Bengoetxea-Beroiz 21. Irujo-Zubieta 22

Hezetasuna nagusi

Bengoetxeak eta Beroizek hobeto jokatu duten arren, amaieran ezin izan dute lan ona biribildu

Juan Martinez de Irujo, jarrera behartuan, atzo Donostian jokatutako partidan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Iraupena. 81 minutu eta 17 segundo.

Pilotakadak. 641.

Saketik. Bengoetxea VI.ak 4; Martinez de Irujok 1.

Markagailua. 1-0, 5-1, 5-5, 7-5, 8-8, 8-9, 9-9, 13-9, 15-15, 18-16, 18-18, 20-18, 20-20, 20-11, 21-21 eta 21-22.

Bestelakoak. Bero handia Atano III.a pilotalekuan. Horren ondorioz, hezetasuna sortu zen aurrealdean.

Hezetasuna izan zen atzoko partidako protagonista. Zeharo aldatu zuen partidaren norabidea. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Beroiz hobeto aritu ziren arren, Juan Martinez de Irujok eta Aitor Zubietak lortu zuten etziko Donostia Hiria Torneoko finalerako txartela. Bertan Xala eta Laskurainen aurka jokatuko dute, horiek herenegun Olaizola II.a eta Begino mendean hartu ondoren.

Garaipena eskuratzeko faboritoak ziren Irujo eta Zubieta, baina jokoan ez zuten erakutsi. Izan ere, Bengoetxea VI.a eta Beroiz hobeto aritu ziren atzo. Partida ikusgarria izan zen: bizitasun handiko pilotadak, pilotakada askoko tantoak, eta batez ere tanto ikusgarriak izan ziren. Horrek guztiak zerikusia izan zuen partidaren luzapenarekin: 80 minututik gora.

Partida berdinduta joan zen ia denbora guztian, gehienez lau tantoko aldea izan zuen Asegarceko bikoteak (9-13). Baina Aspeko bikotea berehala hurbiltzen zen, partidari atseden unerik eman gabe (15-15).

Orduan hasi ziren komeriak, hezetasuna agertu baitzen pilotalekuko lehen koadroetan. Bi aurrelarien lana zailtzeaz gain, partida behin baino gehiagotan eten behar izan zuten, lurra lehortzeko. Egoera horretan hobeto aritu zen Iberokoa, eta horregatik nagusitu zen Aspeko bikotea, azken tantoetan. Leku horretan, pilotariak asko irristatzen ziren, eta lesioren bat izateko mehatxuarekin jokatu zuten. Azken tantoa horrela iritsi zen, Irujoren dejada bati ezin izan zion erantzun Leitzarrak; lurrera erori zen irrist egin ondoren. Partidan zehar gutxitan hartu zuten aurre markagailuan Irujok eta Zubietak (8-9, 20-21 eta 21-22).

Xala eta Laskurainen aurka

Donostia Hiriko lehen finalerdia herenegun jokatu zen. Xalak eta Laskurainek irabazi zuten, Olaizola II.a eta Beginoren aurka (22-18). Partida hasiera parekatua izan zen, Aspeko bikoteak markagailuan ihes egin zuen arte.

Lehen minutuetako erritmoa oso altua izan zen, eta markagailuko parekotasunari esker (8-7), partida ikusgarria izan zen. Xalak erritmo handiagoa jarri zuenean, ihes egin zuten markagailuan (17-7). Partida amaitua zegoela zirudienean esnatu zen Asegarceko bikotea, eta markagailuan hurbildu egin ziren (19-14). Hala ere, buruz buruko txapelduna ez zen urduri jarri, eta partida ongi amaitu zuen, bolea bikain batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.