Festarako giroa zegoen Anoeta eraberrituaren estraineko partidan, eta ederki hasi du neurketa Realak, 12. minutuan Bartzelonari aurre hartuta. Aritz Elustondok egin du gola. Falta bateko erdiraketa luzea buruz ikutu du Hector Morenok, eta Elustondok ezkerrez gogor jo du Bartzelonaren ateko lehen zutoinera. Ter Stegenek ezin izan du gelditu.
Elustondok Imanol Agirretxeri egin dio keinua gola ospatzerakoan. Aurrelari usurbildarraren agurrean, berak egin ohi zuen modura ospatu du gola, beso zabalik, eta eskuekin irudikatu du haren elastikoko 9 zenbakia.
📷 #EtorkizunekoAnoeta-ko lehen goleatzailea hemen duzue! Zorionak @AritzElustondo âš½ 1-0 #RealSociedadBarçapic.twitter.com/F0C8JrcW14
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) 2018(e)ko irailaren 15(a)
Markagailuan aurretik, giroa sekulakoa zen Anoetan. Reala ongi kokatuta zegoen zelaian, eta deseroso izan du Bartzelona lehen zati osoan. 1-0ekoarekin iritsi da partida atsedenaldira.
Bigarren zatian, Realak aukera onak izan ditu. Oiartzabalek, Theok eta Juanmik hiru gol aukera izan dituzte segidan, 58., 60. eta 61. minutuan. Ez dute gola egiten asmatu, ordea. Bartzelonak berehala erantzun du, eta markagailua irauli du hiru minututan.
Suarezek egin du berdinketaren gola, 62. minutuan. Erdiraketa bat buruz errematatu du Piquek, Rullik ez du ongi urrundu errematea, Dembelek buruz ikutu du area barnean eta Suarezek sareetara bidali du baloia.
Handik gutxira, beste erdiraketa baten aldaratzea arearen erdialdera bidali du Rullik, eta Dembeleren jaurtiketak zulatu du etxekoen atea bigarrenez.
Reala saiatu da berdinketa lortzen, eta Juanmik aukera bikaina izan du 85.ean binakoa egiteko. Mikel Merinoren pase eder batek, Bartzelonako defentsaren gainetik jarri dio baloia aurrelari txuri-urdinari area barruan, bakarrik. Errematea, baina, gutxigatik joan zaio kanpora.
Azkenean, 1-2 galduta, Realak ez du punturik gehitzea lortu laugarren jardunaldian eta lau punturekin jarraituko du.