Astearteko euskal derbiak hautsak harrotzen jarraitzen du. Partidan izandako istiluek, eta Lucien Hariñordoki, Imanolen aita, zelaira borrokatzeko asmoz zelairatu izanak sona handia izan dute hedabideetan. Istilu horiek guztiek argitzeko (Marmouyet eta Hariñordokiren arteko borroka eta Hariñordokiren aitaren sarrera) Frantziako Ligako diziplina batzordeak jakinarazi du hilaren 14an bilduko dela.
Data horretan hartuko du gertatutakoen inguruan erabakia. Araudiaren arabera, Miarritzek 4.000 eta 45.000 euro bitarteko isuna eta bere zelaia bi partidaz itxita egoteko zigorra jaso dezake.
Baionak, hasiera batean, salaketa bana ezarri zuen Miarritzeren aurka eta Lucien Hariñordokiren aurka. Batzordearen iragarpenaren ondotik, Baionak Miarritzeren aurkako salaketa kendu du. Halere, batzordearen erabakia bere irudiko epelegia izanez geroz, epaitegietan Miarritzeren aurka jotzeko aukera gordeko du.
Hariñordokiren aitak, berriz, egindakoaren damua agertu du, barkamenak eskatu ditu komunikatu batean. Hori ikusita, Baionak Lucien Hariñordokiren aurkako salaketa kendu du, eta baztertu egin du bere aurka beste ekinbide juridikorik irekitzea.
Hilaren 14an erabakiko du diziplina batzordeak derbiko istiluez
Hariñordokiren aitak barkamena eskatu du bere jarreragatik, eta Baionak haren aurkako salaketa kendu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu