Itzali da zuzi olinpikoa, eta horrekin amaitu dira Tokioko Jokoak. Euskal kirolariek bildu dute bost urteetan ereindako uzta. Egindakoa barneratu, atseden hartu eta hurrengo ziklo olinpikora begira jartzea izango dira hurrengo urratsak. Izan ere, inoizko laburrena izango da. Paris 2024 hiru urtera dago.
Piraguismoa
Maialen Chourraut
Olinpiar Jokoetan onena
Beste behin, behar zuenean agertu, eta zilarra lortu zuen. Olinpiar Jokoetan inoiz izan den euskal kirolaririk onena da, hiru dominarekin. Aurretik brontzea kolkoratu baitzuen Londresen (2012), eta urrea Rion (2016). Finalean jo zuen kolpea. Behar zuen pazientzia izan zuen hasieran, hutsik egin gabe jardun zuen erdialdean, eta ikusgarri gainditu zituen azken ateak. Trabaz eta zailtasunez betetako bost urte egin eta gero, ametsa zirudiena betea zuen: «Agian ez nintzen bizkorrena izango, baina bai eskarmentu handiena zuena».
Ander Elosegi
Berriz ere diploma
Laugarren diploma eskuratu du C-1 kategorian. Koska bat falta izan zitzaion podiumean egoteko. Denbora onenen artean hirugarrena lortuta iritsi zen finalera, baina seigarren amaitu zuen: «Une batzuetan zehaztasuna falta izan zait, huts txikiak egin ditut».
Iñigo Peña
Ezin dominarekin biribildu
Seigarren lekuan amaitu zuen K2-1.000ko proba, Paco Cubelosekin. Bikoak ezin izan zion ginga jarri aro olinpiko onari. Finalerdietan nahiago izan zuten indarrak apur bat gordetzea, eta finalean zortzigarren kaletik arraun egin behar izan zuten. Haizeak kalte egin zien, eta ezin izan zuten hasieran galdutako denbora berreskuratu. Amaieran, «penatuta» zegoen, baina kontzientzia lasai zuen: «Estropada oso ona egin dugu, eta dena eman dugu».
Futbola
Mikel Oiartzabal, Martin Zubimendi, Mikel Merino, Unai Simon eta Jon Moncayola
Sufritutako zilarra
Zilarrezko domina zintzilikatuta itzuli dira. Ondo kostatako zilarra. Multzoetako partidetan bi berdinketa eta garaipen bat erdietsi zituzten, eta luzapenean azpiratu zituzten Boli Kosta (5-2), eta Japonia (1-0). Luzapenean galdu zuten Brasilen kontra: 2-1. Oiartzabal nabarmendu zen: erabakigarria izan zen hainbat partidatan, eta hiru gol sartu zituen. Merinok eta Zubimendik zelai erdiko agintea izan zuten; Simonek gorabeheratsu jardun zuen; eta Moncayolak gutxi jokatu zuen. «Sari handi bat da», adierazi zuen Oiartzabalek.
Eskubaloia
Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo
Merezitzako brontzea
Balio bereziko brontzea lortu dute. Aginagaldek agur esan die selekzioen arteko txapelketei, eta irabazi gabe zeukan domina olinpikoa lortu zuen. Gurbindorentzat erronka bat zen Tokion egotea. Jokoak iaz izan balira, ez zen bertan egongo, lesio larri batengatik. Biak «oso pozik» ziren, Egiptori 33-31 irabazi ostean. «Urte asko izan dira. Horrela amaitzea izugarria izan da», nabarmendu zuen Aginagaldek. Orkatila minduta amaitu zuen. Hunkituta zen Gurbindo. Defentsako lana eta txandakatzeak izan ziren haren ekarpena.
Nerea Pena eta Ainhoa Hernandez
Ez dute helburua bete
Final-laurdenetarako sailkatu, eta, ahal izanez gero, dominen borrokan egoteko ilusioa zuten. Baina ezin multzoen fasea gainditu. Une erabakigarrian, Hungariaren aurkako partidan, huts egin zuten: 29-25. Gero, ezin izan zioten Errusiari irabazi. 31-34. «Hungariaren aurka ez genuen gure maila eman», onartu zuen Penak. Ez zegoen gustura bere lanarekin: «Hustuta amaitu ditut Jokoak». Hernandezek azpimarra hau egin zuen: «Gehiago eman genezakeen».
Atletismoa
Asier Martinez
Jokoetako ezustea
Estreinako Olinpiar Jokoetan handia egin zuen 110 metroko hesidunetan. Korritutako hiru lasterketetan ezarri zuen mugarriren bat: lehenengoan, sailkatze proba irabazi zuen, eta finalerdietan izan; bigarrengoan, finalerako sailkatu zen, bere marka pertsonala hobetuz; eta finalean, seigarren izan zen. Diploma olinpikoa irabazi zuen, eta beste bost segundo jan zizkion marka pertsonalari, 13.22n utziz. Pistan zein hortik kanpo erakutsitako gertutasuna eta naturaltasuna nabarmendu behar dira. «Ezin sinetsita nago».
Elena Loyo
Gozatuta bueltatu da
Maratoiak berezkoa du sufrimendua. Baina gozatu egin zuen: «Ederra izan da esperientzia». Lasterketa oso ona egin zuen. Hasieratik erritmo egoki bat ezarriz, eta azken 12 kilometroetan erritmoa handituz. 29. helmugaratu zen. Haren marka: 2.34.38
Teresa Errandonea
Arantzarekin bueltatu da
Ez zen finalerdietarako sailkatu 110 metroko hesidunean. Seigarren izan zen bere sailkatze lasterketan. 13.15eko denbora egin zuen, bere marka onena baino hamaika ehunen gehiago. «Triste eta minduta nago neure buruarekin, nire marka onenarekin [13.04] finalerdietarako sailkatu delako atleta bat». Ez zuela ondo korritu onartu zuen.
Odei Jainaga
Lesioak baldintzatuta
73,11 metro jaurti zuen, eta xabalinako finaletik urrun geratu zen. Eskuin sorbalda mindua zuela iritsi zen Tokiora. Anestesia jarri zioten, baina ez zuen funtzionatu. «Espero baino dezente okerrago atera zaizkit gauzak». Gustura zen olinpiar esperientziarekin.
Sergio Fernandez
Gurutzebideak ez du etenik
Azken bi urteetan lesioekin izandako gurutze bidearen beste kapitulu bat izan ziren Jokoak. Ekainean Tokiorako sailkatu arren, iskion-tibietako lesioak ez zioten entrenatzen utzi, ezta 400 metroko hesidunean sailkatze proba gainditzen.
Badmintona
Clara Azurmendi
Azken orduko ametsa
Hasi baino hilabete lehenago jaso zuen Jokoetan egoteko deia. Gozatzeko eta bere ohiko jokoa egiteko asmoz joan zen. Helburua beteta itzuli zen. An Se Young (Korea) multzoburuaren kontra galdu egin zuen; baina Dorcas Ajoke Adesokanen (Nigeria) kontra gailendu egin zen. «Onenak ez daudela horren urruti ikusi dut. Niretzat ametsa izan da hau bizitzea».
Arrauna
Virginia Diaz
Ahaleginak zamatuta
Aina Cidekin batera, lemazainik gabeko binakako finalerako sailkatu zen, eta seigarren amaitu zuten. Diploma olinpikoa. «Finalerdietan egindako ahalegina ordaindu dugu, eta alboko haizea».
Txirrindularitza
Ion Izagirre, Gorka Izagirre eta Omar Fraile
Jokoak, amesgaizto
Errepideko probaren bezperan, Espainiako selekzioko masaje emaileetako batek positibo eman zuen COVID-19an, eta itxialdian pasatu zuten eguna, proban parte hartuko zuten jakin gabe. Azkenean, lehiatzeko moduan izan ziren, baina gertatutakoak, nahiz ibilbidearen zein eguraldiaren gogortasunak, erabat baldintzatu zieten jarduna, lasterketa amaieran Gorka Izagirrek onartu bezala: «Sufrikarioa bizi izan genuen atzo, eta bagenekien gaur gaur oso zail jarriko zitzaizkigula». 28. izan zen sailkapenean, Ion anaia 79. Fraile erretiratu egin zen. Ionek erlojupekoan hartu zuen parte, baina ez zuen amaitu, arazo fisikoengatik.
Ane Santesteban
Presiorik gabe, gustura
Presiorik gabe, eta goi mailan finkatuta iritsi zen Tokiora, eta horrek emandako lasaitasunarekin lehiatu zen. 27. amaitu zuen errepideko proba. «Taktikoki oso lasterketa gogorra izan da, baina asebeteta amaitu dut. Zerbait gehiago egiteko hankak nituen».
Golfa
Carlota Ziganda
Onenengandik urrun
2016ko Rioko Jokoetan baino hamar postu gorago amaitu zuen bere jarduna: 29., onenengandik aparte. Lehen egunean oso lan ona egin zuen, laugarren. Hurrengoetan, okerrago. Gustura zegoen, hala ere.
Hockeya
Jose Maria Basterra
Ikasgaia, Parisera begira
Ez zuen espero Tokion egotea. Burua 2024an zuen, Parisen. Saria eta ikasgaia izan dira Joko hauek harentzat: «Onenekin lehiatu, eta nire akats eta ahulguneak ikusteko balio izan dit». Multzo fase gorabeheratsu baten ostean, final-laurdenetan Belgikaren galdu zuten (3-1), gerora urrea lortu zuen selekzioa.
Surfa
Pauline Ado
Estreinakoa denentzat
Lehen aldiz izan da surfa olinpiar kirola, eta Ado izan zen euskal surflari bakarra Japonian. Aurreneko bi kanporaketak gainditu zituen, baina galdu egin zuen Sally Fitzgibbonsen aurka, eta ez zen sartu final-laurdenetan.
Bela
Kevin Peponnet
Espero baino makalago
470 espezialitatean aritu zen, Jeremie Bionekin batera. Domina lortzeko hautagaiak ziren. Azken bi probetara finalean sartzeko aukerekin iritsi ziren, baina ez ziren fin aritu. «Nabigatzeko moduak ez digu emaitzarik eman». Sailkatze fasea hamaikagarren postuan amaitu zuten, eta hamar sailkatzen ziren.
Waterpoloa
Alberto Munarriz
Azken bi lehietan, kale
Tokiotik domina batekin itzultzeko itxaropena zuen. Multzoen faseko partida guztiak irabazi zituzten, baina finalerdietan kolpea jaso zuten, azken jokaldian Serbiaren aurka galduta. Brontzezko domina lortzeko partida kaskarra egin zuten Hungariaren kontra: 9-5. Munarriz taldeko zutarrietako bat izan zen, hamabost gol sartuz. «Azken bi partidetan errematatzea falta izan zaigu».
Saskibaloia
Xabi Lopez Arostegi
Egote hutsa, sari
Azken unean, oporretara bidean zela, jaso zuen Tokion egoteko deia, «saria»: «Asko ari naiz ikasten. Gainera, Espainiako selekzioan belaunaldi aldaketa bat dator, eta hemen egotea garrantzitsua da etorkizunari begira». Jakitun zen ez zuela asko jokatuko. Azkenean hiru minutu eta erdi izan ziren. Final-laurdenetan esan zion agur, kale edo baleko lehen kanporaketa AEBen kontra jokatu eta gero: 81-95.