Herren ez dagoenak urduri ekingo dio ziurrenik txapelketari. Bi multzo nagusi dira, eta horietatik kanpo dago Titin, iazko txapelduna. Jokatu ala ez zalantzak izan zituen, eta sanmateoak igaro arte ez zuen erabakia hartu. Azkenik sasoiko ikusi du bere burua, eta saiatuko da, zozketak gainera lagundu egin dio. Txapeldunaren atzetik herrenen edo txapelketa prestatzeko arazoak izango dituzten faboritoen multzoa dago. Aimar Olaizola dago larrien, sanmateotako torneoko finalean mindu zuen sorbalda, eta ondobidean hilabete eta erdi beharko luke sendatzeko. Goizuetakoari, baina, atzo kendu zioten besoa lotzen zion benda, eta, orain, hiru aste baino ez ditu erabat osatzeko. Atzoko aurkezpenean ezkor agertu zen, eta sasoi betean egon ezean ez duela parte hartuko argi utzi zuen.
Beste bi zerrendaburuek, Irujok eta Barriolak ere arazoak dituzte, leunagoak, baina. Leitzarrak azken hiru partidak bertan behera utzi ditu, eta arazo txikiak ditu eskuan. Irujo, berriz, herenegun labaindu zen, eta belauna handitua du. Atzo medikuarenera joan zen, eta ez zen aurkezpenean agertu. Bitxia bada ere biek buruz buru jokatu behar dute elkarren aurka igandean. ETBk antolaturiko partidak ez die mesederik egingo lau t'erdikoa hobeto prestatzeko bidean.
Arazo fisiko txikiak dituzten pilotarien zerrenda luzeagoa da. Pablo Berasaluzek partida ugari jokatu ditu udan, eta tendinitisa sendatu ezinik dabil; Patxi Ruizek ere arazoak ditu bizkarrean, eta ezin izan du prestatu; Diazek min txikia du eskuan, eta Gonzalezek astelehenean jakin zuen bihar ekingo diola txapelketari.
Legezkoa, baina ez bidezkoa
Urduri ariko direnen tropela ere ez da txikia izango. Askok lehen aldia dute Lehen Mailako txapelketa batean, beste batzuek iaz ez zuten jokatu, eta, gero, Pablo Berasaluzeren dago hor, hiru urte geroago itzuliko baita lehiara. Beste batzuek, berriz, ez dute denborarik izango prestatzeko. Larriena Sebastian Gonzalezena da, astelehenean jakin batzuen bihar jokatu behar duela. Azkainekoa atzo ez zen aurkezpenean izan, eta ez zuen zergatia azaldu. Iaz, final-laurdenetara iritsi zen, baina enpresak ez zion galdetu zein asteburutan hasi nahi zuen. Gonzalezi normalean asko kostatzen zaio kaiolara egokitzea, eta haserre omen dago erabakiarekin. Bezperako pilota aukeraketarik ere ez du izango, partida aurretik egingo dute, enpresen iritziz ez baitago betarik. Gaur arratsaldean izan zitekeen, baina EPELek Irujo eta Barriolaren arteko desafiorako hautaketa antolatu du. Desafioa txapelketa partidaren aurretik. Ulertezina. Itogina.
Aurkezpeneko beste protagonistetako bat Imanol Agirre izan zen. Arteakoa iaz final-laurdenetara iritsi zen, eta hura izan zen tanto gehien egin zituen galtzailea. Halere, aurten, enpresak atarikoa jokatzera behartu du, iaz jokatu ez zuten edo lehen kanporaketan galdu zuten pilotari askoren atzetik. Erabakiaren zergatia azaltzeko eskatzean Iñigo Salbideak, Asegarceko, gerenteak, «urte batetik besterako eskubideak zerrendaburuek eta 2. Mailako txapeldunak bakarrik dituztela» nabarmendu zuen, eta beste erabakiak «kirol irizpideen araberakoak» direla. Ez zuen, baina, irizpide horien nondik norakoa azaldu, ezta eskaturiko kasu zehatz horretan ere. Dena den aitzakia hori zaila da ulertzen, udan distira gutxi izandako eta arazo fisikodun pilotariak zuzenean sartu baitituzte.
Guztira zazpi dira iaz parte hartu ez eta aurten lau t'erdikoa jokatuko duten pilotariak. Aurrenekoz ariko dira lau: Iñigo Diaz, 2. mailako txapelduna, Julen Retegi, Mikel Olazabal eta Iñaki Larralde. Olazabal aurten Lehen Mailako binakakoan aritu da, besteentzat, berriz, Lehen Mailako txapelketa batean parte hartzen duten aurreneko aldia da.
Patxi Ruizek arazo fisikoak izan zituen iaz, eta Asier Olaizolak ezkontzarekin izan zitzakeen egutegi arazoengatik utzi zuen kanpoan enpresak. Azkenik, Pablo Berasaluzek azken hilabeteetan izandako gorakada aski ezaguna da. Ondorioz, beste zazpi dira iaz parte hartu eta aurten ariko ez diren pilotariak: Mendizabal I.a, Esain, Saralegi, Leiza, Chafee, Galarza V.a eta Mikel Goñi. Zaldibiako aurrelariakBigarren Mailako lau t'erdikora itzultzea erabaki du.
Atzerapenik ezean finala abenduaren 7an jokatu beharko litzateke, azken urteetako goiztiarrena, eta oraindik erabakitzeke dago Gasteizen edo Donostian izango den. Halere, baliteke heldu den urtean horrelako zalantzarik ez izatea, beti ere Bilboko pilotalekuko lanek erritmo egokian jarraitzen badute. Finalekoa ez, baina lehen kanporaketako pilotaleku guztiak erabakita daude. Txapelketa bihar hasiko da, Getxon, eta etzi bi partida jokatuko dira Labriten. Diazek, Olaizola I.ak, Ruizek eta Del Reyk gaur aukeratuko dituzte pilotak (11:30). Lehen asteburuko azken partida astelehenean jokatuko da Tolosan. Heldu den asteburukoak, berriz, Zeanurin, Zornotzan, Eibarren eta Tolosan jokatuko dira.
Xehetasunak
PRESAKALau egun Gonzalezentzat. Sebastian Gonzalezek astelehenean jakin zuen bihar jokatu behar duela lehen partida.
IAZKOEK EZ DUTE BALIO
Sailkapena ahaztu dute. Arautegiaren babesean, enpresek ez dituzte errespetatu pilotariek iaz izandako emaitzak.
FINALA ZEHAZTU GABE
Donostian ala Gasteizen? Enpresen Ligak oraindik ez du erabaki non jokatuko den finala. Hurrengoa Bilbon izan daiteke.
AURPEGI BERRIAK
Lau gazte. Diazek, Retegi Bik, Larraldek eta Olazabalek aurreneko aldiz jokatuko dute lau t'erdiko txapelketa.
Pilotarien iritziak
«Iraila ondo bukatu dudalako erabaki dut parte hartzea»
Titin III.a2007ko txapelduna
«Bere garaian zalantzak izan nituen, ez nekielako zer nolako sasoi puntuan egongo nintzen. Niri belaunek sortzen didate kezka gehien, baina iraila fisikoki ondo bukatu dudanez aurrera egitea erabaki dut».
«Nire xedea txapela da, baina orain lehen partida da garrantzitsuena»
Abel Barriola2007ko txapeldunordea
«Nire helburua, guztiena bezala, txapela irabaztea da, baina ezin naiz horri begira egon, lehen partidara baizik. Egia da multzo egokia egokitu zaidala, baina helburua finala denean beti daude aurkari gogorrak bidean».
«Sorbaldak hobera egin duen arren, zail ikusten dut garaiz sendatzea»
Aimar OlaizolaAsegarceko pilotaria
«Min asko sumatzen dut oraindik, eta goizegi da garaiz sendatuko naizen esateko. Azken egunetan sorbaldak hobera egin badu ere nik nahiko zail ikusten dut, eta argi dut ondo sendatu ezean ez dudala jokatuko».
«Urtea kaskarra izan da, eta egia esan ez nago motibazioz lepo»
Patxi RuizAsegarceko pilotaria
«Oso justu nago, beste asko bezala, eta min txikia dut bizkarrean. Urtea oro har kaskarra izan da eta egia esan ez nago motibazioz lepo. Baina tira, gogoak baditut eta ea partida pare bat irabaz ditzakedan».
«Titinen aurkako igandeko partidaondo etorriko zait»
Oinatz BengoetxeaAsegarceko pilotaria
«Finalerdietara iristea polita litzateke, baina nik pausoz pauso joan nahi dut. Ez dut entrenatzerik izan, baina Titinen aurkako igandeko lau t'erdiko partida ez zait batere gaizki etorriko».
«Atariko partidarena ahaztu eta orain aurrera begiratu behar dut»
Imanol AgirreAsegarceko pilotaria
«Atarikoa jokatu behar izatea ez da pizgarri berezia, lasai nago, gauzak ondo egin ditut eta orain pasatakoak ahaztu eta aurrera begiratu behar dut. Ostantzean ondo nago, eta Zeanuriko frontoiak mesede egiten dit».
«Urteak dira ez dudala lau t'erdikoa jokatzen, eta ez dut gogo faltarik»
Pablo BerasaluzeAsegarceko pilotaria
«Astean bizpahiru partida jokatuta zaila ondo prestatzea, eta ez naiz nahiko nukeen bezain ondo iritsiko. Urteak dira ez dudala lau t'erdikoan parte hartzen, baina ilusioa egiten dit,etaez dut gogo faltarik».
«2. Mailakoa prestatzen ari nintzen jokatukonuela esan zidatenean»
Mikel OlazabalAspeko pilotaria
«Ez nuen espero jokatzerik, Bigarren Mailakoa prestatzen ari nintzen Lehen Mailakoa jokatuko nuela esan zidatenean. Buruz buruko txapelduna egokitu zait, aurkari gogorra, baina ezustea ematen saiatuko naiz».
«Jokatuko nuela banekien, baina ziurtatu zidaten arte ez nuen sinetsi»
Iñigo DiazBigarren Mailako txapelduna
«Labriten jokatzeak ilusioa egiten dit lagun eta gertuko asko joan ahal izango direlako ikustera. Iaztik nekien jokatuko nuela, baina egia esan enpresatik ziurtatu zidaten arte ez nuen erabat sinesten».