Nora doa Baiona? Galdera bolo-bolo dabil, Top 14ko handiekin aritu nahi zuen taldea nola dabilen ikusita. Larunbatean etxean Bordeleren aurka galdu ondoren, giltza galdu duen atezaina zirudien Jean-Pierre Elizalde Baionako kirol zuzendariak. «Ez dut konponbiderik. Nire mezua ez zaie iristen jokalariei. Porrot egoera batean nago». Adierazpenok bereziki gordinak eta kezkagarriak dira, denboraldian lehen aldiz jaitsieran dagoen taldearentzat. Zerk ekarri du sasoi hasieran Heineken kopara sailkatu nahi zuen Baiona egoera horretara? Zendako gisa horretako etsipena?
1. Planifikazio txarra
Alain Aflelouk, joan zen apirilean boterea hartzean, argi utzi zituen asmoak. «Selekzioekin titularrak diren jokalariak fitxatuko ditugu. Munduko Kopan ariko direnak». Betaurreko saltzaileak gezurrik ez zuen erran, eta Chisholm, Phillips, Heymans, Rokocoko eta halako izarrak ekarriz, distiraren alde egin zuen. Horrelako izenak ikusirik, baionar zaleak ametsetan hasi ziren.
Baina errugbi talde bat diseinatzea izenak bata bestearen atzetik pilatzea baino gehiago da. Jokalari horiek ekarriz, Baionak kontzienteki Munduko Kopa garaian talde ahulduarekin jokatzeko hautua egin zuen. Hautua onartuta zegoen, eta nola edo hala atera zen horretatik. Baina Munduko Kopa buruturik, galtzen jarraitzen du Baionak, eta taldea desorekatuta dago. Hegi joan eta gero, Roumieu da kalitatezko aztalkari bakarra. Bigarren lerroan Chisholmen falta nabaritzen ari da. 10 postuan, Boyet laguntzeko Otazo gaztea bakarrik dago. Gibelean, berriz, Heymans bakar-bakarrik dago. Aldiz, hegaletan, hirugarren lerroan eta uztartze erdian jokalari gehiegi daude.
2. Izarren egokitzapen eskasa
Hego hemisferioko jokalariak ekartzeak nazioarteko eliteko jokalariak ukaiteko bermea ematen du. Halere, jokalari horien errugbi eta gizarte kultura arras desberdinak dira Euskal Herrikoarekin konparatuz. Elizaldek etsita aztertu du jokalarien egokitzapen eskasa. «Batzuek ikasi beharko dute ez daudela Super 15-ean [hego hemisferioko errugbi txapelketa]. Top 14ko estiloari egokitu beharko dira». Rokocoko galduta dabil. Tialata harroina ezinean dabil uztartzeetan. Lauaki, berriz, zirkuan bezala dabil, ikuskizuna eman nahian, taldearen kalterako. Hego hemisferioan ligak itxiak dira, eta, agian, jokalari horiek ez dira ohartzen bigarren mailara jaisteak zer ekar diezaiokeen Baionari.
3. Gajanen eta Lievremonten kaleratzea
Sasoi hasiera txarra ikusita, presidenteak kolpea jotzearen alde egin zuen, abendu hasieran, Christian Gajan, Fred Tauzin eta Thomas Lievremont kalera botaz. Erabakiak tentsioa sortu du jokalarien artean, eta Elizaldek ez du lortu jokalariekin bat egiten. Gajanek oso harreman onak zituen jokalari anitzekin, eta haren konfiantzazko jokalariak jota daude. Boyet izan zen jokalariaren mamua baizik ez da. Baget kapitain ohia aulkira bidali du Elizaldek. Boutaty nekatuta eta koska bat beherago ari da aurten. Hugetek jendaurrean bere harridura erakutsi zuen entrenatzaileen kaleratzea jakin berritan. Geroztik prentsarekin hitz egitea debekatuta dauka. Argi dago haustura handia dagoela jokalarien eta agintari berrien artean.
4. Elizalderen jarduna
Horrekin guztiarekin nahasmen aski ez, eta entrenatzaile berrien jardunak ere galderak eragin ditu. Elizalde sei hilabetez izanen da kirol zuzendari, gero Aflelouren aholkulari izanen baita. Gajan eta Lievremonten lekua betetzeko,Henry-Pierre Broncan eta Didier Faugeron ari dira, hori bai, sei hilabetez soilik. Zein aginte daukate entrenatzaile horiek, jokalariek argi badakite ekainetik aitzina beste entrenatzaile batzuk izanen dituztela? Broncanen egoerak ere badu berezitik. Aitzinekoen entrenatzailea Baionan astearte eta asteazkenetan dago bakarrik. Beste egunak Colomiers entrenatzen pasatzen ditu. Jokalari batzuk jada kexatu dira, harekin lan egiteko denbora gutxi dutela erranez. Ez zaie arrazoirik falta.
Zer egin ez dakien kirol zuzendari batekin, denbora erdiz bakarrik dauden entrenatzaileekin, Gajan eta Lievremonten kaleratzeak minduta utzi dituen jokalariekin, eta egokitu gabe jarraitzen duten fitxatutako izarrekin, Galtzak bete lan izanen ditu Baionak mailari eusteko.
Heriotza iragarritako baten kronika
Baiona oso bolada txarrean murgilduta dago, jaitsiera postuetan. Sasoia kili-kolo hasi ondoren ez du hobera egin, okerrera baizik, eta bere egoera kezkagarria da oso. Ez dirudi, gainera, suspertzeko moduan dagoenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu