Tony Martinek ez daki hiri barruan ezin dela ibili orduko 50 kilometroko batez besteko abiaduratik gora. Isuna merezi zuen atzo alemaniarrak. Kopenhageko kale zabaletan eman eta eman, orduko 51,813 kilometroko batez bestekoa lortu zuen. Radarren batek harrapatu balu, isuna seguru. Munduko Txapelketa bateko urrezko dominaren ondoan, ordea, nabaritu ere ez luke egingo Martinek 100 euroko isun hori. Hasi eta bukatu, erlojuari eta aurkariei astindu handia eman zien atzo alemaniarrak. «Dena primeran irten zait. Nire eguna eta lasterketa zela nabaritu dut». Irabazi zuen Frantziako Tourreko erlojupekoa, irabazi zuen Espainiako Vueltako erlojupekoa, eta irabazi zuen atzo Munduko Txapelketako erlojupekoa ere. Bikaina izan da Martinen denboraldia.
Tony Martin-Fabian Cancellara. Dema hori espero zen Munduko Txapelketako erlojupekoan. Denboraldian zehar, ezustean, alemaniarraren aldekoa izan da joera. Urrutira joan gabe, Vueltako erlojupekoan, Salamancan, galera handia pilatu zuen suitzarrak. 47 kilometro zeuzkan erlojupeko hark, eta 1.27 minuturen aldea kendu zion orduan Martinek Cancellarari —Christopher Froome eta Bradley Wiggins sartu ziren tartean—. 46,4 kilometro zeuzkan Kopenhageko atzoko erlojupekoak, eta 1.20 minuturen aldea kendu zion alemaniarrak suitzarrari. Berriz ere, Wiggins sartu zen tartean. Erlojupekoetan erregular aritu da Martin denboraldi guztian, eta erregulartasun horren ispilua izan zen atzoko lana ere.
10,8. kilometrorako hamar segundo aurretik zen Martin—Wigginsek 25 segundo galdu zituen lehen erreferentzian—. 16,2. kilometroan 11 segundorena zen aldea; 23,2. kilometroan, hemezortzi segundorena; 34. kilometrorako Cancellara baino 41 segundo bizkorrago zihoan Martin; 39,4. kilometroan iritsi zen aldea minutuaren mugara —57 segundo—; eta hortik helmugara bidean, ezintasunaren amorruarekin, eta arriskatu beharraren arriskatu beharraz, pare bat bihurgunetan galdu zuen zilarrezko domina, Wigginsen mesedetan. Bihurguneetako batean geratu ere egin behar izan zuen suitzarrak, hesiei helduta. «Kontzentrazio faltari» egotzi zion Cancellarak huts hori. Eta Martinek urrezko domina «merezita» irabazi zuela gaineratu zuen.
Cancellarak ez bezala, lasai antzean hasi eta oso-osorik amaitu zuen Wigginsek erlojupekoa. 16. kilometroan Cancellara baino 33 segundo motelago zihoan, baina hortik helmugara bitartean, kilometroko segundo bat jan zion britainiarrak. Bert Grabsch alemaniarra 11 segundo eskasengatik geratu zen dominarik gabe, laugarren postuan.
Castroviejo, oso dotore
Dominen borrokatik urrun, baina oso txukun aritu zen atzo Jonathan Castroviejo. Lehertu egin zen bigarren zatian, baina postu bikaina lortu zuen azkenean bizkaitarrak, 11.a —zazpigarrena izan zen lehen erreferentzian—. «Oso pozik» zegoen txirrindularia bera. «Nahiz eta aldapatxoren bat gehiago eskertuko nuen». Martinen denborarekin, berriz, harrituta zegoen. «Ez dakit nola atera didan hiru minuturen aldea. Ikaragarria da».
Hiriko abiadura mugen gainetik
Tony Martinek aise irabazi du Munduko Txapelketako erlojupeko saioa, Wigginsen eta Cancellararen aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu