Hiru adar eta enbor bat

Xala, Irujo eta Barriola buruz buruko txapelketako adar berean daude, eta Olaizola II.ak, ustez, zortea izan du zozketanMaiatzaren 3an hasiko da, Legazpin, eta sei aste baino ez du iraungo

Buruz buruko txapelketan parte hartuko duten pilotariak, eta Juan Jose Muguruza La Caixa bankuko, txapelketako babeslea, Euskal Herriko ordezkaria, atzoko aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
«Multzo zikin hori!». Kexa zintzo hori Aspeko kide batena da, atzo buruz buruko txapelketako zozketa egin berritan. Eibarko enpresako organigramako langilearen biraoa nahikoa zen txapelketako zozketa laburbiltzeko. Mingarria behar du izan enpresak lehian sartu dituen buruz buruko hiru txapeldunak adar berean elkar oztopatzen ikusteak. Egoera horrek beste adarrak arindu zituen, eta ustekabekoei atea ireki, bai behintzat finalerdietara arte.

Buruz buruko txapelketa maiatzaren 3an hasiko da, Legazpin, santakrutzetako jaien berotasunean. Lehen partida zehazteko dago, baina Aritz Lasak atarikoetan aurrera egiten badu, litekeena da enpresa bakoitzeko atarikoetatik sailkatzen diren pilotariak elkartzea. Finala ekainaren 17an izatea espero da, finalisten osasun arazoek, EPELeko epaile bakarraren irizpideak eta enpresen usteak kontrakorik esaten ez badute. Pilotalekua zehazteko dago, eta ez du zertan Bizkaia izan, kudeatzaileekin sinaturiko kontratuak behartzen duen finala binakakoa izango baita. Guztira hamasei pilotarik parte hartuko dute, enpresa bakoitzetik zortzik, eta inoizko manomanista laburrena izango da. Sei aste eskas izango ditu, bi finalerdiak asteburu berean jokatuko direlako. Binakako txapelketa, esaterako, hiru aldiz luzeagoa izan da.

Zozketak beti dira apetatsuak, eta Luciano Juaristi eta Joxe Arriaran buruz buruko txapeldun ohien eskuek txapelketa desorekatua diseinatu zuten. A adarrak sortu zuen ikusmin gehien, Xala iazko buruz buruko txapeldun zerrendaburu duena. Atzetik Martinez de Irujo du Lekuinekoak, eta lehen kanporaketan Barriolak eta Beroizek neurtuko dituzte indarrak. Bost txapeldunetatik hiru, batera. Adarra bainoago, enborra dirudi. Txapeldun bilerari Beroizen eskuaren egoerari buruzko zalantzak gehitu behar zaizkio, ikusteko baitago bi aste nahikoak izango diren.

Txapelketa apirilaren 6an hasiko da, baina aurretik hiru atariko jokatu beharko lirateke: Aspeko bi, eta Asegarceko bat. Bi irabazleek elkarren aurka jokatuz ekingo diete. Aspen, Aritz Lasak eta Ezkurdiak etzi jokatuko dute, eta irabazleak Zubietaren aurka gero, azken horren eskuak ahalbidetzen badu. Asegarcen, Arretxe II.ak eta Beginok larunbatean neurtuko dituzte indarrak. Lasaren kasua da lazgarriena. Iaz, partida irabazi zuen txapelketan, eta, hala ere, aurten bi atariko jokatu behar ditu sailkatzeko. Iñaxio Errandoneak azaldu zuen. «Lasarekin adostu dugu, eta ulertu du. Bi bikote sartu ditugu binakako finalean, eta estu samar ibili gara egutegia eratzeko, eta ahal izan dugun moduan egokitu gara». Irabazleak Olaizola I.a izango du kontrario, eta multzoko burua Idoate da. Txantreakoa ezin zen kexu izan zozketarekin.

C multzoa maiatzaren 4an hasiko da, Bilbon, Urrutikoetxea eta Gonzalezen arteko partidarekin. Pilotalekua kudeatzen duen enpresak hala eskatuta, ostiralez jokatuko da. Irabazleak Merino II.a izango du aurrean. Binakako finalera sailkatzeak eta egutegi estuak final-zortzirenetan hasteko aukera eman dio errioxarrari. Multzoko burua Bengoetxea VI.a izango da. Azkenik, Olaizola II.ak, ustez, zortea izan zuen zozketan. D multzoko zerrendaburuak Retegi Bi du atzean, eta Olaetxeak eta Albisuk jokatuko dute lehen kanporaketa. Bigarren Mailako buruz buruko txapeldunak atzean utzi ditu eskuko arazoak, eta hasia da entrenatzen.

«Saiatuko da»

Iazko finalaren zalapartaren oihartzuna aurkezpenera iritsi zen, eta enpresek beste buelta bat eman diote arautegiari azken orduko edozein erabakiri geruza legala emateko ahaleginean. Horretarako, zehaztasun gutxiko esaldi bat erantsi diote. Beraz, pilotari batek osasun arazoen erruz finala atzeratzea eskatu eta medikuak «epe laburrean» jokatzeko moduan egongo dela iritzi badio, EPELeko epaile bakarra «finala uztailaren 1a baino lehenago jartzen saiatuko da». Saiatuko da behintzat; ikusteko dago lortuko duen ala ez. Iñigo Salbidea Asegarceko kudeatzaileak argitu zuenez, enpresak pilotariekin bildu dira, eta gaiari buruz hitz egin dute. Edozein kasutan, uztailaren 1etik atzera joka dadin eragoztea da asmoa, sanfermin feriaren aurrekoekin bat egin ez dezan.

Enpresek 3. eta 4. postuak erabakitzeko partiden arazoa konpondu nahi izan dute, halaber. Orain arte ez zuen balio handirik,hurrengo txapelketako adarrenordena zehazteko baino ez —3. sailkatuak finalerdietan txapeldunordearekin gurutzatzeko arriskua zuen, eta 4.ak txapeldunarekin— , eta pilotari askok jokatzeari muzin egin izan diote arazo fisiko txikiak argudiatuta. Aurten enpresek jarrera hori eten nahi izan dute, eta 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatzen ez duen pilotariak zerrenda-buru izaera gal dezake hurrengo urterako. Pilotariren batek muzin egingo balio, enpresek arrazoiak aztertuko lituzkete, eta horren arabera erabakia hartu.

Aurkezpena pilotariak biltzeko aukera ona da, eta batek baino gehiagok entrenamendu saioak antolatzeko erabili zuten, eta ez nolanahikoak. Eguerdi aldera, Juan Martinez de Irujo eta Sebastian Gonzalez elkarrekin entrenatu ziren Bizkaia pilotalekuan, eta, haien atzetik, Mikel Urrutikoetxea eta Aimar Olaizola aritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.