Arrauna

Higatze are handiagoa

Goren mailako zortzi ontzik hiru estropada jokatuko dituzte gaurtik astelehenera bitarte. Talde laburra duten prestatzaileek kezka eta buruhauste ugari izango dituzte eskifaiak doitzeko.

Aitor Arrizabalaga / Eusko Label liga.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Uztail hasieratik irail erdialdera arte, asteburuz asteburu, arraunlariarentzatherio bizian eta gibela bota beharrean bi estropada jokatzea asko bada, zer esanik ez beste bat segidan lehiatzea. Sugarretan beste berotu handi bat gorputzari. Zehazki, Eusko Label ligako zortzi taldek hiru estropada izango dituzte gaurtik astelehenera bitarte: ligako bi jardunaldi eta Euskadiko Txapelketa, hurrenez hurren. Talde murritza duten prestatzaileek makina bat kezka eta buruhauste izango dute eskifaia behar bezala doitzeko.

Orio eta Ondarroa dira talde horietako bi. Jon Salsamendi (Orio, Gipuzkoa, 1970) San Nikolas ontziko entrenatzaileak eta Iñaki Errasti (Aginaga, Usurbil, Gipuzkoa, 1979) Antiguako Ama-koak talde «laburra» dute. «Lehen sei estropadetan soilik patroia aldatu dut [Iñigo Larrinaga eta Jenaro Zelaia], lesioek eta lortutako emaitzek hala behartuta», esan du Errastik. Halere, buruan gauza bakarra du: «Arraun egiteko moduan diren arraunlari guztiei aukera emango diet». Salsamendik, denboraldi osoan hamasei arraunlari erabiltzeko asmoa bazuen ere, hamalauko bera atera du uretara azken estropadetan, lesioak eta gaixotasunak tarteko. «Geure plangintzaren arabera, bigarren taldetik bi arraunlari igoko ditugu hiru estropadetarako».

Errastik ez du ezkutatu ez zaiola batere egokia iruditzen hiru estropada jarraian jokatzea. «Hitz eginez gero, data aldatzeko aukera egongo zen, baina ez dira guztiak ados jarri. Pena dut». Salsamendik, berriz, ez du kexurik, baina «zentzugabekeria» dela esan du: «Euskadiko Txapelketak lurraldeetako txapelketekin du lotura, eta horiek duela hilabete eta erdi jokatu ziren». Gogorarazi duenez, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak ekain hasieran jokatzea onartu zuten lurraldeetako arraun federazioek eta arraun elkarteek, liga bete-betean, aste barruan ez lehiatzeko. «Bada, Euskadiko Txapelketa aurreratzen ez baduzu, eta, are gehiago, astelehen batean jartzen baduzu, arrazoi horiek ez dute zentzurik».

Biek esan dute arraunlariei fisikoki higatze handia eragingo diela, «arraunlariak berak uste ez badu ere», Oriokoak zehaztu duenez. Errasti, berriz, argi mintzo da: «Sekulako egurra hartuko dugu, eta min hartzeko ere arrisku handiagoa izango da, gainkargaren ondorioz». Aginagakoa ere Antigua Ama-ko tostartean aritzen da. «Egun gutxitan esfortzu handia egin behar izateak tentsioa gehiago areagotzen du».

Eta psikologikoki? «Ez», erantzun du Salsamendik: «Arraunlariak estropadak jokatu nahi ditu, rock-and-rolla nahi du; aldiz, ez da jabetzen psikologikoki zer-nolako higadura eragiten dion estropadak jokatzen dituen bitartean. Hori bai, hotzean jarduten garenok, entrenatzaileok, oso kontuan hartzen dugun aldagaia da, arraunlariaren errendimendua eta osasuna zaintzeko». Hain zuzen, kopuruz, estropada asko jokatzen dituzte hiru hilabete eskasean.

Errastik aitortu duenez, aste honetako prestakuntza «egokitu» behar izan dute. «Azeleragailutik hanka apur bat altxatu dugu. Karga arindu dugu, baina gainontzean berdina egin dugu». Salsamendik, berriz, ez du plangintzan aldaketarik egin. «Aste barruan ezin gara gogor entrenatu, asteburutik asteburura tarte handirik ez baitugu. Kalitatezko entrenamenduak izaten dira, karga eta bolumen arinekoak».

Sasoi betean egotea, zaila

Hiru estropadetan bete-beteko errendimendua ematea posible ote den galdetuta, ezezkoan da Salsamendi. «Baina saiatuko gara; talde guztiok, gainera». Hasteko, asteburu honetan ligako bi lehia izango dituzte jokoan. «Lehen postuan edo azkena geratzeko arriskua dago». Biak Ibaizabalen izango dira. «Giharrek itsasaldi handian baino gutxiago sufrituko dute, nahiz eta fisikoki oso gogorrak izango diren». Beraz, kuadrilla ondo heldu daiteke asteleheneko estropadara, «baldin eta arraunlariak sasoi betean heltzen badira, kasu guztietan ez baita betetzen. Huskeria batek asko baldintza dezake».

Aginagakoak, ordea, ligari jarriko dio lehentasuna: «Asteburuko emaitzak zein diren jakin ostean, bestelako asmo batzuekin joango gara lehiatzera Euskadiko Txapelketara. Aldaketak egiteko aukera izango dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.