Bolada onari segida eman dio Athleticek Fundacion Albaceterekin jokatutako partidan. Bilbotarrek hirugarren partida irabazi dute jarraian, eta laugarren postuan jarraitzen dute, Atletico Madril hirugarrenetik hiru puntura.
Kanpokoak aurreratu dira 15. minutuan Costak eginiko gol baten bidez, aldaratze bat aprobetxatuz. Nekanek, ordea, 23. minutuan berdindu du markagailua, eta bana joan dira atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala, Matik penaltiz egin du espainiarren bigarrena, eta bost minutura egin du Nekanek berdinketaren gola, buruz. Buruz egin du Arranzek Athleticen hirugarrena 61. minutuan, eta 69.an lehia erabakita utzi du Oruetak, penaltiz.
Realak, berriz, puntu bat urratu du Huelvara eginiko bisitan. Partida maldan gora jarri zaie donostiarrei, Cristina Martin-Prietok 24. minutuan eta Hernandezek lehen zatiaren hondarrean eginiko golek abantaila nabarmena ematen baitzioten Sportingi. Atsedenaldiaren ostean, ordea, bestelakoa izan da partida; Idoia Agirrek egin du txuri-urdinen lehen gola 69. minutuan, eta arauzko denbora amaitzeko lau minutu baino ez zirenean falta egin du Itxaso Uriartek Realaren bigarrena.
22 puntu ditu orain Realak, eta 11. postuan dago sailkapenean.