Gola nahi gabe sartuta ere, azkenean bai. Azkenean lortu du Realak horrenbeste desiratutako garaipena. Arnasa lasaixeago hartzeko balioko dion garaipena, alegia. Txuri-urdinek urrun izan dute distira. Egiari zor, eta sendo samar jokatu arren, Eibar baino gehiago ez dira izan inondik ere. Ordea, golek agintzen dute futbolean. Nork bestela. Eta Xabi Prietok bigarren zatian erdi kasualitatez sarturiko golak urrearen balioa izan du David Moyesen taldearentzat. Hala, beheko zulotik urrunxeago dago orain Reala, 22 punturekin. Bost gehiago ditu, berriz, Eibarrek.
Partida hasteko garaian ederki igarri ahal izan da bi taldeak txanponaren alde banatan zirela. Realak gose gehiago erakutsi du; bihotza burua baino gehiago, alegia. Eibarrek, bere aldetik, lasai jokatu du. Sasoi osoan etxetik kanpo erakutsi duen jarrerarekin. Bizitasuna baliatuta, txuri-urdinak erasorako grinez zelairatu dira, eta lehen hogei minutuetan izan dute golen bat edo beste egiteko aukerarik. 13. minutuan, besteak beste, goletik gertu egon da Vela. Baita Agirretxe ere geroago. Hori bai, Iruretak ez du estutasun larririk igaro. Eibar sendo aritu da defentsa lanean, eta kontrolpean izan du lehia. Baloia jokatzerako garaian, dena den, ez dira fin aritu. Batez ere, orain arte gehienetan jokatu izan duten defentsako bi jokalariak falta izan dituelako: Raul Navas eta Albentosa.
Minutuak aurrera joan ahala, gora etorri dira eibartarrak, eta konfiantza lagun, lehenik Capak eta ondoren Saul Berjonek aukera bana izan dute gola egiteko. Partidako minuturik txarrenak izan dira horiek Realarentzat. Nola Pardo hala Granero lekua galduta geratu dira, eta etxekoek zelai erdian utzitako hutsunea ederki baliatu du Gaizka Garitanorek taldeak. Sakontasunez eta abiadura bizian aritu dira azken metroetan, eta 42. minutuan izan du Arruabarrenak Eibarren aukerarik onena. Ustekabean, bakar-bakarrik geratu da Rulliren ate aurrean. Mantso erreakzionatu du aurrelariak, eta argentinar atezaina baloiaren jabe egin da.
Bigarrenean Reala nagusi
Ederki damutu izango zaio tolosarrari aukera galdu izana, lehen zatiari bezala, bigarrenari ere bizi eta gogotsu ekin baitio Realak. Lehenbizi, Agirretxek buruz kanpora bidali du baloi on bat. Ondoren Prietok antzu jokatu du Iruretaren ate aurrean. Eta, hirugarren aukeran, ez du barkatu Prietok berak. Pardok kornerra erdiratu, eta donostiarrak baloia loratu nahian, sareetara bidali du baloia, 53. minutuan. Nahigabe, bai, baina golak balio handia izan du Realarentzat. Gerora ongi eutsi dio emaitzari etxeko taldeak, eta Eibarrek ez du gaitasunik izan berdinketa lortzeko. Bigarren itzulia era ezberdinean hasi dute bi taldeek.