Herrera eta Aduriz gabe

Marcelo Bielsak hemeretzi jokalari eraman ditu Kroaziara, Muniain eta Llorente barne, bihar Slaven Koprivnicaren aurka jokatzekoIraizozen arabera, taldea astez aste hobeto dago, baina ezin dute fiatu Slavenen zelaian

Iker Muniain iazko denboraldiko partida batean. Bihar jokatzeko prest izango da. LUIS JAUREGIALTZO / EFE.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Athletic Kroazian da dagoeneko. Zuri-gorriek bihar jokatuko dute Europako Ligako atarikoaren itzulerako partida, Slavenen kontra, eta atzo abiatu ziren Euskal Herritik. Marcelo Bielsak hemeretzi jokalari eraman zituen, Iker Muniain barne. Ander Herrera eta Aritz Aduriz, berriz, etxean utzi zituen, erabat osatu gabe daudelako. Baita Aurtenetxe, Amorebieta eta Javi Martinez ere. Lehen biak min hartuta daudelako eta azkena oporretan dagoelako oraindik. Hegazkinean sartu ziren jokalariek irribarrea izan zuten ezpainetan, eta berdin bueltatzea da bizkaitarren asmoa. Kanporaketa bideratuta daukate, baina ez erabakita, eta zeregin horixe izango dute: hurrengo faserako sailkatzea.

3-1eko emaitza du alde Athleticek, baina Bielsa ez da batere fio. Prest dituen jokalari guztiak sartu zituen deialdian: Iraizoz, Raul, San Jose, Iraola, Gurpegi, Castillo, Ekiza, Ramalho, Kepa, Iturraspe, De Marcos, Ibai Gomez, Ismael Lopez, Iñigo Perez, Susaeta, Muniain, Ruiz de Galarreta, Toquero eta Llorente. Azken horrek gainontzeko gehienek baino bi aste gutxiago daramatza lanean, baina funtsezkoa da Bielsarentzat. Baita taldearentzat ere. Apuru larritik ateratzeko dohain apartak ditu errioxarrak, eta badaezpadako pieza izango da bihar entrenatzailearentzat.

Hori bai, joan den asteko joaneko neurketan gertatu bezala, aulkian eserita egongo da hasieran. Izan ere, hamaikako bera zelairatuko du argentinarrak. San Jose erabat osatuta egon arren, Ramalho eta Gurpegi ariko dira defentsa lanetan, Iraola eta Iñigo Perez alboan dituztela. Erdiko lerroan, berriz, Iturraspe, De Marcos eta Ibai Gomez kokatuko dira. Aurrean, azkenik, Susaeta, Ismael Lopez eta Toquero. Behintzat, talde horrekin aritu zen lanean atzo Bielsa, Kroaziara abiatu aurretik.

Muniain ere deialdian da. Olinpiar Jokoetatik itzuli berritan, ez dio atsedenik eman entrenatzaileak, eta taldekideekin bidaiatu zuen. Dena den, ez dirudi minuturik izango duenik. Akaso taldeko girora ohitzeko ongi etorriko zaio bidaia. Adurizek eta Ander Herrerak ez dute horretarako aukerarik izango. Azken hori Olinpiar Jokoetan izan da, eta min hartuta ere badabil. Iazko sasoitik, gainera. Aduriz ere lesionatuta ibili da, baina hasi da normal lanean.

Bistan denez, Bielsak ez du gehiegizko konfiantzarik nahi taldean. Slaven Koprivnica itxaropentsu dago, bi golen aldea kontra eduki arren. Asteburuan ligako lidergoa galdu zuten kroaziarrek, baina hainbat ordezko jokalarirekin jokatu zutelako. Horrek esan nahi du gogo betez zelairatuko direla bihar, eta zuri-goriek erne jokatu beharko dutela. Bi taldeek gaur egingo dute biharko neurketaren aurreko azken lan saioa. Bielsak eta Gurpegik prentsaurrekoa eskainiko dute lehenago.

Bielsa bezalaxe, Iraizoz Athleticeko atezaina ere ez da batere fio Slavenekin. Nafarra prentsa aretora azaldu zen atzo, lan saioa amaitu berritan, eta nabarmendu zuen eurena ematen ez badute gorriak ikusiko dituztela: «Aurrerapausoa eman genuen San Mamesen, baina dena biribiltzea falta zaigu. Irabaztera atera behar dugu, gola egitera, eta, batez ere, gure nortasunarekin jokatzera».

Iraizoz: «Ezin dugu golik jaso»

Garrantzitsua golik ez jasotzea da, Iraizozen arabera: «Partida hasieran gol bat egiten badigute konfiantza hartuko dute, eta hori ez zaigu komeni. Defentsan gogor jokatu behar dugu, eta ate aurrean fin». Ez da erraza izango ate aurrean ongi aritzea. San Mamesen ere aukerak bata bestearen atzetik izan zituzten zuri-gorriek; baloiak sare barruan, baina, gutxitan amaitu zuen: «Hiru gol sartu genituen joan den astean, eta ez dira gutxi. Hori bai, egia da aukera gehiago izan genituela. Denboraldi-aurrean gaude, eta punteria findu behar dugu. Halere, ona da baloia beste aldean egotea». Iraizozen ustez, taldeak bide ona egin dezake Europako Ligan: «Iazko sasoian baino talde zabalagoa daukagu, eta kalitate handikoa. Gainera, elkartuta gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.