Mitikiletik San Martingo Harrira, Zuberoatik Nafarroara, 100 kilometroko gozatua; hiru ordu pasatxoko ikuskizuna. Wellcome esanez hasi zuen Tourrak aurtengo ibilbidea, uztailaren 7an; Belgikan sartu-irtena eginda, bienvenue esanez hasi ziren Frantziako lurretan; baina bihar ongi etorri ukitu ederra hartuko du Frantziako Tourrak.
Urrian, Tourra aurkeztu zutenean, uztailaren 25ari begira jarri ziren euskal zale asko eta asko, eta urruti zegoela zirudien arren, iritsi da txirrindularitza maite duten euskal zaleentzat egun handia. Euskal Herritik pasako delako izango da berezia biharko etapa, baina baita bigarren atseden egunaren ondoren iritsiko delako, Tourra biharko etapan erabakiko delako eta Tourreko mendaterik gogorrena ez bada gogorrenenetakoa Euskal Herriko lurretan igo beharko dutelako ere. Oso-oso berezia izango da, beraz, biharko etapa, Orthezetik Aubisquera artekoa, 218,5 kilometrokoa.
Okzitanian hasiko da etapa, Ortheze herrian, eta Biarnoko Navarrenx herritik barrena iritsiko dira Euskal Herrira, 29,5. kilometroan. Mitikile herriak emango dio ongietorria Tourrari. Berrogaine eta Sohüta ingurua atzean utzita iritsiko dira Maulera, Zuberoako hiriburura. Mendikota, Atharratze... Zuzen-zuzen hegorako bidea hartuta iritsiko dira Ori handiaren magaleraino, Larraine herriraino.
Ikuskizun gosez dagoenak inguru horretara gerturatzea aski izango du. Izan ere, Larrainetik gora hasiko dira eguneko maldarik pikoenak igotzen. Erroimendi gainera iritsiko dira lehenengo, ondo bidean eguerdiko ordu batak inguruan, eta hortik gora Iturzaeta maila bereziko mendatearen azken kilometroak igoko dituzte. Iturzaetatik behera, Nafarroako lurretan sartuko da tropela, Erronkarin. Lazarko hirugarren mailako muino txikia igoko dute lehenengo, eta ziztu bizian egingo dituzte Izabara arteko hamar kilometro pasatxoak.
Hortik gora, Belaguako aterpetxe aldera joko dute. Paraje zoragarriak igaroko dituzte txirrindulariek San Martingo Harria eski estaziora bidean. Jende asko joan ohi da Belaguako bailara eder horretara, parajeekin gozatera, eta bihar ere zale asko pilatuko da San Martingo Harriko igoera dotorean. Begira egoteko inguru zoragarria da, baina txirrindulariek beste berotualdi bat hartuko dute bertan.
EUSKAL SELEKZIOAREN ALDARRIKAPENA. San Martingo Harrian esango dio agur Euskal Herriak Tourrari, 131. kilometro inguruan, 14:45 aldera. Euskaldunen festa, ordea, Aubisque gaineraino iritsiko da, etapa amaieraraino, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak gain hori aukeratu baitu bere gunea jartzeko. Zazpigarren urtez egingo du ESAITek euskal selekzioaren aldarrikapena Tourrean. Gaur bertan egingo dute euskal jaia, 19:00etan. Txistorra, gazta, sagardoa, euskal musika... ez da ezer faltako Aubisqueko gainean.
Bihar, berriz, Euskal Selekzioaren Aldeko VII. Bizikleta Martxa egingo dute, 10:00etan, Eaux-Bonnesko turismo bulegotik abiatuta. Aubisqueko gaineraino 11 kilometroko igoera izango dute martxan parte hartu nahi duten guztiek. Hala ere, nahi izanez gero beste ibilbide laburrago bat ere prestatu dute, zazpi kilometrokoa. Horiek 11:00etan aterako dira, Gouretteko eski estaziotik. Batera iritsiko dira denak Aubisquera. ESAITek jakinarazi duenez, jendarmeen aginduz, bihar 16:00etatik aurrera ezingo da Gourettetik pasa; jaisterik ere ez da izango. Beraz, Aubisquera joan nahi duenak 16:00 baino lehen joan beharko du.
ESAITen aldarrikapenarekin batera, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako hainbat udalerrik ere antolatu dituzte ekimenak. Tourrak 52 kilometro inguru egingo ditu Nafarroan, eta ibilbide horretan 19 belaki jarriko dituzte, euskaraz, espainieraz eta frantsesez, Nafarroako turismo guneak eta produktuak ezagutarazteko. Izabako pilotalekuan, berriz, pantaila erraldoi bat jarriko dute (4x3 metrokoa), etapa zuzen-zuzenean ikusi ahal izateko. 1.400 lagunentzako tokia egongo da pilotalekuan, eta inguruan 700 bat aparkaleku eta hainbat komun jarriko dituzte.
Festa giroaz eta aldarrikapenaz gain, ordea, kritikarik ere ez da faltako. Izan ere, Batasuneko Aurore Martinek eta Zigor Gojeaskoetxeak salatu dutenez, Tourrak ez du aintzat hartu biharko etapan Euskal Herritik igaroko direla. Tourra Euskal Herritik pasa den bakoitzean egin duten moduan, aurten ere Batasuneko kideak Christian Prudhomme Tourreko zuzendariarekin harremanetan jarri dira, euskararen presentzia berma dezan eskatzeko. Aurten ez dute erantzunik jaso. «Aurten gure hizkuntza erabat baztertu dute».
Horren harira, EEP Euskal Erakunde Publikoaren jarrera ere «lotsagarria» izan dela kritikatu dute, Batasunaren ustez eurei baitagokie horrelako eskaerak zuzenean egitea. Oztopo guztien gainetik, ordea, zaleei Tourrera ikurrinekin eta Euskal Herriko adierazleekin joateko eskatu die Batasunak.
Hiru orduko gozatua
Frantziako Tourrak 100 kilometro egingo ditu bihar Euskal Herrian, Zuberoatik eta Nafarroatik barrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu