen zatian egin dizkie biak Gomezek, eta biak ere antzekoak: alemaniarrek aurkariaren defentsaren erdialdetik pasea behetik Gomezi, eta honek jaurtiketa bikainak eginda, golak.
Bigarren zatian Herbehereetako hautatzaileak munizio gehiago sartu du aurrealderako: Van der Vaart eta Huntelaar. Izan dituzte golo aukera onak, baina txapelketa honetan ez dute asmatu. Mundialean bai. Hortxe aldea.
Alemaniak ardatz ona dauka Neuer-Hummels-Schweinsteiger-Ozil-Gomez. Aintzat hartzeko selekzioa izango da.
0-1: Gomez (24m). 0-2: Gomez (37m). 1-2: Van Persie (73m).