Kolpe latza hartu zuen Ekuadorrek aurreneko jardunaldian. Suitzak azkeneko jokaldian kendu zion puntua, emaitza zeharo irauliz. Munduko Kopa lehiaketa motza da, eta azkar etortzen da hurrengo partida. Ezin da galdutakoari begira egon. Datorrenari heldu, eta aurrera. Horixe egin du Ekuadorrek. Hondurasen aurka hiru puntuak batuz, lehengo zauria itxi du, eta gainera, bigarren jarri da sailkapenean.
Partida irekia izan da. Biak galtzaile izanik aurreneko partidan, garaipena behar zuten. Golaren bila atera dira. Aukera izan duten bakoitzeko aurkariaren area eta atea begiz jota ibili dira. Lehen egunean, talde makalak eta geldoak direla eman zuten aditzera, baina gaurkoa beste zerbait izan da. Ahalik eta bizien jokatu dute.
Bizitasun horretan, jakina, oso-oso ona izan behar da ondo moldatzeko. Arrisku galanta, bestela, erasoko jokoari etekinik ez ateratzeko. Ekuador eta Honduras ez dira punta-puntako selekzioak, eta antzeman da hori, jakina. Bizitasunari etekina ateratzeko arazoak izan dituzte, baina behintzat, zintzoak izan dira: saiatu dira hain beharrezkoak zituzten hiru puntuen bila. Gabeziak gabezi.
Irekia izan denez bien arteko lehia, halakoetan gertatzen dena gertatu da: gehien asmatzen duena garaile. Eta horretan ezinbestekoa izaten da jokalari hobeak izatea teknikaren alorrean. Ekuadorrek jokalari hobeak ditu, eta gaur, bat nabarmendu da beste batzuen artean: Ener Valencia aurrelaria. Pachuca taldeko jokalaria (Mexiko) izan da bere taldeko golegilea. Zeregin horretan, ordea, Hondurasko Costly aurrelariak aurrea hartu dio, berea izan baita lehen gola 31. minutuan. Valenciak hiru minutu geroago berdindu du. Garaipena lotzeko gola bigarren zatian egin du, 65. minutuan. Eta hirugarrena ere sartu du, partidaren amaiera aldera, baina epaileak baliorik gabe utzia zuen jokaldia aurretik.
Emaitza honekin eta Suitzak hartu duen astinduarekin Frantziaren aurka, Ekuador bigarrena da orain. Frantziari egin beharko dio aurrea azkeneko partidan. Ez du erraza izango, baina lehen egunean baino askoz hobeto dago orain. Zauria itxi du behintzat.