Hezur gogorra, hasteko

Baionak Clermont indartsuaren aurka ekingo dio Top14ari, etxean emaitza on bat lortzeko beharrarekin

Senekal Baionakoa lurrera erortzen plakaje bat jaso ondoren. G. RUBIO / ARP.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Baionak ez du lo egoteko aukerarik izanen, eta abuztua giro sargoriarekin dagoen honetan, izerdi dezente botatzeko moduko aurkari baten aurka hasiko du Top14. Etxean hasteak beti dakar presio gehigarria, eta Baionak huts egiteko aukerarik ez du izanen Clermonten aurka. Lehen jardunalditik bere maila onenean egon beharko du. Izan ere, Clermont Top14ko hiru talde onenen artean dago, eta liga irabazteko faboritoa da.

Partida 19:00ean jokatuko da, Jean Dauger estadioan. Hasiera batean, 15:00etan jokatzea zen errugbi ligaren asmoa, baina asteburu honetarako eguraldi iragarpenengatik, partida hasteko tenorea gibelatu dute. Zentzuzko erabakia, jakinda arratsalde honetan 38 gradutik gora eginen duela Baionan.

Christian Lanta eta Christophe Deylaud entrenatzaile berriek estreinako partida izanen dute Jean Daugerren. Jadanik haien eskua nabari daiteke hasierako hamabostekoan. Aipagarria da Mark Chisholm, zeina usaian bigarren lerroan ari den eta taldeko kapitain berria den, hirugarren lerroan ariko dela.

Iazko kapitainak, Marc Bagetek, aulkitik jarraitu beharko ditu partidako lehen minutuak.Thibault Lacroix iragan sasoian partida guztietan aritu zen, baina hori ere aulkian geratuko da liga hasieran. Bi horien ordez, Dwayne Haarek eta Manu Ahotaeiloa fitxatu berriak jokatuko dute erdilari lerroan. Cedric Heymans, aldiz, hasieratik ariko da, baina hegaleko postuan, eta ez gibeleko postuan, joan den sasoian ohikoa zen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.