Hiru euskal taldeen derbia
Osasunak puntu bat nahikoa du, eta Realak irabazi beharra dauka Athletic estutzeko
Osasunak puntu bat nahikoa du, eta Realak irabazi beharra dauka Athletic estutzeko
A. LEGARDA / X. LOPETEGI
Iruñea / Donostia
Liga amaierarako hiru jardunaldiren faltan, Lehen Mailako hiru euskal taldeek ez dakite zehatz-mehatz datorren denboraldian Lehen Mailan jarraituko duten ala Bigarren Mailan ari beharko duten. Gaur hirurek jokatzen dute Nafarroako Erresuman. Realak, aspaldiko partez, jaisteko postuetatik at egoteko aukera du, baldin eta gaur arratsaldean Iruñean irabazten badu. Athletic da donostiarrek sailkapenean gertuen duten taldea. Puntu bakar bateko aldea dute bilbotarrek -Mallorca hartuko dute gaur San Mamesen-, eta begiz jota daukate Athletic Realekoek. Osasuna egoera lasaiagoan dago. Geratzen zaizkien hiru partidak galduta ere, mailari eusteko aukera dezente dute iruindarrek (Athleticekin eta Realarekin 40na punturekin berdinduta amaituz gero, nafarrak jaitsiko dira, dena dela). Baina gaur bertan uxatu nahi dituzte nafarrek mamu guztiak. Eta, horretarako, gutxienez berdintzera behartuta daude Jose Angel Zigandaren mutilak.
Gorritxoek ez dute Ligako bigarren itzulian partida bakar bat ere irabazi Nafarroako Erresuman. Lau hilabete eta erdi igaro dira Osasunak etxean azken partida irabazi zuenez geroztik: urtarrilaren 14an, 5-1 jipoitu zuten Betis -Pino Zamoranok, gaurko epaileak, zuzendu zuen partida hura-, gorritxoen hurrengo aurkaria Ligan. Zortzi partidatan, bost berdindu eta hiru galdu dituzte Zigandaren mutilek. Eta berdinketa nahikoa badute ere, bolada txar hori eteteko garaia bada, eta irabaztera zelairatuko dira gorritxoak: «Esames guztietatik at egon behar dugu guk, eta oraindik ez ditugu etxeko lanak egin. Puntu bat falta zaigu. Berdinketak balio digu, baina berdinketaren bila zelairatuz gero, galdu egiten da gehienetan, eta garai- penaren bila zelairatu beharra daukagu», esan zuen herenegun Javier Flañok, adibidez.
ZALEEN ARTEAN, GIRO ARRAROA. Javier Flañok aipatutako «esamesak» asko izan dira, bai. 2001eko ekainaren 17an Osasunak -Miguel Anjel Lotinaren zuzendaritzapean- Anoetan mailari eutsi zioneko eguna ez da oraindik ahaztu. Realzaleen babes osoa izan zuten gorritxoek egun hartan -Reala matematikoki salbatuta zegoen-. Eta ordainean osasunazaleek ere gauza bera egin nahi dute. Gehientsuenek bai, behintzat. Osasunazaleen web orri batean zaleen %60k Realak irabaztea nahi dutela diote. Osasunaren web orrian bertan ere zaleen %70ek 40 puntuak mailari eusteko nahikoa direla diote. Eta, noski, Osasunako jokalariei ere iritsi zaie aste honetan osasunazaleen realzaletasuna.
Desadostasuna azaltzen lehendabizikoa Patxi Puñal izan zen: «Jaten ematen digunarekin jolasean aritzerik ez dugu, eta oraindik puntu bat falta zaigu mailari eusteko. Kalera irten eta zale askok eta askok esan dit Realari mesede bat egin behar diogula, baina zer gertatuko da gero Realak, Athleticek eta Levantek hurrengo bi partidak irabazten badituzte? Bada, azken jardunaldian larri izango garela!», esan zuen Uharteko erdilariak. Zaleekin haserretu egin zela ere eman zuen aditzera: «Nazkatuta itzuli nintzen etxera atzo, denek kontu bera zuten hizketagai, eta benetan, atera nintzenean baino okerrago itzuli nintzen etxera», onartu zuen kapitainak.
Hurrengo egunean Savo Milosevicek eman zien jarraipena Puñalen hitzei, zaleak arriskuaz ohartarazteko helburuarekin: «Bai, jende askok esan dit Realari lagundu egin behar zaiola aste honetan, baina oraindik ezin dut sinetsi osasunazaleek hori esaten didatenik. Mila arrazoi eman ditzaket hori egiteko, eta bakar bat ere ez egiteko. Puntu bat behar dugu, eta salbazioa beste helbururik ez dugu. Niri berdin zait zaleek nola erreakzionatzen duten harmailetan, guk gurean soilik pentsatzen dugu», esan zuen aurrelari serbiarrak. Bere lagun Kovacevic Bigarren Mailara jaisterik ez du nahi, baina Realeko aurrelariak badaki Milosevicek ez diola gaur inolako mesederik egingo.
«Aste arraroa izan da, baina ez entrenatzeari eta lan egiteari dagokienez. Agian ondo etorri zaigu aste hau, gainera, taldea oso ondo lan egiten ikusi baitut. Dagoeneko salbatuta gaudela pentsatzea zentzugabea eta harrokeria da, nik ere baditut besteak baino gogokoago ditudan taldeak, baina lelokeriak utz ditzagun, ez nire kontra ari badira. Puntu bat behar dugula badakit, eta lehenbailehen salbatu nahi dut, hurrengo bi asteetan arnasa lasai hartu ahal izateko», esan zuen atzo Zigandak, badaezpada. Kontzientzia arazorik ez du Larraintzarkoak, eta bere larruan gozo bizi dela ziurtatu du, partida amaieran ere hala izango dela aurreratuz: «Galdu edo irabazi, mundu guztiari begietara so egin ahal izango diot, seguru», ziurtatu zuen.
GORAKADA GAUZATZERA. Jaisteko postuetatik irteteko aukera izan lezake gaur Realak, Osasuna mendean hartuz gero. Arrisku handiko partida jokatuko du gaur Realak. Azken boladan lortu dituen emaitza apartek eta behetik gora joan izanak gehiegizko baikortasuna piztu dutelako, alde batetik. Tamalez, kolokan dago oraindik ere. Duela hamar jardunaldi baino askoz hobeto, zalantzarik gabe, baina putzuan eta huts egiteko aukerarik gabe. Une erabakigarrietara bizirik iristeak meritu handia dauka, baina ezerezean geldituko da ahalegin hori, geratzen zaizkion hiru partidetan asmatzen ez badu. Gustatu edo ez, hori da Realaren benetako egoera: deserosoa. Ondo dator gogoraraztea. Hori gutxi balitz bezala, partida aurreko giroari so eginez gero, badirudi garaipena eskuan duela, askorik egin gabe hartuko duela mendean Osasuna. Ez da egia. Hobe horrelakoetan ez sinestea.
Sevilla, Bilbo eta Valentzia aldeko hedabideek hizpide izan dute gaurko norgehiagoka. Denek eman nahi izan dute beren iritzia, inongo interesik izan beharko ez luketen jokalari batzuek barne: Albeldak, esaterako. Neurri batean, seinale ona da. Reala bizirik dagoela esan nahi du. Aurkarien errespetua irabazten ari dela eta mailari eusteko borroka pil-pilean jarri duela. Baina badu bere alde txarra. Osasunak egoera normal batean izango ez lukeen eta merezi ez duen presio gehigarriarekin ekingo dio lehiari. Matematikoki ez, baina birtualki salbazioa eskuetan dauka, Lotinak ostiralean eta ez kasualitatez gogorarazi zuen moduan. Haatik, zilegitasun osoa dauka Realak 2000-01eko partida famatu hartan askoren aburuz egin zuena ez egiteko.
Lotinak argi utzi zuen ostiralean, polemikaren harira, «bakoitza bere kartak jokatzen» saiatzen dela. Txuri-urdinek berea egin behar dute. Azken partidetan egin dutena: serio jokatu eta eraginkortasunari eutsi, mesede, adiskidetasun, opari eta bestelakoetan pentsatu gabe. Berdin jarraitu. Badakite, zorionez, gaurkoa futbol lehia izango dela, hamaika jokalari izango dituztela aurrean, eta berdegunean ematen duen maila izango dela erabakigarria. Ez kazetariak. Gol gehien sartzen duenak irabaziko du, ez lerroburu polemikoena idazten duenak, eta golak sartzen ondo moldatu da taldea azken boladan. Azken hamar partidetatik sei irabazi dituenak daukan konfiantzarekin eta jokoan aurkaria baino askoz gehiago daukanaren adorearekin aritu beharko du.
Kanpoan jokatzen badu ere, animorik ez zaie faltako, zale txuri-urdinenak ez ezik, gorritxo askorenak ere izango dituelako. Hala ere, Nafarroako Erresuma ez da zelai erosoa izan azken denboraldietan Realarentzat. Iaz 2-0 galdu zuen. Gainbehera zihoan, eta Osasuna, aldiz, Txapeldunen Liga lortzeko ziztu bizian. Gonzalo Arkonadaren azken partida izan zen aulkian. Orain bi sasoi ere, 1-0 galdu zuen. 2002-03an lortu zuen azken garaipena, 2-3. Azken hiru denboraldietan, Realak beti izan du partida horietan Osasunak baino puntu premia nabarmen handiagoa, baina puntu bat baino ez du urratu, 2003-04an. Hala ere, gorritxoek partida gehiago irabazi dituzte aurten kanpoan etxean baino: urtarrilean erdietsi zuten azken garaipena Nafarroako Erresuman, Betisen aurka.
Reala ez da aparteko jokorik egiten ari. Defentsan, behintzat, ez du konfiantza handirik eman azken bi partidetan, baina, tarteka zortea lagun izateaz gain, erasoan talde osoak izan duen hobekuntzak bigarren mailan utzi du gabezia hori. Denboraldi osoan izan ez duen jokoa erakusten ari da orain. Itxaropenerako datu bat: etxetik kanpo, gol gutxien jaso duen taldea da, Atletico Madrilekin berdinduta. Partida bizia espero da, erritmo handikoa. Litekeena da Realak iniziatiba hartzea eta Osasuna kontraerasoan jokatzen saiatzea, baloia lapurtu eta hiru ukitutan Bravoren atea bilatzen saiatzea, hori baita bere dohainetako bat. Txuri-urdinek, aldiz, Kovacevicek eragindako bigarren jokaldiak eta hegalak baliatu beharko dituzte.
Zelai erdiko borroka eta borroka fisikoa izan daitezke beste gakoetako bat, bi taldeen arteko derbi gehienetan bezala. Ildo horretan, litekeena da Osasuna hobeto iristea, bere txandakatzeengatik eta Realeko jokalari garrantzitsu askok lesioekin aste honetan izan dituzten arazoengatik. Hala ere, guztiak sartu ditu Lotinak deialdian: Savio, Juanito eta Garitano. Lehen biek entrenamendu guztia egin zuten atzo. Garitanok, berriz, lehen erdia baino ez. Gastritisa izan du, ahul omen dago, eta badirudi berak daukala jokatzeko aukera gutxien. 19 jokalari eraman ditu entrenatzaileak Iruñera. Bat baztertu beharko du. Gerardo da berritasun bakarra, azken hiru asteetan min hartuta egon ondoren osatu egin baita. Eskuin hegaleko espainiarraren eta Estradaren artean hautatu beharko du Lotinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu