Ez da nahi bezala itzuli pilota. Dena ilusioz prestatua zuten Baikok eta Aspek itzulerarako. Baina hezetasunak zapuztu du dena. Lehen neurketa normaltasunez jokatu da, eta Peña eta Bikuña 22-9 nagusitu dira Salaberria eta Mariezkurrenaren kontra. Partida horretan pilotariak pare bat aldiz baino ez dira labaindu. Arazoa, partida nagusian sortu dira. Masters torneoko lehena zen, eta bertan Ezkurdiak eta Arangurenek Altunaren eta Imazen aurka neurtu behar zituzten indarrak. Zoruaren egoerak okerrera egin du, eta Ander Imaz bi aldiz labaindu da. Partida eten, eta pilotariak aldageletara joan dira. eta aire girotuarekin eta mopa pasatuta egoera bideratzen ahalegindu dira. Baina ez da hala izan, eta azkenean bertan behera utzi behar izan dute neurketa, zaleen ilusioa zapuztuz. 200 lagun zeuden bertan
Pilotariek penatuta hartu dute erabakia, koronbarisuaren pandemiak eragindako hiru hilabeteko etenaren ostean, ilusioz zeudelako bueltatzeko. Baina zentzuzkoena zela adierazi dute Ezkurdiak eta Altunak, norbaitek min hartzeko arrisku handia zegoelako. Unai Iglesias Baikoko gerentea eta Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertziala antzera mintzatu dira. 70 urtean ez zen halakorik gertatu Astelenan. Azaldu dute ez dakitela zein izan den horretarako arrazoia. Batetik, beroa izan daiteke, eta aztertzen ari dira baita ere atzo zorua desinfektatzeko bota zuten produktuak zerikusia izan duen. Bi enpresak harremanetan daude, eta datozen orduetan konponbidea bilatu nahi diote egoerari. Partida aurrerago jokatuko da, torneoko beste jardunaldi batzuen artean. Ikusleei sarreraren prezioa itzuli diete