Hiru partida zail, hiru mugarri

Baskoniak Kanaria Handian jokatuko du gaur eguerdian, Zaragozan igandean, eta Istanbulen ondoren

Pablo Prigioni taldea zuzentzen, Cajasolen aurkako ACB Ligako partidan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Maletak egin, eta segi. Denboraldiaren gurpil zoroa martxan hasi da, eta ez da geratuko maiatza arte. Baskoniak bidaia eroso bakarra egin du orain arte, Bilbora, baina hurrengo zazpi egunetan makina bat ordu pasako ditu hegazkinetan, hoteletan, eta batetik bestera joaten, autobusean. Atzo hasi zen joan-etorri neketsu hori. Gasteiztik Kanaria Handira. Partida bukatu eta berehala bueltatuko dira Euskal Herrira, baina gauerdia pasata iritsiko dira Gasteizera. Larunbatean 275 kilometroko osteratxo lasaia egingo dute Zaragozaraino, baina asteartean bost orduko hegaldi luzea Turkiaraino, Istanbul hiriraino. Han Fenerbahce Ulker izango du zain.

Hiru bidaia zail, eta hiru mugarri. Plaza zailak baitira hirurak, eta horietatik garaile irteteak indar handia eman diezaioke Baskoniari. Kanaria Handia da lehena, Istanbulgo norgehiagokarekin batera hiruretan zailena. Las Palmas hiriko CID kiroldegiari arroka deitzen diotelako. Hango jabea belaunikarazteak muturreko ahalegina suposa dezakeela erakusten duen goitizena. 30-32 graduko hozberoa, 5.000 zale sutsu aurkariari eta epaileei sekulako presioa egiten, eta parean, urtez urte ligako zortzi onenen artean sartzeko erronkan murgiltzen den talde apala. Apala, baliabidez, beste batzuk baino askoz sos gutxiago duelako.

Baskoniak baino gutxiago, adibidez. Kanaria Handiak aldez aurretik du irabazia buruko borroka. Aurkaria galtzaile sentiarazten dute jokatzen hasi aurretik, eta han irabazteko dena edo ia dena egin behar da ondo. Talde baten eta bestearen kalitatea alderatuz gero Baskonia askoz indartsuagoa dela agerikoa izan arren. Batez ere Kanaria Handiak joan den sasoitik hasi berri denera eduki dituen bi hutsuneen erruz. Kanaria Handian lan bikaina egin, eta talde aberatsen deia jaso dute Jaycee Carroll eta C. J. Wallace estatubatuarrek, Pedro Martinezek gidatzen duen taldea hankamotz utziz.

Berreraikitzeko ahalmena

Beste edozein taldek komeria piloa izanen lituzke taldea berreraikitzen, baina Kanaria Handian eskarmentu handia dute lan horretan. Baskoniak bezala, baina neurri apalagoan. Etorkizun oneko jokalariak fitxatzen dituzte, sasoi pare batean saldu egin ditzaketela jakinda. Bidesari hori ordaintzeko prest daude, trukean dirua lortzen baitute. Carroll eta Wallace historia dira, eta Marquez Haynes eskolta, Juan Palacios hegalekoa eta Laurence Ekperigin pibota fitxatu dituzte.

Aurretik etorri ziren asko bezala, ezezagunak, baina errendimendu ona emango dutenak. Savane, Bramos, Nelson eta Xavi Rey bezala, urteen joan-etorrian Kanaria Handian bide luzea egin duten, egin dezaketen jokalariak.

KANARIA H.-BASKONIA

Kanaria Handia. Taurean Green, Bellas, Heynes, Bramos, Beiran, Roman Martinez, Palacios, Ekperigin, Spencer Nelson, Savane eta Rey.

C. L. Baskonia. Heurtel, Prigioni, Oleson, Ribas, Wiiliams, San Emeterio, Calbarro, Nemanja Bjielica, Teletovic, Milko Bjelica eta Seraphin.

Sailkapena. 17. postuan da Kanaria Handia: 0-1 (-17). Baskonia 3. da: 1-0 (+13).

Tokia. CID (5.000 zale).

Ordua. 13:00 (EHn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.