Manchester United eta Cityko zaleek bat egin zuten atzo. Negarrak elkartu zituen, futbola pasioz bizi duen hiri batean. Europako talde handienetako, eta aberatsenetako, bik burumakur bukatu zituzten partidak. Zaleak trenean elkarri adarra jotzeko gogorik gabe gelditu ziren. Izan ere, ez baita Manchesterreko talderik egongo Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan. Sinestezina. Euren bizkar sailkatu ziren Basilea eta Napoli. B multzoan CSKA Moskuk lortu zuen kanporaketetarako bigarren txartela, eta Olympique Lyonek aurrera egiteko behar zuen emaitza konbinazio ia ezinezkoa lortu zuen. Gutxitan ikusi da halako miraririk futbolean.
Manchester Unitedek eman zuen Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako azken jardunaldiko ezustekorik handiena. Basilea ustez ahularen etxean 2-1 galdu zuen. Berdinketa aski zuen aurrera egiteko, baina ezin. Etxekoen lehen gola Strellerrek sartu zuen (9. min.), eta hortik aurrera euren zelaian zain egon ziren. Unitedek izan zuen jokoaren ekimena, eta bigarren zatian gola sartzeko aukera onak izan zituen. Rooney eta enparauek Basileako atea setiatu zuten, baina ez ziren batere fin ibili. Freik 84. minutuan ziurtatu zuen Old Traffordeko bulegoetako hondamendia. Jonesen gola (89. min), beranduegi iritsi zen.
Manchester Cityk zailagoa zuen sailkatzea, irabazteaz gain Napolik huts egitea behar zuelako. Etxeko lanak ondo egin zituen, Bayern Munichi, aurretik sailkatuta zegoen, 2-0 irabazita. Ia ordu erdiz sailkatuta egon zen City, Napolik Vila-realen atea zulatzea lortu zuen arte (0-2). Nierrek egin zuen lehen gola (64. min), eta hamar minutu geroago Hamsikek ziurtatu zuen italiarren sailkapena (76. min.). Cityk etxeko ligako kontsolamendua du, lehen postuan baitago nagusitasun handiz.
B multzoan CSKA Moskuk lortu zuen kanporaketetarako bigarren txartela, Interri, Milanen 1-2 irabazita. Jardunaldia azken sailkatu bezala hasi zuen, aurrera egiteko aukera gutxirekin, baina Lille eta Trazbonsporren husnakoa baliatu zuen biak pasatzeko. Moskuko taldeak 86. minutuan sartu zuen bigarren gola, Berezutskiren bitartez.
Mirari susmagarria
Olimpique Lyonek ia ezinezko zuen sailkatzea. Ajaxek Real Madrilen aurka etxean galtzea, eta Dinamo Zagrebi gol sorta sartzea behar zuen. Ajaxek baino zazpi gol gehiago behar zituen aurrera egiteko... eta lortu zituen. Ajaxek 0-3 galdu zuen, eta Olimpiquek 1-7 irabazi Zagreben. Lehen gola, gainera, Dinamok lortu zuen. Gerta zitekeen, Dinamok gol asko jaso dituelako ligaxkan, baina susmagarria da gutxienez, Lyonek hainbat gol errazegi sartu zituelako. Ajaxen samina, gainera, are handiagoa da, epaileak duda-mudazko bi gol ontzat eman ez zizkiolako, eta aurrelariek bi jaurtiketa bidali zituztelako zutoinera.
Hiri osoa negarrez
Manchesterreko bi taldeak, United eta City, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetatik kanpo gelditu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu