Donostiako Altza auzoko frontoian jokatu ziren asteburuan BERRIA Txapelketako bigarren faseko lehen kanporaketak. Larunbatean, Aurrera Leitzakoa sailkatu zen hirugarrenerako, estu eta larri. Igandean, Zazpi Iturri Amezketakoak aurtengo txapelketa irabazteko hautagaien artean dagoela erakutsi zuen. Altzako frontoian irrist ez egiteko produktua eman dute, eta erabat laztu da zorua. Pilotak berehala gastatzen dira, eta horrek ikuskizunari ez zion batere mesederik egin.
BELATE (Iruñea)54
AURRERA (Leitza) 55
KADETEAK: Ezkurdia -- Lukin10
Jaunarena -- Iraola22
GAZTEAK: Galartza -- Bergera22
Sagastibeltza -- Nubla18
NAGUSIAK: Armendariz -- Agirre22
Lansalot -- Iriarte15
Gogorra espero zen Nafarroako bi taldeen arteko norgehiagoka, eta gogorra irten zen. Kadeteetan Nafarroako bikoterik indartsuenetakoak aritu ziren elkarren kontra. Lanerdiak arte izan zuen oreka, baina handik aurrera Jon Jaunarena nabarmendu zen. Jaun eta jabe izan zen Leitzako aurrelaria. Bizi atera zitzaion pilota bi eskuetatik, eta tantoak bukatzen ere ederki asmatu zuen. Asegarce enpresako zuzendari teknikoa Altzako frontoian izan zen.
Gazteen partidan Belatekoak ziren irabazteko hautagai nagusiak. Aurretik jokatutako partidan bezala, gogor egin behar izan zuten lan kontrarioak atzera uzteko. Asier Galartzak asmatu zuen ongi, eta 18-11 jarri ziren Belatekoak aurretik. Tantoen aldea erabakigarria da BERRIA txapelketan, eta ahalik eta gehien egiten saiatu ziren Aurrerakoak. Erruz egin zuten lan, eta 18ra iristea lortu.
Zortzi tantoko aldearekin hasi zuten azken partida erabakigarria Leitzakoek. Aldeak ez zuen asko iraun. Belateko bikoteak bikain ekin zion norgehiagokari, eta Xuban Armendarizen jardunari esker, aurrea hartu zuten nabarmen (15-3). Une horretan sartu zen partidan Leitzako bikotea, eta aurreraka hasi pixkanaka (20-13). Bi tantoren baitan zegoen kanporaketa, baina leitzarrek egin zituzten behar zituzten 15ak, Belatekoek 22 egin arren. Tanto bakarreko aldeaz, Aurrera aurrera.
ZAZPI ITURRI (Amezketa) 66
MALLABIA 34
KADETEAK:Sukia -- Arzelus22
Arrieta-- Aretxabaleta 14
GAZTEAK: Iraola -- Leunda22
Olalde -- Garitagoitia12
NAGUSIAK: Elurbe -- Garmendia22
Garcia -- Aldape8
Ez zen ezustekorik izan jardunaldiko bigarren kanporaketan. Zazpi Iturrik talde indartsua du aurten ere, eta aparteko estutasunik gabe hartu zuen mendean Mallabia. Jaialdiko partidarik politena kadeteena izan zen. Gipuzkoako txapeldunak dira Amezketakoak, baina Iraitz Arrieta Mallabikoaren lanak estutu zituen norgehiagokaren hasieran. Behin kontrarioak endotu zirenean, errazago egin zuten aurrera, eta zortzi tantoko aldeaz irabazi. Partidako onena Beñat Arzelus izan zen.
Gazteen partidan kale egin zuten denek. Partida orekatua espero zen, baina lau pilotariak aritu ziren euren mailaz azpitik. Zazpi Iturrikoak moldatu ziren hobeto, eta horri esker atera zuten partida aurrera. Inor nabarmentzekotan Jokin Leunda nabarmendu behar.
Nagusien partidari ekin aurretik, Amezketakoek bazekiten lau tanto nahikoak zituztela txapelketako hirugarren fasean aritu ahal izateko. 3-0 hasi ziren aurretik, baina Koxme Elurbek orkatila bihurritu zuen hurrena, eta zalantzaren bat edo beste sortu zen frontoian. Unai Garmendia bikote- kideak bideratu zuen, ordea, partida, eta Mallabikoen opariak ederki baliatu. Berak bakarrik atera zuen aurrera partida.
Hirugarren faseko lehenengo biak
Aurrera Leitzakoa eta Zazpi Iturri Amezketakoa ariko dira BERRIA txapelketako hurrengo saioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu