Argentina Leo Messi dela diote ia gehienek. Diego Armando Maradona hautatzaileak berak ere bai atzo: "Mundiala irabazi nahi dut, eta Messi daukat". Gonzalo Higuian ere badu. Golegile petoa. Gaur hiru egin ditu Hego Korearen aurka (4-1 bukatu dute), eta bera da Hegoafrikako Munduko Kopako golegile nagusia orain.
Txapelketa handi batean zerbait handia egitea falta zaio Higuaini. Askok leporatzen diote partida garrantzitsuetan ezkutatu egiten dela. Real Madrilen iazko denboraldian 22 gol sartu zituen Espainiako Ligan, azkenekoan 27, baina Txapeldunen Ligan -Real Madrilen txapelketa kuttunean- zelaian desagertu izana egozten diote Higuaini; epelak entzun zituen azkenekoan taldea Olympique Lyonek kanporatu zuenean, Kaka edota Cristiano Ronaldo ez baleude bezala.
Argentinako selekzioarekin ez du orain arte torneo handi batean jokatzeko aukerarik izan, Maradona berandu hasi zelako hura deitzen. Gaurkoarekin, zortzi partidatan aritu da eta bost gol daramatza. Ikusiko zer egiten duen Hegoafrikan. Messik beharko du haren laguntza, Argentina bestela ez delako talde aparta zelai erditik atzera.
Gaur 3-1ekoa 76. minutuan sartu du Higuiainek, eta Hego Koreak ordura arte buruko min pixka bat sortu dio Argentinari: maiz heldu da areara, kornerrak, jaurtiketak...
Bestela, datu bat: Messik bi partidatan zortzi bat gol aukera izan ditu baina ez du golik sartu. Detaile bat dirudi, besterik gabe.
Argentinak egin du berea: lehen bi partidak irabazi eta dagoeneko final-zortzirenetako txartela ziurtatu.
Argentina 4. Romero; Jonas, Demichelis, Samuel (Burdisso, 23m), Heinze; Maxi, Mascherano, Di María; Messi; Tevez (Aguero, 75m), Higuain (Bolatti, 83m).
Hego Korea 1. Jung Sung-ryong; Oh Beom Seok, Cho Yong Hyung, Lee Jung Soo, Lee Young Pyo; Ki Sung Yueng (Kim Nam Il, 46m), Kim Jung Woo; Lee Chung Yong, Park Ji Sung, Yeom Ki Hun; Park Chu Young (Lee Dong Gook, 81m).
1-0: Park, bere atean (17m). 2-0: Higuain (33m). 2-1: Lee Chung Yong (45m). 3-0: Higuain (76m). 4-1: Higuain (80m).
B Multzoa
Higuainek hiru gol
Argentinak eskuan du final-zortzirenetako txartela, Hego Koreari 4-1 irabazi ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu