Berriro mendia izan dute gaurEspainiako Vueltan, baina Alejandro Valverdek lidergoari eutsi egin dio. Etapa Ryder Hesjedalek irabazi du (itzuliko 12.a: Almeria-Velefique, 179,3 kilometro), eta David Garcia izan da bigarren.
Bukaera maila bereziko mendatean izan dute eta aurretik lehen mailako bi igo dituzte gaur txirrindulariek. Eguneko ihesaldian bederatzi txirrindulari sartu dira. Garciak eraso egin du azken mendatean baina lau kilometro falta zirenean Hesjedalek harrapatu du eta azken hori izan da garaile. Lasterketa guztia Caisse D'Epargne liderraren taldeak kontrolatu du. Faboritoen artean Robert Gesinek Valverderekiko aldea murriztu du; izan ere, amaierarako kilometro eta erdi falta zirela faboritoen taldetik ihes egin du; hamar segundoko aldea lortu du.
Gauzak horrela, Valverdek segitzen du lider. Cadel Evans dago bigarren -zazpi segundora-, Robert Gesink hirugarren -hemezortzira-. Samuel Sanchez seigarren dago -1.03ra-, Haimar Zubeldia hamalaugarren -5.12ra-.
Bihar korrituko dute 13. etapa, atzera mendikoa: Berja-Sierra Nevada (172,4 kilometro). Maila bereziko mendatea da Sierra Nevada; aurretik, hirugarren mailako bi gain igoko dituzte eta lehen mailako beste bi (43.ean eta 154.ean). Igandean ere maila berezikoan amaituko dute etapa: La Panderan.
Irailaren 20an bukatuko da itzulia, Madrilen.
Txirrindularitza
Hesjedal irabazle Vueltan
Valverdek segitzen du lider gaurko mendiko etaparen ostean. Bihar eta etzi ere mendia izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu