Hiru puntuen premia larria

Urriaren 10etik etxean irabazi gabe dago Osasuna, eta Espanyol bikain ari den arren, irabazi egin behar du

2007ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Hasi dira derrigor irabazi beharreko partidak. Ligaren herena besterik ez da jokatu oraindik, baina jaisteko postuetatik nahi bezainbeste urrundu ezinda dabiltzan taldeentzat hasi dira finalak. Osasunak ez zuen gaizki hasi denboraldia, baina azken lau partidetan lau aurkari zuzenen kontra garaipen bat eta berdinketa bat besterik ez ditu lortu Zigandaren taldeak, eta talde apalagoen kontra lortu ez dutena talde indartsuagoen kontra lortu nahi dute gorritxoek orain -etxeko azken bi lehietan Valladoliden aurka 2-2 berdindu zuten, eta Getaferen aurka 0-2 galdu zuten-. Gaur Espanyolen bisita izango dute. Valverderen taldea bikain hasi da, eta Ligan oilarren artean sartuta dabil. Baina Zigandak argi dauka: «Nola edo hala, Espanyoli irabazi beharra daukagu».

«Espanyol adorez gainezka iritsiko da, eta gu ez gaude unerik gozoenean. Ez gaude denok nahiko genukeen egoeran, baina egoera honekin bizitzen jakin behar dugu. Oso irregularrak izan gara sasoi hasieran, baina, zorionez, une onak ere izan ditugu; ea Espanyolen aurka tarteka erakutsitako futbol on hori errepikatzen dugun», esan zuen atzo Zigandak. Datu kezkagarri bat ere gogoratu zuen: «Kanpoko azken hamabost partidetan gola sartu du Espanyolek, eta hori talde handiek ere ez dute egiten. Espanyolek eroso jokatzen du etxetik at, partida txar bat egin arren baliabide ikaragarriak baititu».

Derrigor irabazi beharreko partida dela esan dute Osasunako jokalari gehienek. Euren buruari ezarritako presio horrek kalte egiteko beldurrik ez ote duen ere galdetu zioten atzo Zigandari. Zorionez, Larraintzarkoak ez du arazorik ikusten: «Unerik larrienetan eman du taldeak mailarik onena. Gehiegizko presioa izango denik ez dut uste, ez daukat beldurrik».

Azken hiru partidetan ez bezala, Osasunak bi aurrelari petorekin hasiko du gaurko norgehiagoka, eta lehendabiziko aldiz Dady portugaldarra eta Pandiani uruguaitarra elkarren ondoan ariko dira hasieratik. Pandiani bere talde ohiaren aurka ariko da, eta gola eginez gero ez duela ospatuko aurreratu badu ere, motibazio berezia izango du. Bost aurrelarietatik gol gehien sartu duten biak jarriko ditu Zigandak: Dadyk lau gol sartu ditu, eta Pandianik bi.



NEKUNAM ETA MILOSEVIC, TAXOAREN. Sasoi hasiera honetan Zigandak bere aginduetara gustura izango lituzkeen bi jokalari Taxoaren izan ziren atzo bisitan: Javad Nekunam irandarra eta Savo Milosevic serbiarra. Iragan sasoian jokalari garrantzitsuak izan ziren gorritxoentzat, baina egun ez daude taldean. Milosevici ez zioten kontratua luzatu, eta Nekunam fitxarik gabe utzi zuten, denboraldi-aurreko lesio larriaren ostean. Irandarra irribarretsu azaldu zen atzo. Abuztutik, min hartu zuenetik, gogor lan egin du belauna osatzeko, eta jada lehen emaitzak nabaritzen hasi da. Baina martxo arte jokatzerik ez du izango: «Gabonak bitartean Alemanian egongo naiz, gero Iranen bizpahiru astez, eta otsailaren amaieran edo martxo hasieran jokatzeko prest egotea espero dut». Fitxarik gabe utzi eta zenbakia beste jokalari bati eman ziotenean triste jarri zela ere esan zuen Nekunamek, baina lesio larria izanik normala ere bazela onartu zuen.

Ekainean amaituko zaio kontratua, baina negoziazioen inguruan ez zuen gauza handirik argitu: «2011 arte jarraitzeko eskaintza egin dit Osasunak, baina hizketan ari gara oraindik. Urtarrilean berriro fitxa egingo didatela esan didate, eta une honetan Osasuna soilik daukat buruan. Une zail hauetan jasotako babesa eta maitasuna ere aintzat hartuko ditut, baina besterik ezin dut esan».

Milosevicek, aldiz, talderen batek eskaintza on bat egin bitartean entrenatzen jarraituko duela esan zuen. Aurrelaria AEBetako Ligan jokatzeko zorian egon da, baina azkenean atzera egin du. «Hiru hilabetez atseden hartu ostean, lehiaketaren zirrara hori falta nuen, eta berriro entrenatzen hasi nintzen. Zorionez, eskaintza batzuk baditut, eta bai, beste urtebete edo urte eta erdi jokatzen jarraitu nahiko nuke».

Osasunaren egoera ere aztertu zuen Milosevicek: «Gertutik jarraitzen ari naiz taldearen ibilbidea, eta ondo hasi ostean txakalaldi hau izatea ez nuen espero. Halere, aldaketa asko izan da, eta normala da jokalari berri guztiak hasieratik ondo ez egokitzea. Pazientzia izan behar da, baina seguru nago azkenean taldeak bere maila emango duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.