Txapeldunen Ligako final-laurdenetako kanporaketako joaneko partidak jokatuko dira gaur eta bihar bitartean. Aurreneko biak, gaur iluntzean (20:45): Milan-Bayern Munich eta PSV-Liverpool. Italiarren eta alemaniarren artekoa hilak pizteko moduko partida da, printzipioz, behintzat. Batetik, biak ala biak talde historiko eta handiak direlako (hamar Europako Kopa irabazi dituzte bien artean). Bestetik, Txapeldunen Liga besterik ez zaielako gelditzen denboraldia nola edo hala txukuntzeko. Eta, azkenik, Bayern Munich mendeku gosez zelairatuko delako Giuseppe Meazzan. Izan ere, pasa den ekitaldiko final-zortzirenetan Milanek berak kanporatu zuen Alemaniako taldea.
Baina Milan ez dabil aurreko urteetan bezain fin. Taldea zahartu dela diote batzuek. Hori dela eta, Carlo Ancelotti entrenatzaileak ohi baino zalantza gehiago eduki ditu sasoi honetan. Azkeneko lauzpabost denboraldietan 4-3-1-2 sistemaren alde itsu-itsu egin zuen. Orain, aldiz, aurrelari bakarrekin jokatzen du sarritan, etxean arituta ere. Gaurko partidarako esaterako, zalantza hori bera du: aurrelari batekin edo birekin aritu, alegia. Bakarrarekin aritzekotan, Gilardinok jokatuko luke, Kaka eta Seedorf atzetik dituela. Birekin aritzekotan, Inzaghi ehiztariak jokatuko luke Gilardinorekin batera. Orduan, Ambrosini geldituko litzateke aulkian.
Nesta eta Maldini atzelari beteranoak, berriz, hamaikakora bueltatuko dira. Euren alboan, berriz, Oddo italiarra eta Jankulovski txekiarra arituko dira.
Calcio-an seigarrena da Milan. Beraz, Txapeldunen Liga besterik ez zaio gelditzen denboraldi honetan. Giuseppe Meazza zelai hotza da berez; gaur, baina, goraino beteko da. Milanek Txapeldunen Ligan etxean jokatu dituen azkeneko 18 partidetatik 15 irabazi ditu. Ez da, ez, marka makala.
Gainera, Bayern Munich ez da batere ondo moldatzen Italian jokatzen duenean. Halere, denboraldi honetan bertan bolada txar hori eten zuen. Txapeldunen Ligako ligaxkako bigarren jardunaldian 0-2 irabazi zion Milango Interri, Podolskik eta Pizarrok sartutako golei esker. Non eta Giuseppe Meazzan; gaurko neurketa jokatuko den toki berean, hain zuzen.
Gainera, puztuta helduko da Bayern. Izan ere, aurreko asteburuan 0-2 irabazi zion Bundesligako liderrari; Schalke 04ri, alegia. Dena den, Ottmar Hitzfeldek zuzendutako taldeak nekez irabaziko du liga; Schalkek sei puntu gehiago ditu eta zazpi jardunaldi falta dira lehiaketa amaitzeko. Baina, beno, badituzte itxaropentsu egoteko motiboak, nahiz eta Kahn atezaina eta Van Bommel erdilaria zigortuta egon. Bi horiek ez jokatuta ere, talde sendo eta arriskutsua du Bayernek, fisikoki indartsua delako, lana erruz egiten dutelako jokalari guztiek, lehiakorrak direlako eta, taldea oro har garai batean bezain distiratsua ez izanda ere, euren bi aurrelari titularrek -Makaayk eta Podolskisk- gola sar dezaketelako edozein unetan. Printzipioz, Rensingek eta Ottlek ordezkatuko dituzte Kahn eta Van Bommel.
PSV-LIVERPOOL. Batak gorantz egin du azken asteetan, eta besteak, berriz, beherantz. Liverpool hazita dago. Pasa den larunbatean 4-1 irabazi zioen Arsenali, eta Txapeldunen Ligako aurreko kanporaketan Bartzelona txapelduna kanporatu zuen. Gaurko lehiarako pare bat zalantza ditu Rafa Benitez entrenatzaileak. Bellamy aurrelari galesak arazo fisikoak ditu, eta, beharbada, Crouch erraldoiak ordezkatuko du (hiru gol sartu zizkion Arsenali). PSV, berriz, Herbehereetako Ligako liderra da, baina aurkariak dezente hurbildu zaizkio sailkapenean. Arouna Kone eta Alex titularrek ez dute gaurko partida jokatuko, min hartuta daudelako.
Hilak pizteko modukoa
Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joaneko partida jokatuko dute gaur Milanek eta Bayern Munichek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu